“Ikusleak eskertzen du dantza tradizionalak berritzea”

“Ikusleak eskertzen du dantza tradizionalak berritzea”

Kerman Garralda Zubimendi

Eneko Galdosek (Zumarraga, 1987) dantzan aritzen den modu berean erantzuten die galderei: arinarin. Zumarragako Irrintzi dantza taldean hasi zen dantzan, baina hara eta hona dabil azkenaldian. Hurrengo astean, larunbatean, Biz Hitza ikuskizuna estreinatuko du Aukeran dantza konpainiako kideekin batera, Bilboko Arriaga antzokian, Loraldia jaialdian.

Ikusleek zerekin egingo dute topo Biz Hitza ikuskizunean?

Euskara batuaren historia dantzatuarekin. Euskararen historia da gure istorioaren haria: euskara nola sortu zen eta euskalkietan nola banatu zen dantzatuko dugu; baina, elkar ulertzeko zeuden arazoengatik, euskara batua sortuko dugu gero. Errealitate horren kontakizuna da Biz Hitza.

Martxoaren 16an estreinatuko duzue ikuskizuna. Izango al da beste emanaldirik?

Loraldia jaialdian estreinatuko dugu, eta beste hiru edo lau emanaldi ere izango ditugu gero. Halere, espero dut obra leku batean eta bestean eskaintzen hastean emanaldi gehiago lotu ahal izango ditugula.

Hemen inguruan izango dira emanaldi guztiak?

Oraingoz, Bizkaian eta Gipuzkoan eskainiko ditugu emanaldi guztiak. Ardatza euskara denez, euskal hiztunek osatuko dute gure lehen publikoa, baina formatuak berdinberdin funtzionatuko luke atzerrian. Beraz, zergatik ez joan kanpora? Polita litzateke.

Asko bidaiatzen al da Aukeran dantza konpainiarekin?

Tarteka kanpora joaten gara; urtarrilean, adibidez, Madrilen izan ginen. Halere, hemen inguruan izaten ditugu emanaldi gehienak.

Nolakoa da dantza ikuskizun bat sortzeko prozesua?

Xabier Payak egin du Biz Hitza obraren gidoia, eta hura etorri zen istorioaren nondik norakoak azaltzera. Oso argi zeukan dena, eta halakoetan erraz egiten da aurrera; azken finean, dantza ikuskizun bat talde lan bat da: Edu Muruamendiaraz da obraren zuzendari nagusia, eta haren ardura da azken ukituak ematea, baina, koreografia dezente direnez, denok laguntzen diogu. Bederatzi dantzarioz gain, itzalean lan egiten duen jende asko dago: Ainhoa Aierbe eszena zuzendaria, Nacho Montero dantza garaikideko irakaslea, Oscar Armendariz jantzien arduraduna…

Antzerki konpainia bat dirudi zuenak. Neurri batean, aktore sentitzen al zarete?

Dantzariak gara, ez antzezleak, baina, tarteka, antzerki izaera geureganatu behar izaten dugu istorioak aurrera egin dezan. Erosoago sentitzen gara dantzan jendaurrean hizketan baino, eta, horregatik, guretzat ez da erraza adierazkortasun hori lantzea. Dagoeneko barneratuta dauzkagu dantza mugimenduak, baina zeharo desberdina da jendaurrean sinesgarritasunez hitz egitea. Ainhoa Aierbek laguntzen digu hobetzen.

Dantza ikastean ez al da kontuan izaten antzerki izaera?

Aukeran dantza konpainia osatzen dugunon ikasketa prozesua desberdina izan da. Batzuk dantza klasikotik heldu dira Aukeran konpainiara; beste batzuk, garaikidetik; eta bagaude euskal dantza tradizionalean aritu garenak ere. Ni betidanik aritu izan naiz dantza tradizionalean, eta esparru horretan ez dago ikasketa ofizialik. Alde horretatik, aurrerapausoak ematen ari dira, baina bidea luzea da oraindik.

Zer dela eta?

Beharbada, euskal dantza tradizionalei ez diegu behar duten garrantzia eman. Gaur egun, ia herri guztietan dago euskal dantza tradizionalak erakusten dituen dantza talderen bat, eta haien esku utzi dugu jakintza hori transmititzea. Ez gara arduratu ikasketa sakonagoak lantzeaz. Badaude dantza klasikoko eta garaikideko ikasketak, baina tradizionalekoak, oraindik ez. Galizian, esaterako, estimu handia diete euren dantzei, eta ikasketa aurreratuak egin daitezke han. Ea egunen batean hemen ere hala gertatzen den, hori lortzeko lanean ari den jendea egon badagoelako.

Zumarragako Irrintzi dantza taldean ere bazabiltza egun. Lan handia egiten duzue euskal dantza tradizionalei eusteko?

Festetan, esaterako, oso era tradizionalean egiten ditugu dantzak, baina egoten dira aukerak dantza horiek garaikide bihurtzeko. Uste dugu hori beharrezkoa dela, eta jantziak, mugimenduak eta abar berrituz joan gara azken urteotan. Paradoxikoa dirudi, baina dantza tradizionalak modernizatu egin behar dira haiei eutsi diezaiegun eta atzean gera ez daitezen. Gainera, ikusleei gustatzen zaie, eta eskertu egiten dute.

Ardura handia al da tradizioa aldatzea?

Aldaketa ezin da izan handia eta batbatekoa. Hainbat mugimendu lantzen ditugu euskal dantzetako pausoak oinarri hartuta. Baina zentzuz egin behar dira aldaketak, ikuslea erabat nahas ez dadin. Ikusleak une oro jakin behar du dantza tradizionala ikusten ari dela, jakin behar du oinarrian zer mugimendu dagoen, baina berritasunak ere eskaini behar zaizkio.

Inguruko dantza taldeetan ere ari dira dantza tradizionaletan berrikuntzak txertatzen?

Joera hori orokorra da. Egia da dantza talde guztiek daukatela tradizioa aldatzea gehiago kostatzen den egun bereziren bat, baina guztiok izaten dugu aukera berrikuntzak txertatzeko. Konpainia handiagoek are errazago sartzen dituzte berrikuntzak. Aipatu bezala, Aukeran dantza konpainiaren kasuan, aldaketak ez dira handiak izaten, baina beti aldatzen dugu zer edo zer, ikuskizuna berria eta freskoagoa izan dadin.

Ikuslea, beraz, ez da mesfidatia aldaketei dagokienez.

Toki guztietan dago aldaketak atsegin ez dituen dantzaren puristaren bat, baina, orokorrean, jendeak atsegin handiz hartzen ditu berrikuntzak. Denerako aukera egoten da, eta onuragarria da berritasunak sartzea une egokian eta era atseginean. Publikoak begi onez ikusten ditu aldaketak, ez baititu beti dantza berberak ikusi nahi.

Bateragarriak dira, beraz, tradizioa eta berritasuna?

Noski. Biz Hitza-rekin lotura eginez, euskararen kasuan ere argi ikus dezakegu hori: euskara aldatuz eta modernizatuz joan da, eta euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu oraindik ere. Zerbait hil ez dadin, beharrezkoa da garai berrietara egokitzea. Baina, esan bezala, aldaketak pixkanaka egin behar dira, oso bortitzak izan ez daitezen.

Etorkizunean nolakoa izango da euskal dantza tradizionala?

Ez dakit nolakoa izango den, baina etorkizuna bermatua duela esango nuke. Izaten dira dena beltz ikusten duzun egunak, eta, horrelakoetan, zeure buruari galdetzen diozu ea inori axola dion egiten ari zaren horrek guztiak. Baina, gero, beti agertzen da aurrera egiteko indarra daukan norbait, eta horrelako pertsonek haize freskoa eta lanerako gogoa ekartzen dituzte beti.

Astean zenbat ordu eskaintzen dizkiozu dantzari?

Normalean, astean hiru aldiz entseatzen dugu, eta entsegu bakoitzak bi ordu eta erdiko iraupena izaten du. Halere, estreinaldia gerturatzen ari denez, sarriago elkartzen ari gara azken asteotan.

Erraz uztartzen dituzu dantza eta eguneroko bizimodua?

Bergarako musika eskolan egiten dut lan, eta Urnietan entseatzen dugu. Hara eta hona ibiltzen naiz, beraz; batetik atera, eta bestean sartu. Libreago egoten naiz larunbatetan.

Posible al da dantzatik bizitzea?

Posible da, jendeak lortzen duelako; baina Euskal Herrian ez da erraza. Antzera gabiltza nire inguruko guztiak, denbora handik eta hemendik ateraz.

Musika eskolako lana utziko zenuke erabat dantzan murgiltzeko?

Gustura nabil Bergaran. Dantza irakaslea naiz, eta, beraz, esan dezaket nolabait dantza mundutik bizi naizela. Dantza irakatsi baino nahiago dut dantza egin, baina gustura nabil.

Hortaz, harreman zuzena duzu gaztetxoekin. Asko animatzen al dira dantza egitera?

Boladak izaten dira. Egoten dira ia inork izena ematen ez duen urteak, baina, agian, hurrengo urtean, plaza guztiak betetzen dira. Dantzan hasi nintzenean, adibidez, nire adineko gazte askok eman genuen izena, baina beheraldi handiak ere izan dira gero. Egun ere gertatzen dira halakoak.

Dantza moda kontua da?

Moda… eta gurasoak nolakoak diren. Folklorea gustatzen zaien eta estimatzen duten gurasoak badira, dantzaren harra barruraino sartzen diete seme-alabei. Baliteke horregatik izatea ziklikoa: gurasoak dantzan ibilitakoak izan badira, haurrek ere dantza egiten dute. Eta haur horiek guraso direnean, euren haurrak ere dantza egitera animatuko dituzte.

Dantzan hasten dena ez da sekula gelditzen, hortaz.

Dantzak lotu egiten du [barrez]! Badago gazte uzten duenik ere, baina ikasketak edo lana tarteko kanpora joaten diren askok jarraitu egiten dute, oztopoak oztopo. Gaztetxoak kontuan izan gabe, gaur egun 26 dantzari gabiltza Irrintzi dantza taldean. Orokorrean, dantzarien artean giro atsegina izaten dugu, lagun artekoa, eta erraza da eroso sentitzea.

26 horietatik zenbat zarete mutilak?

Irrintzi dantza taldean izan dira mutil gehiagoko urteak, baina joera orokorra da hori; Bergaran ere gero eta mutil gutxiagok ematen dute izena azkenaldian. Baina dauden horiek gustura daude, eta ziur nago probatuko balute gustura errepikatuko luketela askok. Mutilei, ordea, kosta egiten zaigu lehen pauso hori ematea.

Dantzarako arazo bihur liteke gero eta gizonezko gutxiagok dantza egitea?

Gaur egun, jada, guztiok denetik egiten dugu. Irrintzin bai, behintzat, eta beste dantza taldeetan ere, orokorrean, hala dela esango nuke. Rolak ez ditugu banatzen generoaren arabera, eta ez dago arazorik. Halere, pena ematen dit dantzan gero eta gizonezko gutxiago ikusteak.

Emakumezkoak baino lotsatiagoak dira gizonezkoak, ala?

Gaur egun, haurrak eskolatik kanpoko ekintzaz beteta bizi dira: kirola, musika, ingelesa… Aukeratu egin behar da, azkenean ez baitira denera iristen, eta, alde horretatik, kirolak indar handia dauka. Futbola, pilota, saskibaloia… Mutiko gehienek nahiago dute kirola egin, dantza egin baino.

Ez da izango maskulinitatea eta dantza egitea ez direlako elkarren ondoan irudikatzen?

Hala gertatzen da, bai. Tristea da, baina argi ikusten da horrela dela; eta umetan gehiago, beharbada. Mutiko askok probatu aurretik ezetz esaten diote dantza egiteari, uste dutelako nesken kontua dela; baina guztiz oker daude. Dena den, boladaka doanez, baliteke datorren urtean mutiko askok ematea izena dantza eskoletan, eta jabetzea dantza denontzako esparrua dela.

Gustatuko litzaizuke Aukeran dantza konpainia gazteenentzako erreferente bihurtzea?

Uste dut denoi dagokigula aurreiritzi oker horiek aldatzea. Gainera, irakaslea naizenez, gazteei zuzenean erakutsi diezaieket gizonezkoentzako esparrua ere badela dantza. Egia da ez dagoela dantza irakasle gizonezko askorik, eta, azkenean, gurpil zoro bihurtzen da gaia. Pixkanaka, dantzaren munduan gabiltzan gizonezkook apurtu egin behar ditugu uste oker horiek guztiak, eta frogatu behar dugu dantza mundu guztiarentzako dela balekoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.