Ehun mila esker boluntarioei

Ehun mila esker boluntarioei

Kerman Garralda Zubimendi

Ehunmiliak ultratraileko antolatzaileek ez dakite ekitaldi txikirik antolatzen, eta handia izango da lasterketako boluntarioen lana aitortzeko prestatu duten festa ere: “Ekintzaz betetako egun bat antolatu dugu. Esaterako, badakigu gure boluntario asko gurasoak direla, eta, hortaz, haurrentzako puzgarriak, antzerkia, mendi ibilaldia eta abar antolatu ditugu. Jateko eta edateko guneak ere prestatu ditugu, musika emanaldiak, hitzaldiak…”, azaldu du Mikel Valdivielso Ehunmiliak ultratraileko koordinatzaileak.

Uztailaren 12an izango da ultratraila, eta Ultrafesta, hilabete barru, martxoaren 23an. “Ehunmiliak posible egiten duten boluntarioak omentzea da asmoa”, argitu du Iñaki Mozo probako komunikazio arduradunak, baina “mundu guztiari zabaldutako eguna” dela gaineratu du.

Bat datoz bi antolatzaileak: “Ezinbestekoak” dira boluntarioak. “Gurea ez da aurrekontu handiena duen lasterketa, baina mundu mailan boluntario gehien duen probetako bat da”, zehaztu du Valdivielsok. Iaz, 1.600 boluntario ibili ziren lanean, sekula baino gehiago. “Urtez urte gero eta boluntario gehiago elkartzen ditugu. Gogoan dut lehen urtean 1.200 inguru izan zirela, ondorengo urteetan 1.400 izaten ziren, eta iaz gure marka ondu genuen. Aurten ere kopuru bertsuetan ibiltzea espero dugu”, dio Mozok. “Zenbat eta boluntario gehiago, orduan eta hobe. Inor ez da egoten sobera”, erantzun dio Valdivielsok.

Erraldoiak dira Ehunmiliak probaren atzean dauden zenbakiak: 500 korrikalari inguru, 168 kilometroko ibilbidea ehun milia—, 22.000 metroko desnibel metatua, bost eskualde… Eta asteburu berean jokatzen diren Goierriko Bi Handiak eta Mari Murumendi lasterketak ere gehitu behar zaizkio horri.

Boluntarioak bilatzeko lana banatu egiten dutela azaldu du Mozok. “Bost eskualdetatik igarotzen da lasterketa, eta eskualde bakoitzeko antolatzaileak arduratzen dira euren zatiko boluntarioak bilatzeaz”. Dioenez, normalean ez dute izaten arazo handirik, boluntarioak oso asebeteta gelditu ohi direnez, hurrengo lasterketetan ere aritzen direlako. “Lasterketa igarotzen ez den herrietatik ere etortzen zaigu jendea laguntzera”, goraipatu du Mozok.

Denetariko lanak egiten dituzte boluntarioek: anoa postuak prestatu, dortsalak banatu, segurtasuna bermatu… “Mendian esperientzia apur bat baldin badute, mendian laguntzeko eskatzen diegu. Batzuek gaua ere bertan pasatzen dute, egoera gaiztotzen bada ere laguntza eman ahal izateko. Laino itxia eduki izan dugu, ekaitza, haizea… Arriskuak txikitzeko, ezinbestekoa da jende prestatua bertan izatea”, azpimarratu du Valdivielsok.

Iaz, adibidez, Ehunmiliak eta Goierriko Bi Handiak probak bertan behera gelditu ziren gaueko ordu txikietan ekaitzak jo ostean. Lasterkari guztiek adierazi zuten erabakia zuzena zela, eta azkarra eta egokia izan zela ebakuazioa. “Boluntarioen eta antolakuntzaren koordinazio onari esker, oso ongi funtzionatu zuen ebakuazio planak. Antolakuntza iristen ez den tokietan ere egoten gara boluntarioei esker, eta babestuta sentitzen dira korrikalariak. Boluntarioena da Ehunmiliak probaren indarguneetako bat”, nabarmendu du Valdivieslok.

Boluntarioek Ehunmiliak probari ematen diotena itzultzeko antolatu dute Ultrafesta, baina boluntario berriak kateatzeko ere balioko duela espero dute. “Duela hamar urte antolatu genuen lehen Ehunmiliak proba. Denak gara hamar urte zaharragoak, eta erreleboa ezinbestekoa da boluntario kopuruari eusteko”.

Halako hamar proba antolatzea kosta egiten dela aitortu dute Mozok eta Valdivielsok. “Urtez urteko lana da, neketsua, eta ekonomikoki ere bere kostua du, noski”, azaldu dute. Lehena aurrera ateratzeko, adibidez, antolatzaileek bizpahiru urteko lana egin behar izan zuten aurretik.

Halere, proba “sasoiko” dagoela onartu du Mozok. “Goierriko Bi Handietarako eta Mari Murumendirako dortsalak bukatu egiten dira beti. Eta aurten, ondo bidean, lehen aldiz Ehunmiliak probako izen-emate kopurua ere betetzea espero dugu”.

Ehun milia, plaza bakarrean

Ultrafestako ekitaldi guztien artean bakarra aukeratzea zaila dela diote Mozok eta Valdivielsok, baina martxoaren 23koa erronka berezia dela aitortu dute. “Hamabost laguneko talde misto bana osatu dute ultratrailak zeharkatzen dituen bost eskualdeek. Zintan egin beharko dituzte probako ehun miliak, hau da, 168 kilometroak, erreleboka”. Hamabi orduan egitea espero dute: goizeko zazpietan hasi, eta arratsaldeko zazpiak aldera amaitu.

Era berean, Javi Dominguez, Jaione Sasieta, Imanol Aleson, Jone Urkizu eta Jon Aizpuru korrikalariek Ehunmiliak lasterketan zehar bizi izandako esperientziak kontatuko dituzte mahai inguru batean, arratsaldeko lauretatik aurrera.

12:30ean izango da Ultrafestako ekitaldi nagusia, San Martin plazan; PhoBo eta Tximeleta taldeen kontzertuak ere izango dira, arratsalde partean, eta Eusko Label markako elikagaiak jateko aukera ere bai, besteak beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.