Gaurtik, 23 bertsolari ariko dira lehian Gipuzkoako Eskolartekoan

Gaurtik, 23 bertsolari ariko dira lehian Gipuzkoako Eskolartekoan

Unai Zubeldia

Gaur hasiko da, Ibarrako Sendi Ekintza elkartean (20:00), eta apirilaren 5ean amaituko da, Deban, Lasturko plazako tabernan. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak zehaztuta dauka hurrengo bi hilabeteetarako egutegia. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute txapelketa, eta, iaz bezala, bi zati izango ditu aurtengoak ere: bat-batekoa eta idatzizkoa. 14 eta 18 urte arteko gazteek lau kanporaketa eta finala izango dituzte bat-batekoan —23 bertsolari ariko dira lehian, eta iaz baino saio bat gutxiago egingo dute—, eta zortzi saio egingo dituzte idatzizkoan, bailaraka antolatuta.

Ondo dagoena ez aldatzea komeni izaten da gehienetan. “Egiturari dagokionez, aurten ez daukagu berritasun handirik”, zehaztu du Jokin Labaienek, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideak. “Afari giroko saioak izaten dira bat-batekoak. Hala egiten ari gara azken urteotan, eta gazte horientzat formula polita dela uste dugu. Areto itxi batean jendaurrean kantari hasi beharrean, errazagoa izaten da afalosteko goxotasunean aritzea”. Finala iaz eraman zuten lehen aldiz Lasturrera. “Eta oso-oso ondo atera zen dena. Ehun lagun baino gehiago elkartu ziren mahai inguruan, oso giro onean”. Bertsolariak eserita aritzen dira kanporaketa guztietan. “Eta zutik finalean; hori izaten da aldaketa bakarra”. Gaurko Ibarrako saioaz gain, Zestoako Lau Itturri elkartean ariko dira martxoaren 1ean, Orioko Aldapa ellartean martxoaren 15ean, eta Oñatiko Larrain-Gain elkartean martxoaren 22an. Parte hartzaileen artean dira iazko txapelduna (Oihana Arana) eta txapeldunordea (Aner Peritz Manterola Euzkitze).

Idatzizkoari dagokionez, berriz, ondorengoa da egutegia: Lezoko Gezala aretoan ariko dira martxoaren 26an, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean martxoaren 27an, Tolosako Laskorain ikastolan martxoaren 28an, Elgoibarko ikastolan martxoaren 29an, Eskoriatzako Arizmendi ikastolako Almen gunean apirilaren 2an, Azpeitiko Soreasu antzokian apirilaren 3an, Hernaniko Biteri kultur etxean apirilaren 4an, eta Orioko Karela kiroldegian apirilaren 5ean. “Ordubeteko tartea uzten zaie bertsoak egiteko, eta bertaratzen direnei saio didaktiko bat eskaintzen zaie gero”. Sari banaketa bakarra egiten zuten garai batean. “Baina, eskualdez eskualde, egunean bertan banatzen dira sariak orain, eta bailara bakoitzean mugimendua sortzen laguntzen du horrek”.

Harreman sareak sortzen

Gipuzkoan bertsolaritza “oso osasun onean” dagoela azpimarratu du Labaienek. “Azken urte luzeotan, bai hezkuntza arautuan eta bai hortik kanpo, bertso eskolen bidez, asko indartu da bertsolaritza, eta hori nabaritu egiten da gero plazan. Hainbat egitura baliatuta, bertsoarekiko zaletasun handia sortzen ari da gaztetxoen artean”. Eta kantitatearekin bakarrik ez, askotan bertsolari gazteen mailarekin ere harrituta gelditzen direla onartu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideak. “Eskolartekoei edo udalekuei esker, tokian tokiko bertso eskoletatik kanpo ere harreman sareak sortzen ari dira gazte horik, eta nabari da euren espazioak baliatuta zaletasuna areagotzen ari dela”.

Labaienen hitzetan, gazte horientzat bertsolaritza ez da izaten bertsoak osatze hutsa. “Zerbait gehiago da; lagunartea, motibazioa…”. Eta iazko finaleko saioa da horren erakusgarri. “Oso jende gaztea zegoen entzuleen artean, eta hori ez da kasualitatea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.