Plastikoari sarekada

Plastikoari sarekada

Aitziber Arzallus

Inork ez daki zehatz zenbat hondakin dagoen itsasoan. Aldiz, itsasoan dauden hondakinen %80 plastikoa dela bai, badaude hori ziurtatzen duten ikerketak. Urtean, ia 500 milioi tona plastiko ekoizten dira munduan, eta horietatik ia hamar milioi tonak itsasoan bukatzen du. Eta beste datu bat: itsas hondakinen %80 inguruk lehorreko jardueretan dute jatorria; alegia, lehorrean sortzen diren arren, itsasoan bukatzen dute. Errekak eta ibaiak dira itsasoranzko autobide nagusiak; jatorria lehorrean duten plastikoen %80 erreka eta ibai bidez iristen da ozeanoetara.

Zientzialariek ez dute argi plastikoak zenbat denbora behar duen biodegradatzeko; ez dakite guztiz biodegradatzera iristen ote den ere. Bitartean, itsasoan pilatzen ari da plastikoa, etenik gabe hazten ari diren eremuetan, plastikozko irlak deiturikoetan. Gaur-gaurkoz, itsaslasterren, zurrunbiloen eta haizearen eraginez sortutako bost zabortegi daude: bi, Ozeano Barean; bi, Atlantikoan; eta bestea, Indiakoan. Ozeano Barearen iparraldean dago handiena, Kalifornia eta Hawaii artean: 1,6 milioi kilometro koadro hartzen du, Espainiako Estatuak halako hiru, eta 80.000 tona plastiko dago han.

Urrutiko kontuak dirudite, baina ez da hala. Gorka Alberdik oso argi du: “Badirudi askoz errazagoa zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina konturatu behar dugu gure etxe parean hasten dela itsasoan gertatzen dena”. Iragan urrian, Oier Bartolome Debako surflariak sare sozialen bidez zabaldu zuen bideoa aipatu du azkoitiarrak. “Zumaia eta Deba arteko flyschak plastikoz beteta ikusten ziren, eta kezka sortu du gure kostaldea hain kutsatuta eta zikin ikusteak. Hemendik joan da hondakin horien zati handi bat, eta oso gutxitan aipatzen da hori”. Eguzki Talde Ekologistak eta aldundiak 3.000 kilo hondakin jaso zutela gogoratu du. “Gehiena, plastikoa”.

Azkoitiarrak denbora asko pasatzen du Urola ibaiari begira. “Plastikoz eta bestelako hondakinez josita dago dena, eta, biltzen ez baditugu, itsasora joaten dira zuzenean”. Herritarrek lurrera botatzen dituzten “ehunka” plastikoak dira horietako asko. “Konturatu gabe egiten dugu. Lurrera botatzen ditugu, haizeak ibaira eramango dituela pentsatu ere egin gabe”. Hori saihesteko, eskaera bat egin die Urola ibaiak zeharkatzen dituen hainbat herritako udalei: ibaiertzetako baranden azpiak itxi ditzatela, plastikoak uretara joan ez daitezen. Erantzuna izan du eskaerak: Azkoitiko Udalak metalezko sarea jarri du hainbat gunetan.

“Arazoaz jabetuta geunden, eta zer egin genezakeen aztertzen ere ari ginen”, azaldu du Migel Angel Bastida Azkoitiko Hirigintza zinegotziak. Horretan zirela, Alberdiren proposamena iritsi zitzaien. “Irtenbide egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun, sinplea eta eraginkorra, eta probatzea erabaki dugu”. Azkoitiko Udalak, Alberdik eta herriko kaleak garbitzeaz arduratzen den Serbitzu enpresak elkarlanean diseinatu dute zaborrak ibaira joatea saihesteko sistema. “Garbitzaileen lana oztopatuko ez zuen sistema bat behar genuen”, azaldu du Bastidak. Hala, zentimetro bateko tartea utzi dute xaflaren azpialdean, “urarekin garbiketa egitean urak pasadizoa izan dezan”. Oraingoz, arazo gehien dagoen herriko guneetan jarri dute sarea, eta Alberdik berak zehaztu du leku horiek zeintzuk diren. 172 metro sare jarri dituzte oraingoz, eta 3.672 euroko aurrekontua izan dute lanek. “Pixkanaka” joatea erabaki dutela esan du Bastidak. Ez du baztertu etorkizunean sarea leku gehiagotan jartzea: “Eraginkorra dela ikusiko bagenu, prest geundeke beste leku batzuetan ere jartzeko”.

Baina sarea ezarrita bakarrik ez da konponduko Urola ibaiko plastikoen arazoa. “Eta ezta urtean bi egunez ibai garbiketa antolatuta ere”, gaineratu du Alberdik. Haren ustetan, ezinbestekoak dira heziketa eta aurreikuspenak. “Beharrezkoa da heziketa, baina hori egun batetik bestera lortu ezin denez, bitartean beharrezkoa da aurreikuspenak egitea, gureak diren hondakinek itsasoan bukatzen dutelako bestela”.

Alberdik gaineratu duenez, heziketaren barruan “oinarrizkoa” litzateke hondakinek beren lekua dutela barneratzea, horrelakorik ez gertatzeko udalak herri guztian egitura oso bat zabalduta daukala ikustea. “Guztiok eskura dauzkagu zakarrontziak eta edukiontziak, eta horretarako daude jarrita, gainera, hondakinak ondo kudeatuak izateko eta gure ingurumena ez erasotzeko”.

Azpeitiko Udalaren interesa

Bastida bat dator Alberdirekin. “Uste dut sarea jartze hutsak balioko duela jendea konturatzeko arazo bat daukagula, jabetu ere ez garela egiten iruditzen zaidalako askotan”. Horrez gain, herritarren kontzientziak astintzeko kanpaina nola egin aztertzen ari dira, Ura Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean. “Erakunde horrekin dugun hitzarmen bati esker, udalak ibaien mantentzean esku hartzeko aukera izango du aurrerantzean, eta, horrela, errazagoa izango da dena”.

Beste udal batzuen interesa ere piztu du Alberdiren proposamenak; Azpeitikoarena, esaterako. “Proposamena aztertzen ari gara, oraingoz. Azkoitiko Udalarekin ere jarri gara harremanetan, hango sistemaren berri eman diezaguten, eta ikusiko dugu zer egin”, adierazi du Aitor Bereziartuak, Azpeitiko Udaleko zinegotziak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.