Maizterren eta jabeen arteko zubia

Maizterren eta jabeen arteko zubia

Erik Gartzia Egaña

Herritar guztien eskubidea da etxebizitza bat edukitzea. Errealitatea, ordea, askotan ez dator bat teoriarekin, eta guztiek ez daukate bermerik etxebizitza bat izateko. Jakina da gazteek zer-nolako zailtasunak dauzkaten aterpe bat izateko.

Eneritz Arbelaitz Oiartzungo alkateordeak gogorarazi duenez, egungo udal gobernuak herriko etxebizitzen egoera zein zen aztertu zuen agintaldiari ekin zionean; horretarako, etxe hutsen zerrenda hartu zuen oinarri gisa. “Inor erroldatuta ez dagoen etxeak dira, justifikatuta ez daudenak; udal zergan %75eko errekargua ordainarazten zaie horiei”, zehaztu du. Etxebizitza horien ezaugarriak definitu zituzten gero: zenbat metro dituzten, zer auzotan dauden, noiz eginak diren… Azterketa hori eginda, ondorioztatu zuten Altzibar eta Elizalde auzoetan etxebizitza huts asko zegoela; horietako asko, gainera, zaharkituta. Eraberritze lan batzuk eginda, udaleko ordezkariek ikusi zuten etxebizitza horietako asko alokairu gisa merkaturatzeko aukera egon zitekeela.

Udala pentsatzen hasi zen nola merkaturatu zitezkeen etxe huts horiek. Eusko Jaurlaritzak baditu etxejabeei bermeak emateko programa batzuk, eta Oiartzungo Udalak horiekin bat egin nahi zuen: “Modu osagarrian, obrak egiten lagun genezakeen guk, eta laguntza lerro bat sortu genuen horretarako. Batzuek laguntzak eskatu zituzten leihoak aldatu, berogailua jarri eta energia eraginkorragoa izan zedin lortzeko. Obra handiagoak egin zituzten beste batzuek [3.000 euroraino zeuden finantzatuta]. Bizitzeko baldintzak hobetu nahi genituen”. Hori bai, herritarrei dirua ez zitzaien musu truk eskaini: Eusko Jaurlaritzaren ASAP izeneko programan sartu beharra zeukaten ordainetan; alokairu duina sustatzen du programa horrek. Etxebideko teknikari batek zehazten du alokairuaren zenbatekoa, hainbat faktore kontuan hartuta.

Behar horiei tiraka jarri zuten martxan Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa, 2016ko udazkenean, eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez ematen dute zerbitzua. Ordutik, bederatzi etxebizitzak egin dute bat udalaren planarekin. Arbelaitzek onartu du “asko edo gutxi” izan daitezkeela, eta erlatibotasun horren azalpena ere eman du: “280 etxebizitza huts inguru daude, eta baserriek eta antzekoek osatzen dute heren bat. Zaila da horiek programan sartzea, lursailak baitituzte, eta senide batenak baino gehiagorenak izaten baitira”.

Arbelaitzek zehaztu du etxebizitza batzuk ez direla izaten pertsona bakarrarenak. “Herentzia bidez jasotakoak izaten dira zenbait, eta, kasu batzuetan, senideak ez dira ados jartzen. Beste batzuek, aldiz, ez daukate batere interesik, seme-alabentzako gorde nahi dutelako etxea”. Alokairua behar duten herritarrek Etxebizitza Bulegora joan behar dute, eta urtean 12.000 eta 39.000 euro arteko diru sarrerak dituztela justifikatu beharko dute. Pertsona bakarraren edo gehiagoren arteko diru sarrera izan daiteke.

Jabeei gutxieneko berme bat emateko modua da hori, eta, obrak egiteko laguntza jasotzeaz gain, lehenengo urtean beste kopuru bat ere jasotzen du jabeak: “Etxebizitza 500 eurotan tasatu badute, adibidez, jabeak 560 euro jasoko ditu hilero: 500 euro alokairuarena eta beste 60 udalarena”. 550 eurotan zehaztu dute alokairuaren gehieneko prezioa; izan ere, Arbelaitzen hitzetan, etxebizitza alokairu librera bideratuz gero, espekulazioa elikatuko lukete. “Azken finean, programa hau ez da etxejabe horiek aberasteko; hutsune bat dago herrian: badago alokairuan bizi nahi duen jendea, eta badaude etxe hutsak; zubi lan hori egitea da gure egitekoa, eta jabeei ikusaraztea eurek etxe huts bat daukatela, eta guk herritarrei ezin diegula eman behar duten zerbitzu bat”. Galdera bat egin du jarraian: “Alokairuan bizi nahi dutenentzat zer eraiki behar dugu, beste etxebizitza parke bat? Hori ez litzateke benetako lanketa”.

“Nahikoa etxe badago”

Etxebizitza hutsen azterketa egin ondoren, gazteen beharrizanak aztertzeko beste bat ere egin zuten, eta ondorioztatu zuten alokairuan bizi nahi duten ehun oiartzuar baino gehiago daudela. Gazteetako askori gaiarekiko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa falta zitzaiela, hori izan zen ondorioetako bat. Egungo egoeran jarraitu nahi zuten gazteen %88,9k, baina baziren alokairuan biziko liratekeen 136 ere. “Etxe hutsen eta alokairuan bizi nahi dutenen datuak gurutzatuta, Oiartzunen badago alokairuan bizitzeko nahikoa etxebizitza”.

Maitane Otaegi izan zen programan parte hartu zuen lehenengo etxejabea. Altzibarren zeukan etxebizitza hutsa, amarena. “Adinean aurrera doa ama, eta hari lana errazteagatik egin genuen bat; gorabeherak izan zituen aurreko maizterrarekin”. Urduri ikusten zuten ama, eta programarekin bat egitea erabaki zuten, babesa eta bermea ematen dielako —asegurua eskaintzen du Eusko Jaurlaritzak—. Etxea zaharra zenez, obra txiki batzuk egin zituzten, diru laguntza aprobetxatuz. Duela bi urte inguru sartu zen maizter berria, neska gazte bat: “Eta amak esaten dit kontent dagoela, ez duela arazorik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.