Iñigo Arregi: “Balioak lantzeko erreminta izan behar du futbolak”

Iñigo Arregi: “Balioak lantzeko erreminta izan behar du futbolak”

Aitziber Arzallus

2019a urte berezia izango da Azpeitiko Lagun Onak futbol taldearen bueltan ibiltzen diren guztientzat, eta, nola ez, baita Iñigo Arregi klubeko presidentearentzat ere (Azpeitia, 1967). Taldeak 75 urte beteko ditu aurten, eta merezi duen bezala ospatzeko asmoa dute. Urte guztirako egitaraua prestatzen ari dira, era guztietako ekitaldiekin. Futbol zelaitik herrira zabaldu nahi dituzte ospakizunak, eta, ospakizun horien aitzakian, ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dute. “Futbola, gure pasioa izateaz gain, besteengana hurbiltzeko bitarteko aproposa ere bada, eta, aurten, futbola eta urteurreneko ospakizunak baliatu nahi ditugu herritarrengana eta herriko gainerako elkarteetara gerturatzeko”.

Futbola bihotzean, balioak zelaian leloa aukeratu duzue urteurrena ospatzeko. Zergatik?

Lelo bat aukeratu beharra geneukan, eta iruditu zitzaigun lelo horrek oso ondo adierazten duela gure filosofia: futbola daramagu bihotzean, guretzat dena baita futbola, baina uste dugu balioak lantzeko erreminta ere izan behar duela futbolak; gaztetxoekin ari garenean, batez ere.

Zeintzuk dira balio horiek?

Futbol eskolan, 9 urteko neska-mutilekin hasten gara lanean. Beraz, haien heziketaren arduraren parte bat daukagu. Saiatzen gara irakasten garrantzitsua dela ahalegintzea, lehiatzea eta borrokatzea, baina badirela horiek baino gauza garrantzitsuagoak ere; adibidez, kirola egitea bera, taldean aritzea, gainontzekoak errespetatzea eta ondo pasatzea. Adin horietako gaztetxoek irabazten eta galtzen ikasi behar dute, eta emaitza ez dela inporta duen bakarra, hori ere ikasi behar dute. Gure helburua izaten da, irabazi edo galdu, denak ondo pasatu izanaren sentipenarekin joatea etxera. Horrek ez du esan nahi zelaira lehiatzera eta irabaztera ateratzen ez garenik.

Gurasoek ere landu beharko al lituzkete gaztetxoekin lantzen dituzuen balio horiek?

Batzuei ondo etorriko litzaiekeela uste dut.

Zergatik diozu hori?

Guk futbolean jokatzen genuen garaian, gurasoak azaldu ere ez ziren egiten zelaira. Eta, orain, bai entrenamendu eta bai partida, gainean dituzte denbora guztian. Uste dut askatasun eta konfiantza pixka bat gehiago eman behar zaiela gaztetxoei, askoz erosoago ibiltzen direlako. Eta zelaian bakarrik ez, etxean ere bai, entrenamendurako motxila egiteko garaian, adibidez. Haiei utzi behar zaie motxila egiten: kapaz izan behar dute behar dituztenak hartzeko, euren materiala zaintzeko eta bueltan gauza guztiak ekartzeko.

Askorako ematen dute 75 urtek, eta estualdiak ere pasatu izan ditu klubak. Gaur egun, zer moduz dago osasunez?

Oso sendo dago. Denoi eragin zigun krisiak, eta baita klubari ere. Baina oso lan ona egin zuen aurreko zuzendaritza taldeak, eta zailtasunik handienak gaindituta zeuzkan guk hartu genuenerako. Hamazazpi talde dauzkagu federatuta —horietatik lau, neskenak— eta 311 jokalari dauzkagu guztira. Oinarriak ere onak ditugu, 165 gaztetxo baitabiltza futbol eskolan. Horiez gain, bederatzi entrenatzaile, teknikari eta laguntzaile ditugu; zazpi kide gaude zuzendaritzan; eta beste dozena bat lagun ibiltzen dira laguntzen. Boluntarioak gara denok; bat izan ezik, gainerakoak musu truk aritzen gara lanean. Pertsona bakarra dugu kontratupean: klubaren kudeaketaz arduratzen dena.

Ospakizunetarako azalpenak emateko egin zenuten agerraldian aipatu zenuen emakumeen taldea indartzea dela erronketako bat.

Guk taldearen zuzendaritza hartu genuenean, ordurako bazegoen emakumeen taldea. Egia da, ordea, emakumeen taldeak osatzeko arazo handiagoak izaten ditugula gizonenak osatzeko baino, emakume gutxiago animatzen delako futbolean aritzera. Gaur egun osatuta daukagu gaztetxoetatik lehen taldera arteko eskailera hori, eta egitura hori indartzea eta sendotzea da gure helburua, etorkizunean ere nesken talde indartsu bat izango dugula bermatzeko.

Mutilen lehen taldean ahalik eta azpeitiar gehien egotea, hori ere zehaztu duzue erronka gisa. Gutxi daude, ala?

Exijentzia handikoa da Hirugarren Maila, eta ez da erraza azpeitiarrekin bakarrik osatutako talde batekin lehiatzea. Duela urte batzuk, Aitor Zulaika entrenatzaile zela, lehen postuan bukatu zuten liga; Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketak jokatu zituzten, eta ia igo ere egin ziren. Orduan, azpeitiarrak ziren taldekide guztiak. Zoragarria litzateke berriz egoera hartan egotea, baina ez da erraza. Beheko mailetako taldeetan, salbuespenenak salbuespen, azpeitiarrak dira den-denak, eta burutik pasatu ere ez zaigu egiten kanpokoak ekartzea. Hirugarren Mailari eusteko, ordea, behar ditugu momentu honetan, nahiz eta ahalik eta gehienak azpeitiarrak izatea den gure helburua.

75. urteurrena dela eta, udalak Lagun Onak-i eskaini zion San Sebastianeko karroza, eta iragan igandeko Zuhaitz Egunean ere parte hartu zenuten. Zer ekitaldi gehiago egingo dituzue?

Gauza asko dauzkagu buruan, eta pixkanaka-pixkanaka ari gara lotzen, baina oraindik ezin ditugu aurreratu data zehatzak. Ospakizunetan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da gure asmoa, bai herriko beste kirol elkarteetakoek eta baita norbanakoek ere. Izango dira futbolari lotutako ekitaldiak, baina baita bestelakoak ere. Adibidez, futbolaren hainbat ertz jorratzeko hitzaldiak antolatuko ditugu. Hil honen bukaeran izango da lehenengoa, elikadurak futbolerako duen garrantziaren ingurukoa.

Zer gehiago daukazue lotuta?

Maiatzean, Jokoz kanpo antzezlana ekarriko dugu herrira, eta argazki erakusketa bat ere ari gara prestatzen; baita haur eta gaztetxoentzako ipuin bat eta klubaren historia jasoko duen liburu bat ere. Ereserkia berritzen ere ari gara: hitzak eginda daude, eta Unai Frantzesena musika sortzen ari da. Grabaketa herritarrekin egiteko asmoa dugu; polita izango da. Eta, noski, futbola ere izango dugu: uztailean, Garmendipen jokatuko du Realaren lehen taldeak; jokalari ohien partida bat ere antolatu nahi dugu; eta nesken Euskal Kopako finala hemen jokatzeko negoziazioetan gabiltza.

Leave a Reply

Your email address will not be published.