Zenbaki hutsak baino gehiago

Zenbaki hutsak baino gehiago

Unai Zubeldia

Kontzertu gehienetako kartelak aztertu, eta gizonezkoenak izango dira lau emanalditik hiru, gutxienez. “Eta, horregatik, poztu egiten nau emakumez osatutako kartel bat ikusteak, mutilak egoten baitira normalean, neska bat edo bi ondoan dituztela”. Sara Mansilla artista donostiarraren (1993) hitzak dira. “Horrelako gauzak ondo daude gaur egungo egoera ikusarazteko”. Izaro Andres (Mallabia, 1993), Olatz Salvador (Donostia, 1990), Elena Setien (Donostia, 1977) eta Mansillaren beraren kontzertu berezia dago donostiarraren azalpenaren atzean. Izan ere, Martxoaren 8a ate joka dagoela —Emakumeen Nazioarteko Eguna—, lau emakume musikari horiek Gure Ahotsak egitasmoko lehen kontzertua eskainiko dute hurrengo ostegunean, martxoaren 7an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

“Donostiarekin lotura daukaten hainbat emakume abeslari gazte daude gaur egun. Guztiak sormen prozesu interesgarrian murgilduta dabiltza, eta gogotsu ari dira lanean”. Miguel Martin Donostia Kulturako musika programatzailearen esanetan, ezin zuten galtzen utzi Martxoaren 8aren bueltan sor zitekeen mugimendua, “ez baitago testuinguru egokiagorik publikoari errealitate horren berri emateko”. Gure Ahotsak egitasmoa gorpuztuta, “lehen aukeraketa” egin zuten antolatzaileek. “Eta lau artista horiek aukeratu genituen, beste batzuk ere izan zitezkeela jakinda”. Izenez harago, erronka argia daukate antolatzaileek: “Emakumeek sortzaile gisa bizi duten momentu bikaina erakustea”.

Artista bakoitzak hogei bat minutuko saioa egingo du. “Eta ordu eta erdi inguruko emanaldia izango da, guztira”, azaldu du Martinek. Hori bai, antolatzaileek ez dute argitu ostegunekoa lau kontzertu txikiz osatutako ikuskizuna izango den edo elkarrekin abestiren bat kantatuko ote duten. “Martxoaren 7an Viktoria Eugenia antzokian emanaldi bat eskaintzeko proposatu genien guk, eta begi onez ikusi zuten guztiek. Hortik aurrera, haien esku utzi dugu guztia”. Artista batetik bestera denbora asko gal ez dadin, bakoitzak ondoan bere ohiko musikariak izanagatik ere, “ahal dela” musika ekipo bera erabiliko dute laurek. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abestuko dute.

Donostia eta Mallabia

Donostiarrak dira Mansilla, Salvador eta Setien, baina azken hori Londresen, Bartzelonan eta Kopenhagen bizi izan da. Andres, berriz, Mallabian jaioa da, baina urte asko daramatza jada Donostian bizitzen, eta Eason diskoa kaleratu zuen iaz, Donostiari keinu argia eginez. “Setienek, agian, harreman gutxiago dauka beste hirurekin; ez du askorik kantatu gainerakoekin, baina ikusiko dugu zer giro sortzen den agertokian”.

Lau artistak ez dira bakarrik egongo agertokian. Pablo Costas, Daniel Vallejo, Ander Alonso, Alejandra Artiel eta Juan Jose Cabillas izango ditu ondoan Mansillak; Borja Anton, Julen Idigoras eta Jagoba Salvador Olatz Salvadorrek; Mikel Azpiroz eta Karlos Aranzegi Setienek; eta Iker Lauroba, Oriol Flores, Garazi Esnaola eta Julen Barandiaran Andresek.

Martinek gogoratu du lau artista horiek “ia-ia euren ibilbidea hasi berritan” daudela. “Eta, Izaro, esaterako, auditoriumak betetzen ari da azken bolada luzean. Sara eta Olatz, berriz, oso-oso gazteak dira oraindik, baina sormenerako gaitasun harrigarria daukate biek ala biek. Eta Elenak esperientzia handia dauka nazioartean; proposamen oso garaikidearekin dator”. Donostia Kulturako musika programatzailearen ustez, hiri gutxik eskain dezakete Donostiak taularatuko duen hori: “Hiriarekin lotura daukaten emakumezko artista gazteen goi mailako emanaldi bat”.

Sendotzeko erronka

Iazko Martxoaren 8a “mugarria” izan zela onartuta, Gure Ahotsak egitasmoa ez da sortu urte bakarrerako proiektua izateko. “Urtero beste hainbat artista gazteri aukera ematea eta proiektuak denboran irautea da gure helburua; bide horretan egonkortzea eta sendotzea”, zehaztu du Martinek. “Estilo aldetik, nahiko genuke urtero aurtengoa bezain interesgarria eta kolore askokoa izatea; baina erronka ez da gurea bakarrik, hiriarena baizik, Donostiaren musika errealitatearena”. Osteguneko ekitaldira joan nahi dutenek eskura dauzkate sarrerak www. victoriaeugenia.eus webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatilan bertan, Argentinar Errepublikaren pasealekuan. 18 euro balio du sarrerak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.