Aitziber Gorrotxategi: “Eguzki argiak hondatu egin ditu labar margoak Danbolinzulon”

Aitziber Gorrotxategi: “Eguzki argiak hondatu egin ditu labar margoak Danbolinzulon”

Eider Goenaga Lizaso

Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea da martxoa, eta Ekainberrik, Ekaingo haitzuloaren erreplikak, Danbolinzulo haitzulorako bisita gidatua antolatu du astelehenerako. Aitziber Gorrotxategi (Aizarna, Zestoa, 1981) gidari aritzen da Ekainberrin, eta astelehenekoa “bisita berezia” izango dela azpimarratu du, haitzuloa itxita baitago berez. Azken hamarkadan inguru horretan antzeko beste bospasei haitzulo aurkitu dituztela jakinarazi du gidariak.

Zer historia dago Danbolinzulo haitzuloaren atzean?

Arkeologo talde bat 80ko hamarkadaren hasieran hasi zen ikertzen Danbolinzulo haitzuloa. 2014ko abenduan, lehendik ezagutzen zituzten haitzuloetara itzultzen hasi ziren arkeologo horietako batzuk, eta orduan konturatu ziren Danbolinzulon, agian, labar artea zegoela, orban gorri batzuk aurkitu baitzituzten hormetan, eta historiaurrekoak izan zitezkeen. Hainbat azterketa egin eta gero ondorioztatu zuten baietz, orban gorri horiek labar artea zirela.

Ordura arte irekita egon zen haitzuloa?

Bai. Inguruan sasi pila zeukala, hori zen babes bakarra. Zestoako adin ertaineko talde bat aspalditik ari zen esaten umetan Ertxiña mendira igotzen zirela maisu batekin, eta handik ikusten zutela Danbolinzulo haitzuloa. Azkenaldian, hara joan behar zutela esanez ari zen kuadrilla hori, eta aurkikuntza egin zuten sasoi bertsuan iritsi ziren Danbolinzulora. 25-30 urtean erabat ahaztuta izan eta gero, bi talde aldi berean iritsi ziren, azkenean, gune horretara.

Labar artea aurkitu zutenean, itxi egin zuten haitzuloa, ezta?

Hala da, bai. Labar margoak aurkitzearekin batera itxi zuten, eta inor ez sartzeko hesi bat jarrita dago gaur egun.

Astelehenean aukera izango da, ordea, bisitatzeko. Aukera polita da ingurua ezagutzeko, ezta?

Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea ospatzen ari gara martxoan; duela bospasei urte sortu zen mugimendu hori, itsas inguruan dauden ondare elementuak balioesteko, eta berrogei museo eta interpretazio zentro baino gehiago daude sartuta, askotarikoak. Gure kasuan, Danbolinzulo jendeari erakustea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaigun. Barrualdean dago haitzuloa, ez dago kostaldetik gertu-gertu, baina itsasoaren zati bat ikusten da Danbolinzulotik.

Nola antolatu duzue bisita? Zenbat pertsonarentzat egongo da lekua?

Bisita bakarra egingo dugu, martxoaren 18an, 10:00etan, Zestoako turismo bulegotik abiatuta. Hamar pertsonarentzat egongo da lekua; oso bisita murriztua izango da. Izan ere, oso zaila da haitzulora iristea; mendi malkar batean dago, eta nahiko baldintza fisiko onak behar dira hara igotzeko. Oso-oso txikia da, gainera, haitzuloa bera, eta ez dauka gaitasunik multzo handiagoak hartzeko. Horregatik, bi taldetan banatuko ditugu hamar lagunak.

Hamar lagun baino gehiago inguratzen badira, nola egingo duzue aukeraketa?

Zestoako turismo bulegoan, dagoeneko, zabalik dago zerrenda, eta baldintza hori jarri dugu: nahitaez bulegora joan beharra dago izena ematera; ezin da deitu telefonoz, eta posta elektroniko bidez ere ezin da idatzi. Izena ematen dutenei bezperan bidaliko zaie abisua hurrengo egunerako argibide batzuk emanez. Mendi malkartsua da, eta eguraldiaren mende ere bagaude.

Orain arte egindako azterketen arabera, Ekaingo haitzuloan bizi izan zirenen garai berekoak al dira Danbolinzulon egon zirenak?

Ikertzen ari dira oraindik, baina, printzipioz, Solutre aldikoak dira Danbolinzuloko marrazkiak, duela 18.000 urte ingurukoak, eta garai berriagokoak dira Ekaingo marrazkiak, duela 13.000-14.000 urtekoak. Beste istorio bat kontatzen ari zaizkigu, beraz.

Zer motatako marrazkiak dira Danbolinzulokoak?

Margo gorriak dira, eta, hainbat animalia ikusten dira, baina oreinak dira nagusi. Animalien irudiekin batera, badaude zenbait zeinu eta sinbolo ere, eta orban eta puntu gorrietako batzuk zeinu edo sinbolo gisa interpretatu izan dira Danbolinzulon. Arazoa da haitzuloak eguzki argia jasotzen duela ia espazio guztian, eta horrek oso azkar hondatu dituela margoak. Gaur egun, ikusi, ikusten dira, baina gidari baten azalpenik gabe oso zaila da gauzak non dauden jakitea, eta gerta liteke bertatik konturatu ere egin gabe igarotzea. Hain zuzen ere, horixe gertatu zitzaien 80ko hamarkadako ikertzaileei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.