Iban Nikolai: “Mikromundu bat da hau, eta jende dezente mugitzen da inguruan”

Iban Nikolai: “Mikromundu bat da hau, eta jende dezente mugitzen da inguruan”

Eider Goenaga Lizaso

1997an, didjeriduak konkistatu egin zuen Iban Nikolai (Oiartzun, 1978), eta geroztik ez du askatu instrumentua. “Munduko haizezko instrumenturik sinpleena” izan arren, aukera ugari eskaintzen duela dio, eta, hori erakutsi asmoz, emanaldiak eskaintzen ari da herriz herri. Tolosako Hiru tabernan izan zen igandean; Donostiako Aurresku tabernan joko du martxoaren 15ean, eta Iruñeko Herriko tabernan, apirilaren 3an. Sei disko kaleratu ditu Nikolaik, eta musikari ezagun ugarirekin egin ditu kolaborazioak: besteak beste, Pascal Gaigne, Xabi San Sebastian, Zea Mays, Ibon Koteron, Briganthya eta Oreka TXrekin.

Kontzertu bereziak eskaintzen dituzu. Oholtza gainera ez zara igotzen didjeridua jotzera soilik.

Ez. Didjeriduak du pisurik handiena, eta zortzi didjeridu ezberdin jotzen ditut; baina musu gitarra, melodika eta txirula ere jotzen ditut, eta ahoarekin beatbox egiten dut. Loop Station batean grabatzen dut hori dena, gero soinu horiek guztiak nahasteko eta hainbat instrumenturekin abesti bat sortzeko. Musika aurrez landuta dagoen arren, denbora errealean eta zuzenean joaten naiz jotako melodiak grabatzen, eta abesti bakarrean loopeatzen ditut gero. Abesti propioak eta bertsioak jotzen ditut ordu eta laurdeneko saioan. Nire emanaldietara didjeridu kontzertu soil bat ikusteko asmoz etortzen dena harritu egiten da ikuskizunarekin.

Jende askok ikusiko zintuen kalean, Donostian aritzen zarelako jotzen. Oso ezberdinak dira kaleko eta barneko emanaldiak?

Ez dute zerikusirik. Erabat ezberdinak dira kaleko formatua eta areto batekoa, baldintzak ezberdinak direlako; gauza gehiago eraman ditzakezu areto batera, eta beste era batera landu. Bestalde, zirrara azkar bat sortu behar duzu kalekoan, jendea bost edo hamar minutuz baino ez baita gelditzen zu ikustera; eta hor bestelakoa da planteamendua. Buruari beste buelta bat eman behar diozu ordu eta laurdeneko emanaldi bat egiteko: entzuleen arreta mantendu behar da denbora horretan, eta hori ez da erraza instrumentu bakarrarekin eta pertsona bakarrarekin.

Didjeridua ez da oso ohiko instrumentua; nola sortu zen didjeriduarekin duzun harremana?

Ez da ohikoa, ez. Jamiroquai taldearen jarraitzailea nintzen ni 90eko hamarkadan, asko gustatzen zitzaidan, eta haiek didjeridua sartzen zuten disko guztietan, kanta batean edo bitan. Beti erakarri izan ninduen soinu horrek. Eta, behin, Londresera arreba bisitatzera joan nintzenean, didjeridu kontzertu bat ikusi nuen taberna batean. “Hauxe da niri gustatzen zaidan soinua”, pentsatu nuen. 1997an, Londresen berriro ere, banbuzko didjeridu bat oparitu zidaten.

Aurrez bazenuen harremanik musika instrumenturen batekin?

Ez, ez. Oso musikazalea izan arren, inoiz ez nuen jo instrumenturik. Baina segituan harrapatu ninduen didjeriduak. Hainbat maisurekin ikasten hasi nintzen, eta batera eta bestera mugitu nintzen Europan barrena. Didjeridu jaialdiak Europa osoan egiten zirela ikusi nuen, eta ahal nuen guztietara joaten saiatzen nintzen; hasieran, kontzertuak entzutera eta ikastera, eta, pixkanaka, kontzertuak ematera eta irakastera.

Halako mugimendua al dago, bada, didjeriduaren inguruan?

Mikromundu bat da, eta, mundu horretan sartzen zarenean, orduan konturatzen zara nolako mugimendua dagoen. Jaialdi asko daude, eta jende dezente mugitzen da inguruan. Australiako aborigenekin egon nintzen urtean, mundu osoko hogei lagun joan ginen didjeridua ikastera.

Nolatan joan zinen Australiara?

Europan ikasi nuen didjeridua jotzen, baina osatu egin nahi nituen ikasketa horiek, eta instrumentuaren sorterrira joatea erabaki nuen 2003an. Estilo tradizionala landu nuen han. Bi hilabetez aborigenekin bizitzen egon nintzen, eta beste hilabete bat eskolak hartzen. Oso ezberdina da haien jotzeko modua; estilo tradizionalean jotzen dute haiek, folklorearekin lotuago dagoen estiloan, eta estilo garaikidea zen nik ordura arte landutakoa. Ez daukate zerikusirik. Bi estiloetan aritzen naiz kontzertuetan, jendeak diferentzia ikus dezan.

Aborigenak ohituta daude jendea haiengana joan dadin didjeridua ikastera?

Bai; haiek antolatutako didjeridu jaialdi baten aitzakian joan nintzen ni Australiara. Jaialdi horretan, bost egun egiten dituzu basoan, eta beren tradizioa, beren dantzak… erakusten dizkizute haiek. 5.000-6.000 lagun elkartu ginen jaialdian, eta hogei joan ginen ikastera. Jaialdi horretatik sortu zitzaidan aukera hango familia batekin bi hilabete pasatzeko. Eta asko ikasi nuen; bai didjeriduari buruz —besteak beste, didjeridu bat nola egiten den ikasi nuen— eta baita haien bizimoduari buruz ere. Izugarrizko esperientzia izan zen.

Zein dira didjeridua jotzearen zailtasunak?

Soinua ateratzeak badu bere zailtasuna, baina arnasketa zirkularra da didjeridua jotzeko gehien erabiltzen dugun teknika. Alegia, ahotik etengabe bota behar da airea, eta arnastean etenik ez egiteko ezinbestekoa da arnasketa zirkularra menderatzea. Bestalde, tonu bakarra dauka didjeriduak, ez dauka zulorik, ez dauka hatz jokorik. Munduko haizezko instrumenturik sinpleena da, baina izugarria da zenbat aukera ematen duen.

Eta, tonu bakarra edukita, nola lortzen dira aukera horiek?

Batetik, haizearen indarra hartu behar da kontuan, baina beatbox teknikak ere erabiltzen dira. Bestalde, animalien soinuak ere egin daitezke ahotsarekin, edozein erritmo egin dezakezu arnasketarekin… Eta, gero, instrumentuak berak baditu zenbait aukera tonua aldatzeko. Bestalde, instrumentu moderno bat da kontzertuetako didjeridua, eta notak egiteko aukera ematen du.

Zortzi didjeridu erabiltzen dituzula esan duzu.

Bai, zortzi; eta oso ezberdinak dira denak. Badaude termitek jandako eukalipto enborrekin egindakoak; horiek dira didjeridu originalak. Izan ere, naturak egiten duen instrumentu bat da didjeridua; hori erabiltzen zuten zen Australiako aborigenek. Baina argindar kableak pasatzeko erabiltzen diren PVCzko tutu batekin egindako didjeridu bat ere jotzen dut kontzertuetan, eta sekulako soinuak ateratzen ditu. Horrek harritzen du gehien jendea. Beraz, zortzi eramaten ditut nik, baina izan zitezkeen gehiago, ezaugarri batzuk baldin baditu, ia edozein tutuk balio dezakeelako didjeridu bat egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.