Burgosko lursaila baino are hobea

Danel Agirre

Zumaiako santelmoen eta bere hurrengo asteko errepikapenaren eredua inongo lotsarik gabe imitatu, eta hauteskunde segida kokatu digute aurten udaberrirako. Aurreikuspenik fatalistenak barneratuta dauzkagu, gutxi-asko: betiko kakaumeak harrotuz joan zaizkigu muturren aurrean, eta erantzun efikazik antolatu ez dugunez, armagedoi faxista dator. Parean behar lukeen gizataldeari (deitu ezkerra, nahi baduzu) gero eta anbizio gutxiagoko bere idealak babesteko kemenik ere ez zaio geratzen. Benetan baliozkoa den ezer lortzea bideraezina dena sinetsita dabil aspaldi, eta hori modu gardenean islatzen da bere jardun politiko antzuan.

Kontraeraso kolektiboei fedea galduta, bakarkako salbamenduen planifikazio fantasiosoetan dabil jendea. “Guztia laga eta Burgosko lursailtxo batera erretiratuko nintzateke bihar bertan” purrustada lagun bati entzun diodan bakoitzean euroa eman izan balidate, erosia nuke dagoeneko Bornholm uhartera erretiratzeko nire lursailtxoa (honetan ere klaseak banatzen gaitu, sentitzen dut).

Sinesmen berberak bateratzen gaitu aipatu adiskide pesimistok: laneko gure egoera errotik aldatu ezean laster gaixotuko garelako konbentzimenduarekin bizi gara. Itolarria, etengabeko akidura, etorkizunari beldurra. Enpleguak eragindakoak dira guztiak. Eta hortxe lagatzen gaituzte salduta, behin eta berriro, aho txikiarekin beharginen alde ari diren indar politikoek. Lan baldintza duinagoen promesaren zepoan katigatuta segitzen dute, baina askoz sinpleagoa behar luke programak: ordainpeko jardueren aroa gainditzeko bideari ekitea herritarrei proposatzea.

Klausula soziala. Prekaritatearen aurkako ituna. Gutxieneko soldata. Ehun produktiboa. Hazkunde jasangarria. Inork serio hartu ezin dituen izen bihurriko botika aringarriekin mareatuko gaituzte datozen hilabeteetan, hedatu eta hedatu jarraitzen duen metastasiari kilimarik ere egin gabe. Bistakoa da agortzen ari dena kontsumoari lotutako produkzioaren zikloa. Planeta bera guztiz hondatuko du lasterketa zoroak, belaunaldi baten baitan geldiarazi ezean.

Gizakiak bere buruari ezarri dion lan egitearen kondena dago zentzugabekeria horren muinean, erdigunearen bihotzaren epizentroan. Ekoizpen bitartekoak kontrolatu, eta noizbait liberatuko zela sinetsi zuen. Mende bat pasatu da, betiko kakaumeek korroskada ozen batekin irentsi zuten sozialismoa, eta inoiz baino errotuago dago esklabismoa.

Gizon eta emakume modernoari bere aisialdia kudeatu ahal duenaren kontsolamendu faltsua baino ez zaio geratzen. Hala eta guztiz ere, enplegurik eta sosik gabe geratzeari ikara dionak nekez gozatuko du bere denbora-pasez. Eta aukeratu ere, lanaldia baldintzatuko ez duten jarduerak aukeratuko ditu (santelmoetako ajea pasatzeko astelehena jai eskatu ahalko du, asko jota). Ezinbestean, txikitako haur jostalaria porrot egin duenaren sentipenarekin bizi den pertsona heldu bilakatuko da apurka. Bere benetako zaletasunak merezi duten moduan garatu eta gozatu gabe hilko da. Benetan bizitzea zer izan zitekeen asmatu gabe.

Badakit zer esatera zoazen. “Bai, baina, tamalez, dirua behar aurrera egiteko…”. Guztion artean baieztapen horiei desafio egin eta errealitatea eraldatzeko aukera moduan saldu izan digute, ordea, politika. Gizateriari erasaten dion izurriterik larriena desagerrarazteko balio beharko luke, beraz. Benetan merezi duen lan bat da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.