Elkar lagunduz, elkar elikatuz

Elkar lagunduz, elkar elikatuz

Olatz Mitxelena

Egitasmo berritzaile bat da, emakumeak protagonista dituena. Pasaiako Udalak bultzatuta eta SOS Arrazakeria eta Elhuyar elkarteek elkarlanean dinamizatuta, proiektu pilotu bat abiatu berri dute Pasaian. Herriko emakumeen laguntzarekin, iritsi berriak diren emakumeei harrera integrala egitea eta integrazio prozesuan laguntzea da helburua.

Pasaiako Udalak aspalditik abian jarri zuen lan ildo baten testuinguruan kokatu behar da proiektua. Udalak hainbat egitasmo ditu martxan herrian bizi diren bizilagun guztien aukera berdintasuna eta elkarbizitza positiboa bermatzeko, “ikuspegi komunitario eta barneratzailetik, betiere, iritsi berriei harrera egokia egiteko asmoz”, zehaztu du Maialen Ezkiogak, SOS Arrazakeria elkarteko kideak: jatorri askoko emakumeen taldea, elkar ezagutzeko gunea, harrera protokoloa, aholkularitza juridikoa…

Oraingoan, baina, aurrerapauso bat eman nahi izan dute, eta “mentoretza soziala” ardatz duen proiektu baten aldeko apustua egin dute. Ezkiogak azaldu du mentoretza soziala zer den: “Aspalditik Pasaian bizi diren emakumeek etorri berri diren emakumeei laguntzeko prozesu bat, euren komunitatean txertatzeko bidea arinagoa izan dadin”.

Ondorengoa da helburua: “Lauzpabost hilabete iraungo duen proiektu pilotu baten bidez, herrian erreferente diren emakumeek iritsi berriei herria ezagutzen laguntzea, gizarte sareak sor ditzaten, eta, batez ere, kultura eta aisialdiarekin zerikusia duten ekintzekin harremanetan jar daitezen”.

Mentoreak eta mentoredunak, hala izendatu dituzte proiektuan protagonista nagusi izango diren bi figurak. Aspalditik Pasaian bizi diren emakumeak izango dira mentoreak, eta Pasaiara iritsi berriak mentoredunak. “Emakumeak atzemateko fasea” bukatu berri dute orain, eta zailtasun batzuk izan dituztela aitortu du: “Mentoreak geureganatzeko izan dugu zailtasun gehien, proiektu honek gutxieneko konpromiso batzuk hartzea eskatzen duelako, eta aurreiritzi asko izaten direlako”.

Formakuntza saioak

Boluntarioak izango dira parte hartuko duten emakume guztiak, 18 urtetik gorakoak, eta besteak beste, formakuntza jasotzeko, bileretan parte hartzeko zein bikoteko jarraipen bileretan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute euren gain. “Astean behin elkartu beharko dute gutxienez, eta, horrez gain, bilerak egin beharko dituzte gurekin. Prozesu guztian erreferente berberak mantendu ahal izatea da helburua”.

Proiektuan parte hartuko duten emakume boluntarioak lortuta, formakuntza saioak emateari ekin diote aste honetan bertan, “mentoretza zertan datzan azaltzeko, mentorearen eta mentoredunen funtzioak argitzeko eta zehazteko, eta proiektuaren helburuak eta faseak zein diren komunikatzeko”. Emakume iritsi berriei formakuntza ematen hasi dira lehenbizi, eta ondoren hasiko dira proiektuan gidari izango diren emakumeak trebatzen.

Helburuak eta funtzioak zehazteaz gain, beste hainbat gai ere hartuko dituzte hizpide formakuntza saioetan: “Diskriminazioa, atzerritartasuna, emakume etorkinekiko aurreiritziak eta estereotipoak…”. Formakuntza bukatuta, berriz, bikoteak osatzeari ekingo diote antolatzaileek, eta, ondoren, astean behin elkartzen hasiko dira emakume boluntarioak. “Edozein gestiotan laguntzeko, kafe bat hartzeko, herria ezagutzen laguntzeko, prozesuan aurrera egiteko…”, azaldu du Ezkiogak.

Horrez gain, hamabostean edo hilabetean behin, SOS Arrazakeria eta Elhuyar elkarteetako dinamizatzaileekin ere bilerak egingo dituzte partaideek, “jarraipena egiteko eta bikoteen artean zer moduz moldatzen ari diren ikusteko”. Ekainera arte elkartuko dira bikoteak, eta proiektua “azken fasean” sartuko da ondoren; ebaluazio lanak egingo dituzte orduan. Ondorioak atera, eta zertan huts egin duten eta nola hobetu dezaketen aztertuko dute fase horretan.

Orain baino lehen ere egin izan dira mentoretza egitasmoak, eta SOS Arrazakeriak berak ere badu antzeko egitasmo bat: Urretxindorra. Haur eta gazte etorkinekin garatzen du proiektua. Hizkuntza alorrean ere egin izan dituzte mentoretza proiektuak, baina emakumeekin lehen aldiz ari dira lantzen mentoretza soziala. Bidea, beraz, urratzeke dago oraindik, eta prozesu horretan zer hobetu eta zer moldatu egongo dela aurreikusita ere, “onurak” nabarmendu dituzte proiektuaren arduradunek,”mentoreenak zein mentoredunenak”.

Onurak, guztientzat

Arduradunek argi daukate iritsi berriei inklusio prozesua erraztuko dietela Pasaian, baita harreman sarea zabaltzen eta gaitasun linguistikoak hobetzen lagunduko dietela ere. Baina argi dute onura horiek ez direla izango iritsi berrientzat soilik. “Proiektu pilotu honetan parte hartuko duten emakume pasaitarrek asko dute irabazteko”, zehaztu du Ezkiogak. “Konfort eremutik atera, eta, aurreiritziak kolokan jarrita, errealitate sozial berriak ezagutzeko aukera izango dute. Eta, horrez gain, kulturartekotasunean ere trebatuko dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.