Putzuzulo, elkartasun gune

Putzuzulo, elkartasun gune

Aitziber Arzallus

Martxoaren 8a da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Eta Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarrikapenekin bat datozen emakumeentzat, greba egiteko eguna ere bai. Bost ardatz ditu oinarrian gaurko grebak: ikasleak, enplegua, kontsumoa, pentsiodunak eta, batez ere, zaintza. “Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa” eskatzen dute, “pertsonen zaintza ez dadila zapalduen bizkar geratu”. Amantalak balkoian eskegi, eta kaleak hartuko dituzte grebarekin bat egiten duten milaka emakumek.

Eta gizonek? Zer egin dezakete mugimendu feministaren aldarrikapenekin eta grebarako arrazoiekin bat datozen gizonek? Nola adierazi babesa? “Zaintza izango da gizonezkoen egitekoa”. Emakumeei grebarako deia egitearekin batera, gizonezkoei eskaera zuzena egin die mugimendu feministak: “Zaintza lanen ardura modu autonomoan hartzeko eta antolatzeko”; hau da, zaintza bere egiteko, eta lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatzeko. Eta halaxe egin dute Zarautzen. Emakumeei greba egitea eta mobilizazioetan parte hartzea errazteko, Putzuzulo gaztetxea zaintza gune bilakatuko dute gaur, eta gizonak arduratuko dira behar guztiei erantzuteaz.

Hodei Esteban da Zarautzen Martxoaren 8rako gizonen zaintza sarea antolatzen ibili denetako bat. “Mugimendu feministak egiten duen hausnarketa da greba egunean gizonon lekua ez dagoela manifestazioko lehen lerroan. Eta arrazoizkoa da: gizonok bagara arazoaren sortzaileak, konponbiderako borrokan ezin gara emakumeen parean egon”. Horren jakitun izanda ere emakumeei babesa adierazi nahi zietela azpimarratu du Estebanek. “Greba egiteko erraztasunak eman nahi genizkien, eta, horretarako, gaztetxean zaintza gunea jartzea erabaki genuen, euren haurrak edo zaintza behar duen beste edozein hara eraman dezaten”.

Gaztetxea egokitu egin dute zaintza gune gisa erabiltzeko. “Goian, haur txikienentzat espazio bat prestatu dugu, koltxonetekin-eta. Kontzertu gelan, musikarekin zerikusia daukaten gauzak jarri ditugu, umeekin jolasean ibiltzeko, eta pintura txoko bat ere prestatu dugu”. 16:30etik 20:30era egongo da irekita Putzuzuloko zaintza gunea —beharrezkoa zen aurrez izena ematea—.

Asteak dira herriko hainbat gizon elkartzen hasi zirela, gaurko zaintza gunea antolatzeko. Greba egunean izango zituzten beharren berri emateko eskatu zieten emakumeei, eta gizonei, berriz, zaintzaile gisa parte hartzera animatzeko. Hainbat bide izan dituzte lanketa horretarako: posta elektronikoa, joan den asteburuan udaletxe plazan jarri zuten mahaia, eta guztia antolatzeko egin dituzten batzarrak. Estebanen ustez, “erantzun ona” izan du egitasmoak, zaintzaileen zein erabiltzaileen kopurua egunez egun handituz joan baita.

Egitasmoaren beste alde on bat ere nabarmendu du zarauztarrak: askotariko jendeak izena eman izana. “Gaztetxean ibiltzen garenoz gain, beste gizon batzuk ere azaldu dira zaintza gunea antolatzeko egin ditugun bileretara: erretiroa hartuta daudenak, Putzuzulon ibiltzen ziren guraso taldekoak, eta gaztetxeko asanbladako kide ez diren herriko beste gazte batzuk ere bai”. Horregatik, esperientzia “interesgarria eta aberasgarria” izango dela uste du Estebanek. “Bai greba egunean zaintza bermatze aldera, eta baita gizonon egitekoari buruz hitz egiteko eta hausnartzeko aukera emango digulako ere”.

Egitasmoa “eredugarria” izango dela uste du zarauztarrak. “Oro har, sortzen diren mugimendu berrien buruan jarri nahi izateko eta protagonistak garela sentitzeko joera izaten dugu gizonok, baina ohartu behar dugu ez dela gure momentua eta pauso bat atzera ematea tokatzen zaigula. Gizonok ikasi egin behar dugu atzean egoten, gu garelako arazoa”. Zaintza gunea antolatzea lehen urratsa izan delakoan dago Esteban, hemendik aurrera gisa bereko ekinaldi gehiago etorriko direla uste baitu. “Bai gai honen inguruan, baina baita beste edozein gairen inguruan ere. Ingurune desberdinetako pertsonak elkartzea lortzen dugunean, beti saiatzen gara bilkurari probetxua ateratzen, jendea ezagutzeko, jendearen egoerak ezagutzeko; eta horrek, aurrera begira, beti ekartzen ditu elkarlanerako aukerak”.

Denborarekin ikusiko dute lanketa horrek emaitzarik eman duen edo ez. “Oraingoz, ez da gutxi jende berria ezagutzeko aukera izate hutsa, aurrez aurreko harreman hori eraikitzen hastekoa. Aukera horiek bultzatzen dituzten ekintzak egiten jarraituko dugu guk”. Zaintza gune bat antolatu duten lehen aldia izaki, Esteban ziur dago ikasteko balioko diela. “Beste kasu batzuetarako baliagarri izango zaizkigun gauza asko ikasiko ditugu, eta ez emakumeek greba egiten duten egunetan zaintzaz arduratzeko bakarrik; gure egitekoa da urtean zehar zaintzaren ardura guztia emakumeen gain ez uztea”.

Beste toki batzuetan ere bai

Zarautzen ez ezik, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere antolatu dituzte zaintza guneak, emakumeek greba egiteko eta mobilizazioetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Usurbilen, adibidez, Askatasuna plazan egongo da zaintza gunea, eta eguerdian eta arratsaldean izango da martxan; Azpeitian, herriko bi ludoteketan eskainiko dute zerbitzua —kalekoan, zortzi orduz; eta Sanjuandegikoan, lau ordu eta erdiz—; eta Hernanin, Urumea Herrigunean egongo da zaintza gunea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.