Galdeketa egin artean zezenketak debekatzeko eskatuko dute bihar

Galdeketa egin artean zezenketak debekatzeko eskatuko dute bihar

Unai Zubeldia

Beste behin ere, hitza betetzeko eskatuko diote Eneko Goia Donostiako alkateari. “Donostiarrok eskubidea daukagu zezenketen inguruan daukagun iritzia emateko eta gai horren inguruan erabakia hartzeko”, defendatu du Ibon Ostolaza Donostia Antitaurina Orain plataformako kideak. “Baina 2017an Espainiako Gobernuak galdeketa egitea debekatu zion Donostiako Udalari, eta, gure ustez, alderdi politikoak, ordutik, ez dira ari euren esku dagoen guztia egiten. Udala eroso dago debeku horren babesean”.

Juan Karlos Izagirre alkate zela (EH Bildu), 2013an eta 2014an ez zen izan zezenketarik Donostian, baina 2015ean, EAJ eta PSE-EEren itunari esker Eneko Goia alkate izendatu zutenean, zezenketak egiten hasi ziren, berriz ere, Illunben. Egoera hori salatzeko, Donostia Antitaurina Orain plataformak 10.000 sinadura baino gehiago bildu zituen 2016ko martxoan, eta Goiak berak galdeketa egingo zutela agindu zuen egun gutxi geroago. Data ere zehaztu zuen: 2017ko otsailaren 19a.

Baina Madrilgo debekua iritsi zen jarraian, eta, udalak helegitea jarri zuen arren, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken erabakiaren zain daude alde guztiak. “Blokeo egoera horren aurrean”, Donostia Antitaurina Orain plataformak eta Eguzki talde ekologistak deituta elkarretaratzea egingo dute bihar, 11:00etan, Donostiako Nautikoko terrazan, Goia, bete zure hitza! Galdeketa orain! lelopean.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak eta EAJko bozeramaileak argitu du 2015ean udalak ez zituela berrezarri zezenketak. “Enpresa pribatu batek antolatzen ditu zezenketak, eta udal instalazio baten alokairua eskatu du enpresa horrek. Alokairua ordainduta, zezenketak antolatzen ditu bertan. Udala ez da zezenketen antolatzailea eta ezta bultzatzailea ere. Legezkoa den ikuskizun bat antolatzeari ekin dio enpresa horrek, eta prezio publikoa eskatu dio udalak”. EAJko bozeramaileak gaineratu du udalak ez duela bideratzen diru publikorik zezenketetarako. “Aldiz, dirua jasotzen du ekipamendua alokatzeagatik. Enpresa pribatuak dirua galduko du zezenketetara jende gutxi joaten bada, eta, beraz, berea da antolatzearen ardura eta arriskua, ez udalarena”.

%71, zezenketen aurka

Eguzki talde ekologistako kidea da Juan Mari Beldarrain, eta eurak, lehenengo, zezen plaza egitearen aurka egon zirela gogoratu du, eta zezenketen aurka daudela Illunbe eraiki zutenetik. “Zoritxarrez, bi urtez bakarrik debekatu zituzten zezenketak, eta 2015etik beste formula batzuk bilatzen hasi ginen donostiar gehienen nahia, pentsamendua edo sentsazioa adierazteko”. Madrilgo debekuak debeku, “eta galdeketa moduan izan gabe ere”, udalak donostiarren nahia neurtzeko tresnak badauzkala uste du Beldarrainek. “Eta pauso hori ematera ausartzen ez badira ere, orain arte ere badauzkate datuak donostiarren nahiaren berri izateko”.

Eguzkiko kideak gogoratu du 2017an hainbat gairi buruzko iritzia jakiteko inkesta bat egin zuela udalak. “Eta donostiarren %71k ez zuten begi onez ikusten Illunbe zezenketak egiteko alokatzea”. 1993. urtera ere joan da Beldarrain datuak mahai gainean jartzeko. “Aurreko mendean, Odon Elorzaren garaian, beste inkesta bat ere egin zuten, eta garai hartan ere %72 zeuden zezenketak egitearen aurka. Udaletxeak egin zituen bi inkesta horiek, ez beste inork”.

Hain zuzen ere, Ostolazaren ustez, donostiarren iritzia islatzeko bi inkesta horiek nahikoa euskarri dira “gutxien-gutxienez galdeketa egin artean zezenketak, behin-behinean, bertan behera uzteko”. Gasteizko adibideari heldu dio Beldarrainek. “Bi urte pasatxo daramatzate han, ez zezenketak debekatuta, baina bai zezenketarik antolatu gabe”.

Insaustik defendatu du, “galdeketen udal araudiari jarraiki”, galdeketa “legearen barruan egiteko eta loteslea izateko” pausoak eman zituela udal gobernuak eta udalbatzak. “Eta epaitegiaren erabakiaren zain dago gaia”. Udalaren jarrera gogor salatu du Ostolazak. “PSE-EEk baldintza gisa jarri dizkio zezenak EAJri; Madrilen debekuarekin, biktima papera hartu du udalak, baina eroso dago hala”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.