Lapiko bakoitzari, bere tapa

Lapiko bakoitzari, bere tapa

Aitziber Arzallus

Herentzia kontuek liskar handiak eragin izan dituzte familia batzuetan. Baita gurasoek euren ondarea banatzeko testamentua egina zuten kasuetan ere. “Eta baserri bat tartean denean, are gehiago”, dio Ana Mari Eizagirre Hitzez emakume baserritarren elkarteko presidenteak. Haren arabera, nekazari munduan, “kalean baino arazo handiagoa” dago herentzia kontuekin, “ikuspuntuaren arabera testamentu baten interpretazioa erabat alda daitekeelako”. Horrelako arazoak saihesteko asmoz, Euskal zuzenbide zibila, zertarako egin testamentua? jardunaldiak egin zituzten, iragan astean, Azpeitian. Francisco Javier Lazaro Azpeitiko notarioak eman zuen hitzaldi nagusia, eta kudeatzaile agentzia baten ordezkariak ere aritu ziren zalantzak argitzen.

Historikoki, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, bakoitzak bere foruak izan ditu, eta horiek arautu izan dituzte testamentuak. “Tartean baserri bat dagoen kasuetan, hari ematen zaion balioa izaten da gakoa. Baserritarrak kontuan izango du han bizitzeak eta handik bizitzeak duen balioa. Horretarako, aldundira, Lurgintzara, Abelurrera edo landa garapenerako beste edozein erakundetara joan zaitezke, eta haietako edozeinen bidez joango da aldundiko norbait baserria balioztatzera”.

Erakunde horietakoren batera joan beharrean, etxe agentzia batera joanez gero, eta baserriak zenbat balio duen hark erabakiz gero, emaitza “oso desberdina” izango dela azpimarratu du Eizagirrek. Haren esanetan, hortik sortzen dira familia liskarretako hainbat. “Izan ere, epaiketa batean, denek daukate arrazoia. Bi abokatu egoten dira, bakoitza berea defendatzen, berez arrazoia batek izan behar lukeenean. Zer gertatzen da? Ikuspegi desberdinak direla. Kazolak bere tapa izaten du, baina beste tapa bat ere egokia izan daiteke”.

Eizagirrek ondorio “argia” atera zuen jardunaldietatik: “Testamentua egin behar duen pertsona, izan gazte, izan zahar, joan dadila, gutxienez, bi notariorengana dituen zalantzak argitzera”. Notarioek zerbitzu hori ez dutela kobratzen argitu du elkarteko presidenteak. “Eta, beraz, ez dadila gelditu lehenak esaten dionarekin; joan dadila, gutxienez, beste batengana edo birengana. Eta ez testamentua egiterakoan bakarrik, bizi garen artean ere gauza asko egin daitezke gure interesak defendatzeko”.

2016an aldaketak egin zituzten EAEko Kode Zibilean, eta testamentu eta oinordetza kontuei ere eragin zieten aldaketa horiek. “Adibidez, senar-emazteek elkarri utz diezaiokete dena, eta bizirik gelditzen denak erabaki dezake ondasunekin zer egin. Gaur egun ez baitago ia inolako betebeharrik eta seme-alaba bakoitzari gutxienekorik utzi beharrik. Nahi izanez gero, atariko txakurrari utz diezaiokezu ia dena. Edo egin daitezke alde guztien onespenik gabe atzera bota ezin diren akordioak ere”. Gauza asko egin daitezkeela adierazi du Eizagirrek. “Azpeitiko notarioak esan zuen: ‘Legea bera da guztiontzat, baina hura ikusteko eta ulertzeko modu bat baino gehiago egon daitezke. Beraz, kobratzen ez dugunez, onena da notario batengana baino gehiagorengana joatea, iritzi bat baino gehiago entzutea, eta ondoen datorkigunaren araberako erabakiak hartzea'”. Aholku horixe emango luke Eizagirrek ere.

Urola Kostako bost emakume baserritarrek sortu zuten Hitzez elkartea, 2007an, landa inguruneko emakumeen osasuna hobetzeko helburuarekin. “Historikoki, landa inguruneko emakumeek ez dute izan gunerik baserrian duten eginkizunen inguruko bizipen, zailtasun, beldur, poz eta antsietateak adierazteko. Badakite euren lana familiako kideen zainketa dela, baina, askotan, ahaztu egiten zaie euren burua ere zaindu behar dutela. Izan ere, besteak zaintzeko, aurrena norberak egon behar du ondo”. Eizagirreren esanetan, horretarakoxe sortu zuten Hitzez, eta dozena bat urte geroago, horretan jarraitzen dute. “Emakume baserritar gisa, gure inguruan ditugun arazoak azaleratzen saiatzen gara gu. Gauza ez da etxean dauzkagun arazoak lau haizeetara zabaltzea, baizik eta haietaz hitz egitea eta hausnartzea, egoera horretan egon daitezkeenei irtenbidea topatzen laguntzeko”. Elkarteko presidenteak onartu du, askotan, arazoak norberak bakarrik dituela pentsatzen dutela askok. “Arazo horiez hitz egiten hasten garen arte, orduan jabetzen gara ingurukoak ere antzera dabiltzala, eta ez garela bakarrak”.

Laguntza pertsonalizatua

Era askotako ekintzak antolatzen eta garatzen dituzte elkartean, hala nola hitzaldiak, laguntza taldeak eta tailerrak, betiere osasun, soziologia eta zuzenbide arloetan gaitasuna daukaten profesionalen laguntzarekin. Eta taldeko jarduerez gain, laguntza pertsonalizatua ere eskaintzen dute. “Norbait arazoren batekin etortzen bazaigu, saiatzen gara hari argi pixka bat ematen, behar dituen profesionalengana bideratzen eta hari jarraipena egiten”, azaldu du Eizagirrek.

Apirilaren 1erako antolatu dituzte hurrengo jardunaldiak. Mendekotasunaren gaia jorratuko dute, Zarauzko Zarautz hotelean, 15:00etan hasita. “Gure inguruan, zoritxarrez, gero eta pertsona gehiagok du mendekotasunen bat, eta ez alkoholarekikoa bakarrik, era guztietako mendekotasuna baizik. Horregatik, erabaki dugu hurrengo jardunaldian gai hori jorratzea; interesa duen oro azaldu dadila”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.