Pintzelkada moreak

Pintzelkada moreak

Karmele Uribesalgo Alzola

Emakumeek sortutako arteak bi txoko izango ditu Debagoienean hilabete honetan: Arrasateko Kulturate, eta Bergarako Aroztegi aretoa. Herriko emakume sortzaileek erakusketa bana osatu dute toki horietan, euren lanekin. Martxoaren 8a aprobetxatuta, emakumeen lanak ikusarazi nahi izan dituzte.

Arrasaten hirugarren urtez antolatu dute Artean 3 erakusketa. Herriko hamar emakumek hartu dute parte aurtengoan, eta nork bere lanak aurkeztu ditu —hogei bat daude guztira—. Hainbat esparrutakoak dira egileak: margolariak, marrazkilariak, goi mailako joskintza diseinatzailea, graffitilaria eta bitxigilea. Hori dela eta, antolatzaileek azaldu dute “arte garaikidearen mostra askotarikoa” dela aurtengoa; pintura, ilustrazioak eta instalazioak daude, besteak beste, Kulturateko klaustroan. Martxoaren 29ra arte egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.

Ekin Emakumeak elkartearen ideia bat izan zen erakusketaren abiapuntua. Artean-eko kideak gaur egun talde horrekin elkarlanean aritzen dira, baina aurten modu “autonomoagoan” osatu dute erakusketa.

Artista eta proiektuko antolatzaileetako bat da Helena Azkarragaurizar, eta adierazi du artelanak erakusketaren eremura moldatzen saiatu direla; klaustroa “infektatu” nahi izan dutela. Gai bat zehazten dute urtero, eta prozesua da aurtengoa. “Helburua da artisten lana publikoari gerturatzea; erakutsi nahi diogu zer egiten dugun, zeintzuk diren arazoak, eta zer prozesu jarraitzen dugun”, azaldu dute antolatzaileek.

Prestatu duten erakusketa aukera berezi bat dela azpimarratu dute, “normalean herrian izaten ez den eskaintza bat”. Publikoarentzat aberasgarria bada ere, artistei ere ekarpen handia egiten die proiektuak: “Elkar ezagutzeko eta lanak partekatzeko aukera ematen digu”, azaldu du Azkarragaurizarrek. Artearen inguruan hitz egiteko eta eztabaidatzeko garai aproposa dela gaineratu du.

Erakusketa aberasteko beharra ere sentitu dute antolatzaileek, bere horretan “enkriptatuta” geldi zitekeela pentsatuta. Hori dela eta, programa zabalago bat prestatu dute. Martxoaren 21ean eta 28an, 17:30ean, bisita gidatuak egingo dituzte artistekin. Horren ostean, hilaren 21ean, 19:30ean, zine foruma izango da; Lou, dantzan jo ta ke oinak lehertu nahian dokumentala izango da ikusgai, eta zuzeneko musika saioa eskainiko du Okimoki taldeak. Hilaren 28an, berriz, Todas las mujeres que conozco dokumentala emango dute, 18:30ean, eta erakusketaren inguruko katalogo baten aurkezpena ere izango da. Eskuragarri izango dute bertaratutakoek, dohainik.

Zailtasunei aurre egiten

Artean 3 proiektuko kidea da Lexuri Doyague, eta Arrasateko erakusketan parte hartu du. Doyaguek uste du gainontzeko esparru guztietan gertatzen den bezala, artean ere emakumeak ez duela gizonak duen presentzia bera: “Oraindik badauzkagu pauso batzuk emateko”. Aukera eta espazio falta izaten dutela dio Azkarragaurizarrek: “Ofizio guztietan bezala, trabak, zailtasunak eta konplikazioak ditu emakume izateak”.

Antzeko iritzia dute Bergarako Emakumien biharra erakusketaren antolatzaileek. Arduradunetako bat da Aintzane Conde, eta, haren iritziz, historian zehar emakumea gehiagotan izan da musa artista baino: “Ohikoagoa da emakumea koadroetan protagonista gisa ikustea, haren irudia erabilita”. Condek erantsi du gizonezkoak izaten direla margolari ezagun gehienak.

Maite Azkargortak ere hartu du parte Bergarako erakusketan, eta beharrezkoa iruditzen zaio “emakumeen ideia eta gustuekin” egindako proiektu bat antolatzea: “Gizonezkoen ikuspuntutik egindako erakusketak ikustera ohituta gaude”.

Bergarako 27 artistaren lanez osatuta dago Emakumien biharra, eta Aroztegi aretoan egongo da ikusgai, hilaren 24ra arte. Horientzat ere hirugarren urtea da, eta antolatzaileek azpimarratu dute adin guztietako artisten obrak daudela bertan. Lierni Narbaiza artistak azaldu du herritarrengana iristea erraztu diela horrek: “Erakusketetara jende heldua etortzen da normalean, baina gazteak ere gerturatzen dira gurera”. Condek azaldu du “ohikoa den horretatik” ateratzen dela erakusketa, eta batez ere inaugurazioan izaten duela harrera ona, ikuskizunak prestatzen dituztelako —hilaren 7an ireki zituzten ateak—.

Gai bat aukeratu dute bergararrek ere, eta horri lotuta daude lan guztiak. Instalazio moduan planteatu dute erakusketa, eta elkarrekin lotura daukate obrek: “Emakume dendariak jarri ditugu ardatzean, eta komertzioka banatu dugu aretoa”. Diziplinari dagokionez, pintura da gehiengoa, baina zeramika, tapizak, eskulturak, argazkiak eta bideoak ere badaude. Condek zehaztu du ez dutela mugatzen edukia: “Nahi duenak hartzen du parte, eta sortzen duena jartzen dugu erakusgai”. Ahoz aho zabalduz joan da egitasmoa, eta horrela batu dira artistak. Datozen edizioetarako ere inori ez dizkiote itxi ateak, eta nahi duenak izango du parte hartzeko aukera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.