Txostena

Hainbat motatako giza eskubideen urraketak jasan dituzten 380 pertsona eta motibazio politikoko biolentziaren ondorioz gertatutako beste 36 biktima dokumentatu ditu Aranzadik Hernanin. Ondorengoak dira txostenean jasotako urraketak:

Bizitza eskubidea. Hamabost pertsonari urratu zitzaien bizitzeko eskubidea: zazpiri ETAk, lauri BVEk, biri GALek eta bati Triple A-k. Beste biktima baten kasuan, egilea ez da jakinekoa, baina susmoa da eskuin muturreko GAAE izan zela.

Osotasun fisiko, psikiko eta morala. 248 pertsonari eragin dieten 296 kasu daude. Horietatik, torturak salatu zituzten 184k. Hemen sartzen dira, halaber, atentatuetan zaurituak, eskuin muturreko taldeen erasoak jasandakoak, bahituak…

Mehatxu larriak. 51 pertsona eta 75 kasu jasotzen ditu Aranzadiren txostenak. Espazio publikoan gertatu ziren 75 kasuetako 28, eta kolektiboren bateko pertsonen aurkakoak izan ziren mehatxu horietako 39, alderdi politikoetako militanteen aurkakoak, batik bat. Aranzadiren txostenak dio, halaber, zenbait kasutan “etengabeak” izan zirela mehatxu larriak eta izua eragiteko ekintzak, hilabete edo urteetan.

Estortsioa. Bost kasu identifikatu ditu Aranzadik. Hiru kasu partikular eta bi enpresa. Identifikatzea eta dokumentatzea gehien kostatzen den urraketa mota dela eta atal horretan datuak herren daudela onartu du Aranzadik txostenean bertan.

Ondasun materialen kontrako atentatuak. Bi taldetan sailkatzen dira atentatuak: 39 dira pertsona fisikoen ondasun pertsonalen kontrakoak, eta 34 pertsona izan dira kaltetuak. Enpresa, alderdi politiko eta instituzioen ondasun materialen kontrako atentatuak, berriz, 182 kontabilizatu ditu Aranzadiren txostenak.

Motibazio politikoa duten beste heriotzak. Nazioartean giza eskubideen urraketa gisa katalogatuta ez dauden hogei heriotza zenbatu ditu Aranzadik Hernanin. Horietatik bost polizia indarren kontrako borroka armatuetan (tiroketak) hil ziren, hiru lehergailuak manipulatzen ari zirela, beste hiru deportazio egoeran, bat kartzelara bisitan zihoala izandako istripuan eta beste batek bere burua hil zuen kartzelatik irten ostean. Beste kasuak “sailkatzen zailak” direla dio Aranzadik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.