“Txirrindularitza bizitzeko modu bat izan da; asko zor diot”

“Txirrindularitza bizitzeko modu bat izan da; asko zor diot”

Josu Artutxa Dorronsoro

Gurasoei orain taldekide dituenei bezainbeste edo gehiago zor diela uste duten horietakoa da Ainhoa Artolazabal Royo (Tolosa, 1972). Kirolzale amorratua da, zazpi urtez goi mailan aritutakoa, eta gutxik bizi izandako amets baten jabea. Burugogorra bezain atsegina; alaia bezain lehiakorra. Bizipenei heldu die emaitzei baino gehiago. Gazte garaian galdutako parrandak sumatzen ditu faltan, baina bizi izandakoa baloratzen ikasi du. Bizikleta erabat maite du tolosarrak, eta bi haur ditu.

Txirrindulari ohia zara, baina txirrindularitzari lotuta jarraitzen duzu oraindik ere, ezta?

Bai, eta hala jarraituko dut ahal dudan arte. Gipuzkoa Ogi Berri taldean ari naiz orain, zuzendari lanetan; 15 urtetik gorako emakumeen talde bat da. Urte batzuetan txirrindularitzatik kanpo ibili ondoren, kargua eskaini zidaten, eta gure alde lan handia egin zutenekin zorretan nengoela sentitu nuen. Horregatik onartu nuen.

Noiz hasi zinen pedalei eragiten? Zein da bizikletarekin duzun lehen oroitzapena?

Gogoan daukat haurra nintzela, auzoan, jolasteko erreminta zela bizikleta; asko erabiltzen genuen. Etxean, aitak barneratu zidan kirol horretarako grina; Euskal Herriko Itzuliko eta Frantziako Tourreko etapak ikustera joaten ginen harekin. 15 urterekin-edo neureganatu nuen lehiaketarako grina. Iraupen eskian aritzen nintzen orduan. Martxoan amaitzen zen denboraldia, eta, beraz, irailera arte ez nuen izaten entrenamendurik. Tarte horretan geldirik egon beharrean, zerbait egitea komeni zela esan zidan entrenatzaileak, eta txirrindularitza egokia izan zitekeela. “Zergatik ez?”, pentsatu nuen. Lehian probatu gabea nintzen, eta Tolosan, Oriako Txirrindulari Eskolan, bazen aukera horretarako. Han aritzen ziren nire bi ahizpak. Helburua ez zen lehiatzea, eski denboraldirako ahalik eta sasoirik onenean egotea baizik.

Beraz, beste kirol batetik sortutako aukera izan zen?

Bai. Santi Lekuona entrenatzaileak bultzatuta hasi nintzen txirrindularitzan lehiaketa zer zen ezagutzen. Aitari, ordea, burutik pasatu ere ez zitzaion egiten lehiaketako bizikleta bat erostea. Bizikleta zaharrekin ibiltzen ginen gu, Andazarratetik barrena kostaldera ibilaldiak eginez. Hortaz, bizikletan ibiltzen nintzen, bai; baina niretzat ez zen kontu oso serioa. Kirol ugari egin izan dut haur garaitik, ipurtarina izan naiz betidanik, eta izaera horri esker sortu zitzaidan aukera. Bi urtez uztartu nituen eskia eta bizikleta, atsedenik gabe. Orduan jabetu nintzen bizikletak erabat betetzen ninduela, eta eskia uztea erabaki nuen.

Zu zara ahizpetan gazteena?

Erdikoa naiz ni. Nekane zaharragoa da, eta Josune, gazteagoa.

Eurek ere izango zuten eragina, agian?

Eurak lehian ikustera joaten nintzen ni, eta animatuko ote nintzen galdetu zidan behin aitak. Erantzun nion ez nuela gustuko , baina denborarekin ohartu naiz asko eman didala txirrindularitzak.

Lehiatzen berandu hasi zinela azaldu duzu, baina 17 urterekin hartu zenuen parte Munduko Txapelketan. Garaizegi, agian?

Aitortu beharra daukat berehala lortu nuela maila ona eta azkar eman nuela jauzia. Urte batetik bestera iritsi nintzen Espainiako selekziora. Berria zen dena, baina aprobetxatu beharreko aukera eder bat neukan aurrez aurre.

Motza baina bizi-bizia izan zen 90eko hamarkadaren hasiera zuretzat, ezta?

Helburu bat jarri zidaten 19 urte besterik ez nuenean: 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak. Talde txiki bat osatu, eta Madrilen elkartu ginen, prestaketa lanetarako. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduari ekin berritan nengoen, eta orduan, aitari ez, akaso amari eman nion lehen nahigabea. Ikasketak eten ez, utzi egingo nituela esan nion, Olinpiar Jokoetara joango zen taldean sartzeko aukera nuelako. Ama ezkor jarri zen hasieran, eta aitak eman zidan bultzada txiki bat. Horrelako aukerak bizitzan ez direla maiz sortzen eta etorri bezala hartu behar direla esan zidan aitak. Jokoak pasatuta berriro ikasketei helduko niela baieztatu nion amari, lasaitu asmoz.

Nolakoa izan zen prestaketa?

1991n, hainbat txirrindularik kontzentrazioa egin genuen Madrilen. Gainera, nazioarteko egutegi osoan lehiatu ginen bi urtez. Hilero, Europako lasterketetan igarotzen genituen bi aste. Tarteka, astebeteko baimena ematen ziguten etxera itzultzeko, baina nik oso gustuko nuen etxetik kanpo toki batetik bestera ibiltzea. Lagun talde moduko bat geneukan. Urteetan atzera itzultzeko aukera banu, berriro une horiek bizitzea gustatuko litzaidake.

Entrenamenduak, ordea, oso gogorrak ziren, 365 egunez egunean lau saio egiten genituelako. Entrenatzaile errusiar bat geneukan. Helburu bakarra zuen hark: Bartzelonara ahalik eta sasoirik onenean iristea. Oso gogorra izan zen. Gosaldu aurretik hasten ginen, ordu erdiz bizikleta estatikoan. Goizero, jokoetarako zenbat egun falta ziren gogorarazten zigun entrenatzaileak. Gosaldu ondoren, bizikletan ibiltzera joaten ginen, lau orduz. Bazkaldu ostean, berriz, derrigorrezkoa zen siesta. Gure artean, baina, ez zen izaten siestarik, eta festak antolatzen genituen. Arratsaldean, bizikletan, gimnasioan edo igerilekuan aritzea tokatzen zitzaigun, eta, azkenik, afalostean izaten genuen laugarren saioa. Igerilekua zeukan hotela aurkitzeaz arduratzen zen entrenatzailea, ordu erdiko saioak egin ahal izateko.

Oroitzapen onak dauzkat, niretzat ez zelako izan oso neketsua. Beste bost taldekideak zaharragoak ziren , eta jokoetara hiru joango zirenez, uste nuen ez nuela aukerarik izango. Baina urduri ez jartzeak eta lasaitasunak emaitza onak lortzen lagundu zidaten.

1992an, Espainiako txapeldun izan zinen, 20 urte besterik ez zenuela.

Bai, baina bitxia izan zen. Maila onean ari nintzela, Portugalgo Itzulira joan nintzen ekainean. Lider nengoen puntukako sailkapenean, baina erori, eta pelbisa hautsi nuen etapa batean. Jota geratu nintzen. Bi urteko lana pikutara zihoala pentsatu nuen, bi hilabete baino gutxiago nituelako osatzeko. Ahalegina egin nuen, ahal nuen moduan entrenatzen jarraituz. Saio ugari egin nuen igerilekuan, gerrian flotagailua jarrita, eta gimnasioan. Hil ala bizi aritu nintzen uztailean, Espainiako Txapelketan, irabazi ezean ez nuelako aukerarik Bartzelonan aritzeko. Oso urduri nengoen, eta sentsazioak txarrak izan ziren. Baina, zorte apur batekin, helmugara bakarrik iristea lortu nuen. Orduan jakin nuen Bartzelonan izango nintzela. Hasieran, ez nintzen kontziente zer lortu nuen, baina handik 10-15 urtera konturatu nintzen pribilegiatua nintzela.

Hala ere, jokoetan ez zinen gelditu oso gustura, ezta?

34. amaitu nuen. Kathryn Anne Watt australiarra izan zen txapeldun. Konfiantza apur bat falta izan zitzaidan aurrerago ibiltzeko. Fisikoki ez nintzen heldu Portugalera bezain ondo, baina borroka psikologikoan irten nintzen galtzaile. Ikaragarria zen irteerako komunikabide kopurua. Inoiz elkarrizketarik egin ez zidaten kazetariak galdezka neuzkan ordubete lehenago. Etxean ari ginen, eta bertan nuen familia guztia. Oso ondo egin nahi nituen gauzak, baina zapore gazi-gozoarekin amaitu nuen lasterketa.

Ez zenuten aukera handirik eduki jokoez gozatzeko, ezta?

Kontzentratuta mantentzeko eskatu zigun entrenatzaileak. Aparteko toki batean geunden, gainerako kirolariekin batere harremanik gabe. Gainera, hasierako ekitaldiaren biharamunean zen proba, eta ezin izan ginen joan olinpiar estadiora. Horixe zen nire ilusiorik handiena. Gauean, hoteleko gelan egin genuen desfilea Dori Ruano taldekideak eta biok.

1996an, zergatik utzi zenuen txirrindularitza?

Urtebete lehenago, Espainiako Txapelketa irabaztea lortu nuen berriro. Ikasketak amaitzen ari nintzen orduan, eta hobeto bana nezakeen denbora. Esperientzia gehiago nuen, gainera, eta banekien jokoak zer ziren. Ate joka zeuden 1996koak, Atlantakoak, eta aurre-selekzioan sartu ninduten. Maila baxuagoan nenbilen, baina ausarta nintzen, eta 1996ko Espainiako Txapelketan neukan gakoa. Ihes eginda ibili nintzen, baina bost kilometro falta zirela harrapatu ninduten. Postuagatik ez bazen ere, Atlantako zirkuitua niretzat egokia zenez, bertan ikusten nuen neure burua, baina ez nintzela joango baieztatu zidan hautatzaileak.

Zer sentitu zenuen?

Kolpe latza izan zen. Oldarkorra nintzen orduan, eta, bitan pentsatu gabe, betiko bizikletatik jaistea erabaki nuen, lehiaketak uztea. Ikasketak amaitzea lortu nuen, gainera, eta lanpostu bat eskaini zidaten. Hala ere, arantzatxo bat sartuta daukat oraindik. Artean oso gaztea nintzela eta Sydneyko jokoetarako heldutasuna lortzeko denbora banuela esan izan balidate, beste zerbaitetaz hizketan ariko ginatekeen orain. Baina bost urtez goi mailan aritu eta hainbeste gauza galdu ondoren, “zertarako jarraitu?” galdetu nion neure buruari. Jada bizi izan nituen bizikleta gainean bizi beharreko guztiak.

Zein oroitzapen dauzkazu garai haiek gogora ekarrita?

Orduan ez zegoen sakelakorik, eta deskonektatuta bizi ginen. Hilean behin ikusten nituen gurasoak. Garai onak eta txarrak igaro nituen, baina eskerrak taldekideen artean giro ona geneukan; ikaragarri laguntzen genion elkarri. Nolabaiteko heldutasuna eman zidan etxekoengandik urrun egoteak. Mundua ezagutu dut bizikletari esker. Baina hortik ezin nintzela bizi ikusi nuen, eta antolatzen hasi beharra neukala jabetu nintzen.

1999an eta 2000n, Euskal Herriko eta Espainiako selekzioen hautatzailea izan zinen. Nolako esperientzia izan zen?

27 urte besterik ez, eta hautatzaile! Gaztea nintzen, eta nirekin lasterketetan aritutakoak zuzentzea egokitu zitzaidan. Erronka modura hartu nuen, ezagutza handia nuen, eta, akaso, guztia ondo antolatzea izan zen zailena. Lehenago ikasitakoa praktikara eramaten ahalegindu nintzen, baina presio handiegia jasaten nuen federaziotik, ezin nuelako osatu nik nahi nuen taldea. Behar ez zen tokian xahutzen nuen energia handia. Horregatik izan zen hain laburra eta ez oso emankorra hautatzaile gisa egindako bidea.

Azken urteotan, talde askotan aritu zara lanean, baita afizionatu mailako txirrindulariak prestatzen ere.

Bizitzeko modu bat izan da niretzat txirrindularitza; asko eman dit, eta, agian, zorretan nago orain. Garai batean, askok gogotik lan egin zuten nire alde, eta taldekideekin berdin jokatu beharra daukadala sentitzen dut orain. Ikastetxe batean ere banabil gorputz hezkuntzako irakasle gisa, oso gustura, baina txirrindulari talde batean prestatzaile lanetan aritzeak betetzen nau gehien. Gorputzak uzten didan bitartean, bizikletari lotuta biziko naiz aurrerantzean ere.

Bi haur ere izan dituzu tarte horretan.

Zorionez, asko laguntzen dit senarrak; ezinezkoa litzateke bestela. Denbora asko kentzen digute haurrek, gurasoen presentzia eskatzen dutelako. Beraz, hori guztia gauzatzeko beharrezkoa nuen euskarri bat. Haurrekin ere joaten naiz bizikletan ibiltzera, eta bere garaian aitak erakutsi zidan guztia irakasten saiatzen naiz. Asko laguntzen dit aitak berak ere. Baina, tira, dagoeneko ahaztu zaie ama biei [barrez].

Zein izan da jaso duzun leziorik handiena?

Pertsona aberatsagoa naiz txirrindularitzari esker. Jende, ohitura eta kultura asko ezagutu ditut, eta harreman asko egin ditut. Gogoan dut, Frantziako proba baten aurretik Kubako txirrindulariek espageti ogitartekoak eta oilasko izterrak sartzen zituztela maillotean; guk, berriz, barratxoekin konformatu behar izaten genuen. Orduan jabetu nintzen zein pribilegiatuak ginen.

Zer eman dizu txirrindularitzak, eta zer kendu?

Kendu? Denbora. Eta festa eta parranda asko ere bai. Baina ez naiz damutzen; erabat bete nau txirrindularitzak.

Bitxikeriaren bat edo beste ere egongo da kontatzeko, ezta?

Gogoan dut mertxikondo eder batzuk zeudela jokoetan kontzentratuta geunden hotelaren alboan. Ni beti izan naiz abenturazalea, eta, desfile egunean, iluntzean, mertxikak hartzera joatea proposatu nion Dori Ruanori. Kanpoan geundela, auto bateko argiak piztu ziren. Guardia Zibila zen. Jokoetako ametsa bukatu zitzaidala pentsatu nuen orduan. Selekzioko txirrindulariak ginela, hurrengo egunean lasterketa genuela, eta buelta bat ematera atera ginela esan genien, eskuetan mertxikak genituela.

Villabonako proba batean, berriz, buruz ikasita neukan ibilbidea. Bakarrik nindoan aurrean, eta ertzainak okerreko bidetik joan ziren Zizurkil gainera iristean. Haiei jarraitu nien, noski, baina banekien ez zela handik; ukuilu batean amaitu genuen. Buelta ematerako, igarota zegoen tropela. Zuzendariak sekulakoak esan zizkidan helmugara iristean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.