Garunaren abisuei entzunez

Garunaren abisuei entzunez

Unai Zubeldia

Pauso erraldoiak ematen ari da zientzia, eta duela hamar bat urte aurrerapen handiak ematen hasi ziren neurozientziaren alorrean ere. “Zeudenik ere ez genekien gauza askoren azalpenak ematen hasi ziren orduan”. Sergio Sukunza Donostiako Osasun Sport Clinic zentroko arduradunak zehaztu duenez, gaur egun, oraindik, garunaren funtzionamenduari buruz %20 besterik ez dakite zientzialariek. “Baina dakigun gutxi horrek argi utzi du neurozientzia ezinbesteko alorra bihurtu dela gaixotasun eta lesio askoren oinarrian zer dagoen jakiteko”.

Zientzia eta kirol arloa uztartuta, Sukunza duela hamar bat urte hasi zen gorpuzten Osasun Sport Clinicen proiektua, entrenatzaile pertsonal gisa lan egin nahi zuela erabaki zuenean. “Kirolariekin errehabilitazio lana egitea zen nire pasioa, haien errendimendua eta bizi kalitatea hobetzen laguntzea”. Eta fruituak jaso aurretik haziak ereitea komeni zela pentsatu zuen berehala. “Youtuben bideo bat jartzea bururatu zitzaidan, bizkarreko mina zeukatenentzat ariketa batzuk proposatuz; disko hernia zeukatenei bideratuta zegoen”. Sare sozialen leherketa betean, berehala zabaldu zen bideoa. “Eta jende asko hasi zitzaidan idazten eta eskerrak ematen”.

Gero eta eskaera gehiago jasotzen ari zen Sukunza. “Eta taldetxo bat sortzea erabaki nuen”. Bizkarrezurreko lesioen errehabilitazioan espezializatu ziren. “Eta, beharrak eraginda, inbertsio handi bat egitea erabaki nuen duela urte eta erdi”. Ia 400 metro koadroko egoitza erosi zuen Zuatzu Industria Parkean. “Eta hamabi laguneko taldea osatu nuen: berregokitzaile fisikoak, fisioterapeutak, nutrizionista bat, harrerako langileak…”. Bestela ezin eta, neurozientziaren alorra txertatu zuten euren egunerokoan. “Burmuinak nola funtzionatzen duen ikusten dugu guk, minaren mekanismoei erantzun egokia emateko. Mekanismo horiek, askotan, zerikusia izaten dute burmuineko aldaketekin, eta hortik sortzen dira pertsona askoren min kronikoak”.

Lesio edo ebakuntza baten ondoren, sarritan, minez jarraitzen dute paziente askok. “Azken batean, alarma moduko bat da mina, zerbait ez dagoela ondo abisu ematen diguna. Baina oinazea justifikatzen duen min fisikoren bat aurkitu nahian jarraitzen dute askok, eta bide hori ez da zuzena nire ustez”. Izan ere, Sukunzak gaineratu duenez, neurozientziarekin jakin dute askotan mina ez dela izaten arazo fisiko baten eragina, “baizik eta burmuineko hainbat aldaketaren ondorio zuzena. Aldaketa horiek pazienteari ondo azaldu eta horien arabera jokatu ezean, minak hor jarraituko du”.

Osasun Sport Cliniceko arduradunak adibide bat jarri du neurozientziaren oinarria ulertzeko: “Meniskoa hautsi duen pertsona batek, adibidez, min handia edukiko du hasieran, inguru hori puztuta daukalako; ebakuntza egingo diote artroskopia bidez, baina belauneko minez jarraituko du, agian”. Prestatzailearen hitzetan, neurozientziaren bidez jakin ahal izango lukete gorputzaren okerreko mugimenduen ondorioz pertsona horri zerk eragiten dion belauneko mina. “Meniskoa hautsi izanarekin zerikusia dauka belauneko minak, bai, baina min hori ez da denboran luzatu meniskoa hautsi delako; hori ondorioa da, eta ez abiapuntua”.

Mundu osotik bisitan

Abiapuntu horretara iristen saiatzen dira meniskoa zergatik hautsi den eta minak denboran zergatik irauten duen jakiteko. “Neurozientziarekin, jada ez dugu tratatuko ondorioa, arazoaren muina edo abiapuntua baizik, eta arazoaren abiapuntua tratatzean, orduan bai, orduan konponduko dugu min kronikoa; errehabilitazio lana fintzen laguntzen du neurozientziak, tratamendu egokiena zein den zehazten”.

“Mundu osora” zabaldu da, hamar urte eskasean, Youtubeko bideo txiki batekin hasi zen bidea. “Europako hainbat herrialdetatik, Mexikotik, Txiletik, AEBetatik… leku askotatik etorri da jendea gure zentrora, eta, egia esan, ez dakit mugak non dauden”. Paziente bakoitzari arreta pertsonala ematea da Osasun Sport Clinicen sekretua. “Adibidez, sei astez behin Sevillara joaten naiz Sergio Canales Betiseko jokalariariarekin lan egitera, lesioaren ondorengo erantzuna bakarrik ez, prebentzio lana ere egiten dugulako”. Realean zegoenean ezagutu zuten elkar. Willian Jose, Gero Rulli, Raul Navas, Diego Llorente, Julen Aginagalde eta goi mailako beste kirolari askorekin ere ari da lanean Sukunza. “Baina herritar guztientzat zabalik daude gure zentroko ateak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.