Ana Maria Briongos: “Irani buruzko irudi faltsua jasotzen dugu”

Ana Maria Briongos: “Irani buruzko irudi faltsua jasotzen dugu”

Eider Goenaga Lizaso

Ana Maria Briongos (Bartzelona, 1946) Tolosako Topic-en izango da gaur, 19:30ean, hitzaldia ematen. Idazlea eta bidaiaria da; lanerako eta bizitzarako inspirazio iturri ditu bidaiak. Afganistan, Iran eta India izango ditu hizpide. 1968an Afganistanera iritsi zen, eta gerora ezagutu ditu besteak. Besteak beste, herrialde horietan izandako aldaketa handiez eta hango emakumeez hitz egingo du Briongosek Tolosan, Amalur jardunaldien barruan.

Emakumeak, budak, aiatolak eta talibanak hitzaldia egingo duzu. Erakargarria da izenburua. Nondik dator?

Badira 50 urte herrialde horietara joaten naizela, denbora luzerako edo laburrerako, eta urteotan guztiotan ikusi ditudan aldaketa handiengatik jarri diot izenburu hori: Afganistanen, talibanak sortu dira —ni joan nintzenean ez ziren existitzen—; Iranen, aiatolen erregimenarekin dena nola aldatzen zen ikusi nuen; eta Indian ere aldaketa handia gertatzen ari da.

Emakumea da izenburuan agertzen den laugarren elementua.

Sukalderaino sartzeko aukera izan dut herrialde horietan; hango emakumeekin ibili naiz, eta nola bizi diren ikusi dut. Hori gizonek ezin dute egin, ezta bikotekidearekin bidaiatzen duten emakumeek ere. Herrialde horietara bakarrik bidaiatzen duten emakumeak, berriz, ez dira asko.

1968an, zerk erakarrita joan zinen herrialde horietara?

Nik ez nekien oso ondo nora nindoan. Atzean utzi nahi nuen hemengo giro itogarria; bai gure herriak bizi zuena, bai nire etxekoa. Abentura nahi nuen, beste kultura batzuk ezagutu nahi nituen, eta ekialderantz jotzea erabaki nuen. India nuen buruan abiatu nintzenean.

Baina ez zinen iritsi.

Ez. Autobusez egin nuen bidaia, eta toki pila bat pasatu nituen: Jordania, Siria, Irak… Ez ninduten erakarri, eta ez nintzen gelditu. Irandik ere igaro nintzen, baina orduan ez zitzaidan batere gustatu. Baina Afganistanera iritsi, eta paradisua iruditu zitzaidan. Mendi artean erdi galdutako herri bat zen, eta ia 2.000 urte atzera egitea bezala iruditu zitzaidan; telefonorik eta telebistarik gabe, han inork ezin zintuen aurkitu. Oso harrera ona egin zidaten, eta han galtzea erabaki nuen.

Zer gelditzen da orduko Afganistan hartatik?

1968tik 1976ra denboraldi luzeak igaro nituen han; Kabulen eta Kandaharren batez ere. Baina urte asko dira ez naizela itzuli. Garai hartan egindako lagun asko ditut, eta oso gertuko izatera iritsi dira batzuk. Baina, tamalez, gerran hil ziren lagun asko, edo espetxean egon ziren luzaroan, edo ihes egin zuten. Munduan barreiatuta daude gelditzen zaizkidan lagunak, ez Afganistanen. Izugarria da herri horrek zenbat sufritu duen.

Emakume gisa, nola bizi izan zinen Afganistanen?

Iran eta Afganistan mendebaldartzen ari ziren lehenengoz joan nintzenean. Monarkia bat zen Afganistan, eta erregeak berrogei urte zeramatzan karguan. Ondo antolatutako egonkortasun batean bizi ziren, eta hemen bezala janzten nintzen ni, inolako arazorik gabe.

Iranen ere bai?

Bai, Iranen ere bai. Ni minigonarekin ateratzen nintzen kalera.

Eta nola bizi ziren emakumeak?

Nirea hirugarren sexu moduko bat zen herrialde horietan. Gizonen bileretan parte hartzen uzten zidaten, eta sarbidea nuen soilik gizonentzat ziren hainbat tokitan; baina, aldi berean, emakumeen munduan ere banuen sarbidea. Hango emakumeei egiten uzten ez zieten gauza asko arazorik gabe egin nitzakeen nik, kanpokoa nintzelako. Egia da, halaber, Afganistanen mendebaldartuta zeuden familien gunean ibiltzen nintzela: ikasketak zituzten, jende irekiagoa zen… Mundu artifizial samarra herrialdeko gainerako lekuekin alderatuta. Emakumeek burka eramaten zuten beste toki askotan.

Beste ikuspegi bat eman zizun sukalderaino sartzeak?

Bai. Etxeak handiak izaten ziren, eta familiak, oso zabalak: aitona-amonak, osaba-izebak, lehengusu guztiak… Afganistango familiak oso endogamikoak ziren, eta etxekoek bakarrik ezagutzen zuten etxe barruko giroa. Barrura sartzeak beste mundu bat erakusten zizun. Gizonak joaten zirenean, emakumeak gelditzen ziren, eta emakume mundu bat zen. Elkarri laguntzen zioten, eta haientzat ez zen existitzen bakardaderik.

Nola iritsi zinen Iranera?

Paxtunak ziren nire lagunak, baina jada ez zuten paxtuneraz hitz egiten, persieraz baizik. Hizkuntza ikasi nahi nuen, eta, Iranen, petrodolarrez jositako herrialdea izanik, aukera nuen persiera ikasteko beka bat lortzeko. Eta Teherango Unibertsitatera joan nintzen, beka batekin. 1974. urtea zen, eta, Afganistanekin alderatuta, oso ezberdina zen Iran. Herrialde modernoa zen: errepideak zituen, eraikin handiak ere bai, kulturalki oso bizia zen… Eta Teheran beste mundu bat zen.

Eta hango emakumeak?

Teherango iparraldeko emakumeek lan egiten zuten, ikasketak zituzten, autoa gidatzen zuten, eta ni bezala joaten ziren jantzita, jeansekin eta minigonarekin. Christian Dior eta halakoak janzten zituzten batzuek, petrodolarrekin aberastutako jendea zelako. Baina gune horretatik atera eta Teheran hegoaldera joanda, pisu handia zuten erlijioak eta tradizioak, eta txadorrarekin joaten ziren denak. Eta landa ingurunera joaten bazinen, han ere berdin.

Beraz, kontrastea zegoen toki batetik bestera?

Bai, izugarria. Eta, hori ahaztuta-edo, xaha saiatu zen herrialdea irekiagoa izan zedin, baina gaizki atera zitzaion. Handia zen tradizioaren eta erlijioaren pisua, eta herrialdea ez zegoen prest horretarako. Horrek bide eman zion aiatolen garaiari.

Iranen egon zara geroztik?

Bai; bizpahiru urtean behin joaten naiz Iranera, gutxienez. Lagun onak ditut han, eta etxean bezala sentitzen naiz. Oso abegikorrak dira, oso herrialde atsegina da, heziketa handikoa, eta emakumeek ere segurtasunez bidaiatu dezakete han. Merezi du joatea.

Printzipioz, ez dirudi Iran oso jomuga erakargarria denik emakume batentzat.

Ez, ez dirudi, baina Irani buruzko irudi faltsua jasotzen dugu; politikoki madarikatua dagoen herrialde bat denez, Iranen aurpegi ilun eta itsusia erakusten digute. Baina beste gauza bat da Iran, ezkutuan dagoen mundu izugarri aberatsa.

Eta Indiara ere iritsi zinen azkenean, ezta?

Bai. Etxetik Indiarako asmoz atera, eta handik 30 urtera iritsi nintzen hara, bidean pixka bat berandututa. India da hiruretan gurearen antz txikiena duen herrialdea. Ikusgarria da India, izugarria; dena da gehiegizkoa, erotzeko modukoa, kolorez betea. Baina, aldi berean, oso interesgarria da. Hango emakumeek ere oso bizimodu zaila dute, pobrezian bizi direnek batez ere. Baina India ere aldatzen ari da; kasu honetan, onerako. Txiroa zenak, lehen, ez zuen batere itxaropenik txirotasunetik ateratzeko. Orain, posible da, eta lehen ia existitzen ez zen klase ertaina ari da sortzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.