Beroketa lanak egiteko

Beroketa lanak egiteko

Unai Zubeldia

Euskarari eskutik heltzea da erronka. Euskaraz gozatzea, euskaraz haserretzea, maitatzea, kirola euskaraz egitea, Klika euskaraz egitea… 11 eguneko eskuz eskuko korrikaldi bat baino askoz gehiago da Korrika; euskara mundura zabaltzeko ariketa erraldoia. Apirilaren 4an hasiko da 21. Korrika, Garesen (Nafarroa), eta apirilaren 14an amaituko da, Gasteizen. Gau eta egun, Euskal Herriko hamaika bazterretara iritsiko da 11 egun horietan, baina 11 egunetik haragoko ekitaldia da euskararen aldekoa.

Beroketa lanetan murgilduta, kultur ekitaldi ugari izango da hurrengo hilabetean, AEK-k eta herrian herriko batzordeek antolatuta. Gipuzkoan, bihar gozatu ahal izango da lehenengo bi ikuskizunekin: Errenterian, Hortzmuga taldearen Jule antzezlana eskainiko dute, 17:30ean, Zumardian; eta Donostian, berriz, mahai jokoaldia egingo dute, 10:00etatik eguerdira lehenengo, eta 16:30etik iluntzera gero, Groseko AEK Irrintzi euskaltegian. Lehen bi ekitaldiak besterik ez dira izango horiek, gero eta emanaldi gehiago lotzen ari baitira herriz herri.

Bi urtez behin, hainbat emanaldi berri prestatzen dituzte Korrika Kulturalerako, eta sei estreinaldi izango dira aurten. Aiko taldearen Garaikideak ikuskizuna, dantza eta musika oinarri dituena; Xabier Zabala musikariaren eta Andoni Egaña bertsolariaren Enkarguz lana, abesti bat sortzeko prozesu guztia taularatzen duena —Beasainen eskainiko dute, martxoaren 15ean—; Hortzmuga Teatroa kale antzerki konpainiaren Jule lana, adin guztietakoentzako antzezlana —bihar, Errenterian—; Beñat Krolem artistaren Oholtza ikuskizuna, bertsolaritza eta eskulturak lotzen dituen emanaldia; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Musua ikuskizuna; eta Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa irudikatuko duen Kalaportu emanaldia —martxoaren 24an, Donostian—.

Bertso emanaldi ugari

Sei estreinaldiez gain, herriz herri ugaritzen ari da kultur eskaintza. Etzi, esaterako, Erradikalak gara ikuskizuna eskainiko dute Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek, 18:30ean, Asteasuko udaletxean. Maletak kontraesanez beteta, bertsoa eta bakarrizketa uztartzen dituzte 70 minutuko saioan. Bertsoak tarte zabala izango du Korrika Kulturalean; urrutira joan gabe, Bertso Korrika egingo dute, hurrengo asteazkenean, Ordizian, eta Iker Zubeldia eta Maialen Akizu ariko dira bertsotan; Errenterian, Eibarren eta Zestoan, berriz, bertso afariak egingo dituzte martxoaren 22an, 23an eta apirilaren 6an, hurrenez hurren.

Korrika apirilaren 7an sartuko da Gipuzkoan, Irundik barrena, eta, Nafarroan, Araban eta Bizkaian ibili ondoren, apirilaren 12an, 13an eta 14an igaroko ditu Gipuzkoako herririk gehienak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.