Erizainek eta gorrek elkar hobeto ulertzeko piktograma bat sortu dute

Erizainek eta gorrek elkar hobeto ulertzeko piktograma bat sortu dute

Unai Zubeldia

Larunbata. 02:00ak. Erori, buruan kolpea hartu, eta larrialdietara joan behar izan du pertsona batek. Gorra da. Nola azaldu medikuari zer gertatu zaion, hark zeinu hizkuntza ez badaki? Entzumen arazoak dauzka Ainhoa Ruiz de Angulok —Zeinu Kaxako irakaslea da—, eta beste bi kasu ere jarri ditu mahai gainean: “Ebakuntza batean, nola komunikatu medikuek maskaratxoa jarrita badaukate? Edo familia medikuak deitu zain gaudenean, zer egin medikuak hitzez bakarrik esaten badu gure izena? Komunikazio arazo bat sortzen da hor”.

Gorren egunerokoa mugaz josita dago, eta, hori jakinik, osasun etxeetako langileen eta gorren arteko harremana errazten laguntzeko piktograma bat sortu du Raquel Ule osasun mentaleko erizain espezialistak, Gipuzkoako Erizainen Kolegioarekin elkarlanean —gaur egun, Gipuzkoan, 15.000 herritar inguruk dauzkate entzumen arazoak—. “Informazioa modu erraz eta oinarrizkoan trukatzeko tresna da piktograma, eta eguneroko muga horiek hausten lagunduko du”. Piktogramaren 1.500 ale banatuko dituzte Gipuzkoako osasun etxe publiko eta pribatuetan, tamaina handian eta txikian. Horrez gain, joan den urritik zeinu hizkuntza ikasteko 60 orduko ikastaro bat egiten ere ari dira hainbat mediku eta erizain, egokitzen denean pertsona gorrei lehen arreta eskaini ahal izateko. “Komunikazio muga hori ez delako pertsona gorren arazoa bakarrik, guztiona baizik. Ahalegina ez lukete gorrek bakarrik egin beharko”. Gemma Estevez Gipuzkoako Erizainen Kolegioko presidenteordeak gogoratu du euren jardunean “oso garrantzitsua” dela pazienteekin izaten duten komunikazioa. “Ezinbesteko tresna da guretzat”.

24 orduko arreta eske

Eguneroko muga horiek guztiek “estresa, antsietatea, frustrazioa, segurtasun falta, beldurra, haserrea eta autoestimu baxua” eragiten dizkiete, Ruiz de Angulok eta Cristina Campok gogoratu dutenez —Campok ere entzumen arazoak ditu, eta Zeinu Kaxako irakaslea da—. “Horregatik eskatzen dugu osasun etxeetako langileek gutxieneko maila bat izan dezaten zeinu hizkuntzan, 24 orduko arreta izan dezagun eta seguruago joan gaitezen haiengana”.

Piktogramak zenbait seinale eta sintoma biltzen ditu: mina, zorabioa, sukarra, maiztasuna, kolorea, gorputz atalak… “Oso tresna praktikoa da diagnosia azkar eta erraz egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.