Azaleko begiradatik harago

Azaleko begiradatik harago

Unai Zubeldia

Han urrutian, iristea ezinezkoa den leku ezezagun horretan, halako batean bat egiten dute zeru urdinak eta itsaso bareak. Itsasertzetik begira, eguzki epeletan, lasaitasuna sentitzen da gorputzean; baina azaleko kontua besterik ez da hori. Begirada finduta, zabortegi erraldoi bihurtzen ari da itsasoa. “Eta, gaur egun, zabor guztiaren %20 besterik ez dago itsas gainean; itsas hondoan dago zaborraren %80. Eta itsasora iristen den zaborraren %70 ez da zuzenean itsasora botatakoa; zakarrontzira botatzen ez dugunak, lehenago edo geroago, itsasoan amaituko du azkenean”, zehaztu du David Sanchezek, Cimasub Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren zuzendariak.

Itsas zabalaren argi-ilunak kaxa berean sartu, dena nahasi, eta, 11. aldiz, Cimasub Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloa egiten ari dira Lasarte-Orian, Realaren Itsaspeko Jarduera Sailak antolatuta. Astelehenean egin zuten lehenengo saioa, Manuel Lekuona kultur etxean, eta hurrengo bi astelehenetan hemezortzi film labur emango dituzte guztira. 19:00etan hasiko dira bi saioak, eta 20:30ean amaituko dira —ez da sarrerarik ordaindu beharko—. 1975ean ekin zioten zikloari, Donostian, eta itsaspeko errealitatea islatzeko egitasmoa herriz herri zabaltzen ari da pixkanaka. “Lasarte-Orian, esaterako, oso harrera ona egiten digute beti”.

Aurten handitu egin dute, gainera, Lasarte-Oriako eskaintza, film laburrez gain Txikiziklo egitasmoa ere landu zutelako joan den astelehenean. “Umeek itsasoarekiko eta ingurumenarekiko errespetua barneratu dezaten. Gure itsaso eta ozeanoak salbatzea euren esku dagoela ikusarazi nahi diegu txikienei”. Lehen hezkuntzako ia berrehun ikaslek parte hartu zuten asteleheneko saioan; hiru film labur ikusi zituzten, eta Aztiko bi biologorekin solasaldia izan zuten ondoren.

Eta, horrez gain, argazki erakusketa ere ikusgai egongo da hilaren 26ra arte. Argazki, film labur eta dokumental lehiaketa egiten dute urtero Donostiako zikloaren barruan, eta horko 22 argazkirik onenak ikusgai daude Lasarte-Orian. “Berrikuntza gisa, itsas hondoan daukagun zabor kopuru handia salatzen duten lanen sariketa ere sortu dugu aurten”. Sanchezek azaldu du “itsaspeko mundu zoragarria islatzen duten lanak” jaso izan dituztela azken urteotan. “Baina salaketa itxurako bideo, dokumental eta argazkiak ere jaso ditugu azkenaldian, eta horregatik eman dugu pausoa”.

Sentsibilizazio lana

Hondar2050 film laburrak jaso zuen salaketaren sari nagusia. “Eta herritar guztiek ikusi beharko lukete Cesare Maglioniren lan hori; barrua mugitzen du”, adierazi du jaialdiaren zuzendariak. Eskultorea eta margolaria den surflari bati buruzkoa da lana. “Hondartzan aurkitzen dituen plastikoak eta botilak biltzen ditu, eta artelanak egiten ditu material horrekin. Aztikoekin hitz egitera joaten da gero, hainbat datu ematen ditu, eta harridura sortzen du”. Ariketa pertsonaletik abiatuta, film horrek “gauza asko zalantzan jartzeko” aukera ematen duela azaldu du Sanchezek. “Zer eta non erosten dugun, sortzen dugun zaborra nola kudeatu behar dugun, garai bakoitzean zein produktu erosi behar ditugun…”.

“Itsasoan zer dagoen erakustea” da egitasmoaren erronketako bat. “Tokian tokiko espezieak, horien mugimenduak, arrainek defentsarako baliatzen duten kolore aldaketa…”. Baina sentsibilizazio lana ere egin nahiko lukete. “Guztion artean itsasoa zaindu dezagun”. Beste helburu bat ere badauka Sanchezek: “Jendea itsasoarekin maitemintzea, eta, gainerakoei errua bota gabe, gure esku dagoen guztia egitea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.