Ibilbide berbera, kutsatu gabe

Ibilbide berbera, kutsatu gabe

Imanol Saiz

Jendetza biltzen da, egunero, Irungo Zaisa, Fermin Calbeton edo Zabaltza plazako autobus geltokietan. Astelehenetik igandera, ehunka irundarrek erabiltzen dute L1 linea, Bidasoko Ospitalera, lanera nahiz San Miguel ingurura joateko. Hiriko linea gisa gehien erabilia da; urtean, milioi bat bidaiari baino gehiago mugitzen ditu.

Bada, zerbitzu horrek erabateko aldaketa izan berri du. Duela bi aste, lau autobus berri aurkeztu zituen Irungo Udalak, erabat elektrikoak, eta, ordutik, Zaisa-Ospitalea ibilbidea egiten ari dira autobus berri horiek. Zerbitzu horri esker, linea osoa erabat elektrikoa duen Euskal Herriko lehen hiria da Irun. Jose Antonio Santano Irungo alkatearen hitzetan, “mugarria” da zerbitzu berria.

Asteartea da, eta goizeko lehen ordutik ilara luzea sortu da Zabaltza plazan. Badator autobusa, baina lo ez daudenak soilik ohartu dira horretaz. Erabateko isiltasunean, geldialdia egin, eta 25 bat lagun igo dira autobusera. Badoa ospitalera, baina ez orain arte bezala; ingurumenarekiko lehen baino errespetu handiagoarekin zeharkatzen ari da hiria, orain gutxiko kutsadura eta isuri kaltegarririk gabe.

Oso isilak dira autobus berriak. Erabiltzaileen elkarrizketez harago, ez da ia ezer entzuten, ezta motorraren soinua ere. Rosa Amelia Paz gidariak barrez azaldu du erabiltzaileak, oraindik, ez direla ohitu: “Ez dute entzuten autobusa, eta askotan ohartu ere ez dira egiten iritsi naizela”. Erabiltzaileek ere bat egin dute gidariaren hitzekin. “Zabalagoa da autobusa, eta oso soinu gutxi entzuten da”, adierazi du Maria Angeles Zabalak. Egunero erabiltzen du L1 linea, eta pozik dago orain arteko zerbitzuarekin. “Lehentasuna kutsadura saihestea da, eta etorkizunean autobus guztiak horrelakoak izatea espero dut”, gaineratu du.

Erabiltzaileek bezala, gailu berrira egokitu behar izan dute gidariek ere. Oraindik horretan ari direla azaldu du Pazek, baina trebetasunez ari da gidatzen ibilgailu berria. “Oro har, atseginagoa da gidatzea, eta dena da samurragoa. Gainera, zenbat eta gutxiago kutsatu, orduan eta hobea izango da denontzat”.

Ospitalera iritsi bezain laster, autobusa kargatzea da gidarien betebeharra. Ibilgailuak kargatzeko gailua jarri dute bi geltoki nagusietan, Zaisakoan eta Bidasoko Ospitalekoan, eta ia erabat kargatzeko aukera ematen du minutu gutxian. Bost minutu eskasean, %10etik %94ra igo da bateriaren marratxoa. Hamabost kilometroko autonomia daukate ibilgailu berriek. Irungo Udaleko Mugikortasun Saileko ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, gainera, autobus zaharrek zituzten ezaugarri berberak dituzte lau autobus berriek.

Etorkizuna ere elektrikoa

Labordaren esanetan, CO2 isuriak murrizteko ekin diote autobusak berritzeari. “Udalak beti defendatu izan du mugikortasun eraginkorrarekin duen konpromisoa”. Autobusaren onura nagusia “berotegi efektuko gasen isuria eta kutsadura akustikoa murriztea” dela azaldu du Mugikortasun Saileko ordezkariak. Herritarrek, oraingoz, harrera ona egin diote zerbitzu berriari.

Halere, kexu dira zenbait erabiltzaile, adinekoak eta ospitalera doazenak bereziki. “Autobusak zabalak badira ere, eskailera asko dauzkate eserlekuetara iristeko, gehiegi”, dio Jose Manuel Clemosek. Ez da kontu horrekin kezka azaldu duen erabiltzaile bakarra. “Zentzugabea da ospitalera doan pertsona batek esertzeko eskailera horiek igo behar izatea”, gehitu du Blanca Lopezek —egunero erabiltzen du zerbitzua—. Beste askok bezala, hark ere autobusa egoera horietara egokitzeko dei egin dio udalari.

“Hamar urtean IrunBus zerbitzu guztia elektrikoa izatea da gure proposamena”. Etorkizunari begira, argi dauka udalak. Erakunde gisa, gainera, “arduratsu” jokatzeko beharra daukatela nabarmendu du Labordak. “Linea berri honekin, inoiz baino zentzu handiagoa hartu dute mugikortasun eraginkorraren aldeko gure mezuek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.