“Publikoa gure musikarekin identifikatzea nahi izaten dugu”

“Publikoa gure musikarekin identifikatzea nahi izaten dugu”

Karmele Uribesalgo Alzola

Hiru hamarkadatan Bergarako musika banda eta orkestra sinfonikoa zuzentzeaz arduratu da Alfredo Gonzalez Chirlaque (Bergara, 1956), baina erretiroa hartzeko garaia iritsi zaiola ikusi du. Gaur, azkeneko aldiz zuzenduko du aratusteetako kontzertua. 22:30ean izango da, udal pilotalekuan. Ekainaren 9an, Mendekoste jaietako igandean, betiko utziko du bi musika talde horietako batuta.

Hiru hilabete falta dira zuzendari lanak uzteko. Nola zaude?

Azken kontzertuak dira, eta nostalgia pixka bat nabari dut. Beste edozein lanbidetan bezala, honetan ere nekatu egiten zara, nahiz eta jendeak ez ulertu. Izan ere, sarritan entzun behar izan dut ea nola neka naitekeen hainbeste gustatzen zaidan ofizio batean lan eginda. Egia da asko gustatzen zaidala, baina oso ezberdina da musika zaletasun moduan izatea, edo, nolabait esateko, obligazioz egin behar izatea. Gauzak horrela, badaukat nostalgia pixka bat, baina pentsatzen dut ziklo bat amaitzeko ordua dela. Horretarako, ideia berriekin datorren beste zuzendari bati lekua utzi behar diodala uste dut.

Zergatik uste duzu hau dela bandatik eta orkestratik erretiroa hartzeko momentua?

Ziklo bat amaitzeko ordua da. Egin dudan ibilbidea kontuan izanda, eta hainbat helburu bete ditudanez, esango nuke bandaren etorkizunari begira, uztea dela onena. Taldeak beste gauza batzuk egiteko, aukera ona da ni alde batean gelditzea; estilo berriak lantzeko beta izango dute. Baneukan aukera zuzendari lanetan jarraitzeko, baina uste dut hau dela erretiroa hartzeko momentua.

Zer balorazio egiten duzu zure ibilbidearen inguruan?

Agian, hori ez nuke nik esan beharko; beste batzuek esan beharko lukete ea lana ongi egin dudan. Ni oso gustura nago nire ibilbidearekin. Laguntza handia jaso dut, musikarien aldetik, batez ere. Bandako eta orkestrako partaide asko umeak zirenetik egon dira nirekin, eta zerbait irakatsiko niela pentsatzen dut. Horrez gain, urte hauetan guztietan musikari ekarpenen bat egin izana ere espero dut, eta, bereziki, Bergarako musikari.

Nola ikusten duzu taldeen etorkizuna Enrike Txurrukarekin?

Erabateko konfiantza daukat harengan, eta ziur nago bandako eta orkestrako partaideek iritzi bera dutela. Ongi ezagutzen dut Txurruka, bizitza osoa baitarama musikari, bai bandan, bai orkestran. Proba batzuk pasatu ditu zuzendari izateko, eta lana behar bezala egiteko gai dela erakutsi du.

Nola aukeratu duzue hurrengo zuzendaria?

Bandan zuzendari izateko interesa zuen norbait egonez gero, aukera emango geniola erabaki genuen. Egon ezean, kanpoan bilatuko genukeen. Azkenean, taldeko kide bat izango da zuzendaria. Musikako probak eta proba psikoteknikoak egin ditu. Bandako zuzendaria aukeratzeko prozesua martxan jarri ostean, orkestrakoa hautatzekoari ekin genion. Bietan ariko da Txurruka, orain arte nik egin dudan bezalaxe. Helburua da bi taldeentzat aldaketak ahalik eta eraginik txikiena izatea. Txurrukarengan dudan konfiantza kontuan izanda, seguru nago dena ongi aterako dela.

Musikari familia batekoa zara. Horrek eraman zaitu musikaren bidetik?

Nire aitona musika irakasle moduan etorri zen Bergarako Errege Seminariora, eta han eman zioten bandako zuzendari postua. Haren seme guztiak zuzendariak izan dira. Alaba bakarra izan zuen, eta hura ere musikaria izan zen; piano jotzailea zen. Seme-alaba horietatik, nire aita zen gazteena, Miguel Gonzalez Bastida. Bandako zuzendaria izan zen hura ere, erretiroa hartu zuen arte. Nik, hasieran, profesionalki ez nuen hartu behar musikaren bidea, baina, denborarekin, benetan gustatzen zitzaidana zela ikusi, eta horren aldeko hautua egin nuen. Txikitan ekin nien musika ikasketei, eta, zer egin argitu nuenean, jarraitu egin nuen ikasten. Halako batean, bandako zuzendariorde izatera iritsi nintzen, eta, ondoren, zuzendari.

Bandako zuzendari izan zen zure aitona, eta aita ere bai. Azken urteetan zuk izan duzu ardura hori, baina tradizio horri amaiera emango zaio orain.

Zuzendari moduan ez bada ere, badago gure familiako laugarren belaunaldi bat: nire alaba Patrizia. Bandan eta orkestran ari da, eta tradizioak hor jarraitzen du nolabait. Musikako irakasle izateko ikasketak ere egin ditu; beraz, badu lotura ofizioarekin.

Pena ematen dizu hurrengo zuzendaria bera ez izateak?

Ni oso pozik nago zuzendaria Txurruka izatearekin. Pentsatu izan dut polita izango litzatekeela tradizioari eutsi eta laugarren belaunaldia ere zuzendaria izatea. Baina oso konforme nago egungo egoerarekin. Gainera, alabari nabari diot geneetan baduela musikarako zaletasuna.

Aritzeta abesbatzaren eta Bergarako Musika Eskolaren zuzendari sortzailea ere bazara.

Arrasate Musikalen nengoela sartu zitzaidan harra. Hura izan zen eskualdeko lehen musika eskola, eta nik han esperientzia handia eskuratu nuen pedagogia eta irakaskuntza aldetik. Ikasitakoarekin, bi proiektu nagusi nituen: Bergarak musika eskola bat eta orkestra sinfoniko bat izatea. Bi gauza horiek zituen Arrasatek, eta sekulako inbidia ematen zidan. Helburuak ezarri nizkion neure buruari, eta lortu nituen. Beti eramango dut nirekin bi proiektu horiek gauzatu izana. Izan ere, musikaz gain, lagunak eman dizkit bandak eta orkestrak; oso harreman estuak sortzen dira horrelako taldeetan.

Ezaguna da emanaldietan zein den zuzendariaren lana, baina ikusten ez den lan asko egongo da atzean, ezkutuan gelditzen den lana. Zeintzuk dira zuzendari baten ardurak?

Obra bat interpretatzerakoan, islatu egin behar da egileak transmititu nahi zuena. Horretarako, zintzoak izan behar gara obrarekin berarekin. Kasu batzuetan, zailtasun maila dela-eta, ez gara gai izaten obra batzuk interpretatzeko. Hori dela eta, zuzendariak ongi ezagutu behar du taldea; jakin egin behar du nora irits daitekeen eta zer egin dezakeen. Musikariak berak ere jakin behar du hori. Azken finean, zuzendariak lotura bat izan behar du musikariekin; konfiantza izan behar da helburuak lortu ahal izateko. Horrez gain, oinarrizkoa da entseatzea. Ikasteko momentua izaten da entseguena; finean, horiek ahalbidetuko dute musikaria garatzea. Orain arte esandakoaz gain, egokitzapenak eta transkripzioak ere egin behar izaten ditu zuzendariak. Hala, taldearen ezaugarrietara moldatu egiten dira piezak.

Kontzertu bat eskaintzean, zein da zuen helburua?

Musikariei zein ikusleei ekarpen bat egiten saiatzen gara; jendea gustura egotea nahi izaten dugu, eta zerbait irakasten ahalegintzen gara. Musikaren historia lantzeko ere aprobetxa daiteke kontzertu bat: landu daiteke antzinako musika, garaikidea edo gaur egungoa, esaterako. Hori dela eta, beti saiatu izan naiz programa askotarikoak prestatzen. Duela urte batzuk, dezente kostatzen zitzaigun jendea kontzertuetara erakartzea, baina mugimendu berezi bat dago orain, non entzuleak etortzen diren emanaldietara. Hori da musikari batek jaso dezakeen saririk onena.

Zuek harrera ona izaten duzue herrian.

Oso ona. Duela urte batzuk, talde herrikoiagoak ziren bandak, eta emanaldi gehiago egiten ziren kalean. Orain ere ez dugu ahazten kalea, baina errepertorio sinfonikoago bat ere badaukagu, landuagoa, musikarien maila altuetara egokitzen dena. Aldatuz doa eskainitakoa, eta, beraz, etorkizunera begira, aurrerapenak eta aldaketak nabarituko dira. Hori da nik zuzendaritza uztearen arrazoietako bat; aldatzeko ordua da.

Aratusteetako kontzertua eskainiko duzue herrian, eta sarrerak berehala amaitzen dira beti. Zer iruditzen zaizue hori?

Izugarria da. Normalean, jende heldua joan izan da horrelako taldeen emanaldietara, baina gazteei ere hasi zaie interesa pizten. Jende gazte gehiago erakartzen dute aratusteetako kontzertuek, informalagoak direnek, eta, hala, ikus dezakete egiten duguna gustatzen zaien edo ez. Urte osoan egiten ditugun kontzertuetan ere ahalegintzen gara publiko horrekin konektatzeko obraren bat interpretatzen; soinu bandekin edo musika berriagoekin saiatzen gara hori egiten. Publikoa gure musikarekin identifikatzea nahi izaten dugu.

Aldatu egin dira jendearen gustuak? Zer entzun nahi du publikoak?

Oso desberdina zen duela 30-40 urteko errepertorioa, klasikoagoa. Bandan, esaterako, zarzuela asko interpretatzen genituen; baina aldatuz joan da hori. Azken urteetan ikusi dugu filmen soinu bandak oso erakargarriak direla publikoarentzat. Oso garrantzitsua da kontzertu batean denetik eskaintzea, entzuleak ikus dezan zer gustatzen zaion gehien. Poliki-poliki ari gara hori lortzeko pausoak ematen. Horregatik diot badela ordua nire zikloa amaitzeko, eta gauzak ez errepikatzeko. Ideia berriak behar direla uste dut.

Zer eskaini dizu musikak?

Musika gai da sentimenduak sortzeko, bai onak eta bai txarrak. Askotan, ez gara konturatzen zer-nolako indarra duen musikak. Ezinezkoa litzateke hura gabe bizitzea, eta niretzat dena izan da musika. Nik ikusi izan dut musikariren bat kontzertuan hunkituta, negarrez, eta zoragarria iruditzen zait hori. Oso bereziak dira taldean sortzen diren adiskidetasunak, eta baita eratu diren bikoteak ere. Urteotan, gauza asko eman dizkit musikak, baina behin baino gehiagotan hustu ere egin nau. Hala ere, aipatutako keinu edo detaile txikiek indartu egiten naute.

Etorkizunean zer lotura izango duzu musikarekin?

Harremana izango dut aurrerantzean ere, baina distantzia hartuko dut bandarekiko eta orkestrarekiko; publikoan izango naiz ni.

Badago orain arte egin ahal izan ez duzun zerbait, eta orain, denbora izanda, egitea gustatuko litzaizukeena?

Gehiago konposatu izana gustatuko zitzaidan, baina denbora asko eskaini diet orain arteko proiektuei. Lan handia izan da gure emanaldietan interpretatu ditugun obrak egokitzea, eta denbora gutxi izan dut nire gauzetarako. Aitak beti esaten zidan egokitzapen gutxiago egiteko, eta nire musikan zentratzeko. Denbora gehiago izango dut hemendik aurrera, eta badaukat konposatzeko asmoa. Proiektu batzuk badauzkat buruan, ea aurrera ateratzen diren.

Leave a Reply

Your email address will not be published.