Iker Eizagirre: “Udalak oso ikuspegi zentralista du; auzoak ez ditu kontuan”

Iker Eizagirre: “Udalak oso ikuspegi zentralista du; auzoak ez ditu kontuan”

Eider Goenaga Lizaso

Hiritik At elkarteko kidea da Iker Eizagirre (Irun, 1988), eta San Migel auzoaren 2025. urterako plangintza diseinatzeko prozesuan buru-belarri aritu da lanean. Irunen hiria oso perspektiba zentralistatik eraikitzen dela azaldu du, eta auzotarrek euren hiriaren diseinuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu du.

Non du jatorria Irungo San Migel auzorako egin duzuen planak?

San Migel auzoan sortu zen Hiritik At elkartea, Lakaxita gaztetxean. Ekonomia mailan autogestioa zabaltzeko zerbait egin behar genuela ikusi genuen, eta hori izan zen sorburua. Gure helburuetako bat da hiria era parte hartzaile batean birdefinitzeko espazioak martxan jartzea. Demokrazia espaziala da oinarria: hiritarrak bizi diren ingurunearen eta hiriaren eraikuntzan parte izatea.

Baina plangintza ez da Hiritik At-ek soilik egina…

Ez, Lakaxitan beti izan dugu oso harreman estua San Migeleko auzo elkartearekin. Gauza asko egin ditugu elkarrekin, eta esaten ziguten beraiek bazituztela auzorako aldarrikapen batzuk, baina ez zituztela ordenatuak, aldarrikapen horiek auzoan sozializatu eta babesa lortzea falta zitzaiela… Guk berehala ikusi genuen prozesu bat martxan jartzeko aukera, prozesu serio eta formalago bat.

Erakundeek eman al dizuete laguntzarik?

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat lortu genuen partaidetza sustatzeko laguntza lerrotik. Baina Irungo Udalarenik, ez. Hain zuzen ere, parte hartze prozesu honek lotura zuzena dauka udalak hiria planifikatzeko daukan moduarekin, auzoei ematen dien garrantzi eskasarekin. Udalak oso ikuspegi zentralista du hiria planifikatzeko orduan, auzoak ez ditu kontuan.

Udazkenean hasi zineten plana diseinatzen.

Bai, irailean hasi ginen prozesuaren diseinua egiten eta eragileekin kontaktuan jartzen. Izan ere, prozesu honetan, guretzat, plangintza bera bezain garrantzitsua zen auzoan saretze lan bat egitea, komunitatea sendotzea…

Lau faseko prozesua izan da; zeintzuk izan dira pausoak?

Lehen fasean, auzoaren diagnosia egin genuen, sei lan ildoren inguruan: hirugarren adina, gazteria, kultur artekotasuna, generoa, hirigintza eta azpiegiturak. Bestalde, auzoko eragileekin bilera txanda bat egin genuen, gure asmoen berri eman eta prozesua dinamizatuko zuen talde eragilera gonbidatzeko. Prozesuaren zabalpen komunikatiboa ere hasi genuen, guztiek jakin zezaten prozesu honen berri. Bigarren fasea izan zen talde eragilea sortzea.

Lortu zenuten eragileen partaidetza zabal hori?

Baietz esango nuke. Ordezkatuta egon dira, besteak beste, auzoko bi ikastetxeak, gazte asanblada, Lakaxitan egoitza duen etorkinen integraziorako Indoamerika Herria elkartea, Urantzu merkatuko saltzaileak, hirugarren adinekoen zentroko kideak… Eta baita inolako taldetan parte hartzen ez duten auzotarrak ere. Talde horrek gidatu du prozesu osoa. Auzotar guztiei irekitako hiru lan saio egin ditugu, eta talde eragileak txukundu eta taxutu ditu bilera bakoitzean ateratako ondorioak, hark egin dizkie proposamenak auzotarrei…

Eta 23 jarduera zehazten dituen plana atera da hortik?

Bai, eta talde teknikoak taxutu du hori. Bileretan ateratako gauzak egingarritasunaren ikuspegitik landu, nork gauzatu beharko lituzkeen aztertu… Txosten sendo bat landu genuen; auzotarrei dena ondo xehatuta aurkeztu genien, onar zezaten. Eta hura onartuta, maketatu eta itxura ematea izan zen hurrengo lana. Laugarren fasean gaude orain, zabalpenean.

Jarduera batzuk udalak egitekoak dira —igogailua, kasurako—, baina beste batzuk auzotarrek beraiek egin beharrekoak dira, ezta?

Bai, 23 jarduerak ez dira besterik gabe udalari egiten zaizkion eskaerak, ez da aldarrikapen zerrenda huts bat. Lehen esana dizudanez, plana bada garrantzitsua, baina hori bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da planaren bueltan ehuntzen den sarea, eraikitzen den komunitatea. Eta hainbat neurri edo jarduera komunitate horrek eraman behar ditu aurrera, zalantzarik gabe. Adibidez, kultur artekotasunean eta genero ikuspegiari dagokionez, auzo mailan landu beharrekoa da, neurri handi batean.

Nola gauzatuko duzue zabalpen fase hori?

Aurkezpen publiko ohiko bat egin genuen lehenengo, eta ibilbide moduko bat egin genuen joan den larunbatean, planean jasotzen diren ekintzak eta jarduerak bertatik bertara azaltzeko. 60 lagun inguruk parte hartu zuten; auzotarrak ziren asko, baina baita alderdi politikoetakoak —prozesuan ez zaie parte hartzen utzi— eta Irungo beste auzo batzuetako elkarteak ere. Interesa sortu du, eta pozik gaude.

Leave a Reply

Your email address will not be published.