Nahaspilari mugak jartzen

Nahaspilari mugak jartzen

Irati Saizar Artola

Sei egun falta dira sei eguneko festa hasteko, Tolosako inauteriez gozatzeko. Sei egun mozorrotzeko, txarangen atzetik saltoka ibiltzeko, zezenaren aurrean korrika egiteko edo zer gertatzen den banku batetik begiratzeko. Festa askatasunez bizitzeko sortua bada ere, Tolosako Udalak aurten beharrezko ikusi ditu inauterietan muga batzuk ezartzea.

Karrozek eta konpartsek urteak daramatzate iritzi eta ikuspuntu talkak sortzen festa kanpotik zein barrutik bizitzen dutenengan; eta, sarri, ondo pasatzeko egunak eztabaida egun bilakatzen dira, Tolosako inauteriei begiratzeko moduak tarteko: bolumena ozenegia dela, gune batzuetan masifikazioa sortzen ari dela, Tolosako benetako inauteria galtzen ari dela, kaleak mundu guztiarena izan behar duela… Gainera,tolosarren arteko ika-mikak eta kexuak direla eta, Tolosako Udalak hainbat erabaki hartu ditu karrozen eta konpartsen inguruan. Hala, aurten ere izan da nahikoa eztabaida inauterien atarian.

Goitik begiratuta, Triangulo plaza festaren erdigunean dago, eta inguru horretan “zarataren arazoa” dagoela nabarmendu du Nuria Carbonell Tolosako Kultura, Jai eta Gazteria zinegotziak. Horri erantzuteko, bi neurri hartu ditu udalak: alde batetik, “zarata kontrolatzeko eremu berezi bat” jarriko dute Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean. Bestetik, gehieneko zarata 90 dezibelera mugatuko dute egunez, eta 65era gauez. “Inauterien nortasuna zaintzea eta babestea dugu helburu, jaietan guztiok lekua izatea, baina jaia eta tolosar eta bisitari guztiak errespetatuz”.

Neurri horien arabera, Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuko eremu horretan zuzeneko musika egiten duten konpartsak baino ez dira jarriko inauterietan. “Gainerako konpartsa ibiltari guztiek soinu ekipoak itzali beharko dituzte Triangulo paretik pasatzean”, azaldu du Carbonellek. Horrez gain, “identifikagarri berezi bat” izango dute inguru horretan egongo diren konpartsa guztiek. Ordutegiari dagokionez, berriz, karrozek eta konpartsek 09:00etatik 23:00etara eskaini beharko dituzte emanaldiak, eta musikaren bolumena erdira jaitsi beharko dute emanaldirik ez dagoenean. 01:00etik aurrera, itzali egin beharko da musika.

Horrez gain, “txarangak errespetatzeko” eskatu du Kultura, Jai eta Gazteria zinegotziak, “kalejira garaian, batik bat”. Eta, horretarako, “ibilbidean bertan bi alboetan dauden karrozen edo konpartsen musika aparatuak itzalita egongo dira 18:00etatik 20:00etara”. Bestalde, Carbonellek gaineratu duenez, galarazita dago edari alkoholdunak agerian eramatea eta sustatzea, konpartsak egiteko autoak erabiltzea, konpartsek haimak edo karpa txikiak instalatzea, eta baita publizitatea egitea ere.

Musikaren inguruan udalak hartu duen erabakiarekin nahiko ados daudela azaldu du Julen Amonarriz Tolosako Karrozen Elkarteko kideak: “Azken urteotan gora egin du musikak; horretaz jabetuta gaude gu. Baina ez da erraza mugak jartzea, eta ez dakit zenbateraino lortuko duten”. Iaz sortu zen elkartea, duela bi urte karrozak egiteko zeukaten pabiloiak su hartu ostean.

Bolumenaren gaia alde batera utzi gabe, Triangulo plazaren inguruan egoten diren karrozen eta konpartsen “desordena” ere kritikatu du elkarteak. “Karrozetan, adibidez, geldirik egoteaz gain, bozgorailuak atzera begira jarri beharra daukagu. Trianguloan, ordea, nahi duten lekura begira jartzen dituzte, eta hor sortzen da arazorik handiena”.

Hala ere, arazo orokorrago batekin daude bereziki kezkatuta. Haien iritziz, “karroza handienen aurkako jarrera” dago gaur egun. “Karroza handi samarra dela ikusten dutenean, eta musika pixka bat entzuten bada, haren aurka joaten dira. Eta momentuan kexatzen denak ez du jakiten legearen barruan zabiltzan edo ez”, azaldu du Amonarrizek. “Konbentzituta gaude inori abisatu gabe karroza guzti-guztiak legearen barruan aterako bagenitu ere jendea kexatu egingo litzatekeela”.

Beste neurri bat

Zezen plazako sarrera kopuruaren jaitsiera ere albiste da aurten. 3.040 sarrera jarri dituzte salgai egun bakoitzerako, aurreko urteetan baino 850 gutxiago. Zinegotziaren esanetan, araudiak behartzen du zenbaki hori: “Legeak araututa dauka une bakoitzean zenbat pertsona egon daitezkeen plazan. Horren arabera, 2.240 pertsona sar daitezke harmaila estaligabean, eta 800 harmailetan. Udal honen lehentasun nagusia da ikuskizunetan herritar eta bisitari guztien segurtasuna bermatzea”.

Zezen plaza eraberritzen ari da udala, “legeak arautzen dituen huste eta segurtasun neurriak betetzeko”. Lanak lau fasetan banaturik daude, eta lehen biak amaitu dituzte dagoeneko: “Hiru irteera berri egin eta palkoen estruktura indartu: bi jarduera horiek egin ditugu lehen bi faseetan”. Aurten ekingo diote hirugarren faseari; hau da, harmailak eraberritzeko lanari. Hemendik aurrera, gainera, aurtengo inauterietan izango duen edukiera berbera izango du Tolosako zezen plazak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.