Artea, barrukoak kanporatzeko bide

Artea, barrukoak kanporatzeko bide

Aitziber Arzallus

Hartz zuria animalia totemikoa da kultura askotan, naturaz gaindiko indarrak eta ezaugarri espiritualak dituen izaki bat. Adorearen, barne indarraren eta nahimenaren iruditzat dute askok, eta introspekziorako gaitasuna du ahalmen goren. Hartza totemtzat daukaten kulturetan, uste dute norberak barruan duela gaitz guztien sendabidea eta barne azterketa dela hura kanporatzeko bidea. Ione Urrestillarentzat ere (Azpeitia, 1971) animalia totemikoa da hartz zuria. Eta horregatik jarri dio Zuri Hartz izena Azpeitiko Erdikalean ireki duen arte eskola eta galeriari. “Niretzat, artea barruan daukadana ateratzeko modua da, beharra da, liberazioa; eta horretarako da espazio hau: gure barruarekin konektatzeko eta barruan daukagun hori kanporatzeko”.

Urrestillaren hasierako asmoa arte eskola bat irekitzea zen. Arte klasikoen, arte ederren eta arte eszenikoen esparruan dituen ezagutzak besteekin konpartitzeko gune bat nahi zuen, artearen barnean sar daitekeen dinamika oro lantzeko leku bat, non inork ez duen inoren lana epaituko eta balioetsiko. “Irakaskuntzan aritu naiz azkenaldian, Waldorf metodologia erabiltzen duen Trokonizko eskola batean, Araban. Metodologia horrek artea du oinarrian, eta eroso sentitu naiz; haurrekin izugarrizko harremana izan dut. Horrexek eman dit azken bultzada eskola zabaltzeko erabakia hartzeko”.

Baina proiektua Urrestillaren hasierako asmo hartatik harago joan da, eta, azkenean, arte eskolaz gain, galeria ere zabaldu du. “Lagun batek horrelako proiektu bat dauka martxan Donostian; eskola eta galeria ditu, eta hark animatu nau gauza bera egitera”. Galeriaren ideia hasieratik iruditu zitzaion “erakargarria”. “Bideragarria izango ote zen: hori zen nire zalantza. Baina, gero, ikusi nuen agian funtziona zezakeela”. Aitortu du artista asko ezagutzen dituela. “Eta, alde horretatik, nahiko erraza iruditu zitzaidan, edo, behintzat, egingarria. Lekuari dagokionez ere ez daukat arazorik: lokalak bi solairu ditu, eta, beraz, aukera ematen du bi gauzetarako”. Beheko solairuan galeria jarri du, eta goiko solairua eskolak emateko prestatu du. “Orain ikusiko dugu salmentari dagokionez bideragarria den ala ez. Dena dela, nire asmoa ez da galeriaren irabazietatik bizitzea; arte eskola da nire proiektuaren oinarria, eta bestea osagarria da”.

Ikastaroak artisten eskutik

Zuri Hartzek bi hilabete pasatxo daramatza zabalik, eta Urrestilla “oso pozik” dago herritarrek egin dioten harrerarekin. Ikusmina sortu zuen inaugurazio ekitaldiak; Kalakan musika taldeko kide ohi Thierry Biskarik parte hartu zuen, besteak beste. Manez eta Kobreak diskoa aurkeztu zuen. Sartu-irten handia izan zen ondorengo egunetan ere. Haurrei sormen-adierazkortasun tailerra eman zien Urrestillak, eta helduek biodantza eta kundalini yoga probatzeko aukera izan zuten. Dagoeneko martxan dira biodantzako eta kundalini yogako aurreneko ikastaroak ere. Eta apirilean hasiko dira umeentzako sormen eta pintura tailerrak, helduentzako biodantza ikastaroa, eta erregistro akashikoen formazioa eta bakarkako saioak.

Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak estreinatu du galeria. Haren lanez osatutako Reset erakusketa egongo da ikusgai martxoaren 29ra arte. Larrañaga Mexikon bizi izan da hamahiru urtez, eta Azkoitira bizitzera itzuliko da laster. Berriz haste hori irudikatzen du Reset erakusketak. “Nekatu egin naiz Mexikoko egoeraz eta han bizitzeaz, baita koloreez eta neobarrokoaz ere. Hustu eta haizea hartu nahi dut; horregatik du zentzua erakusketa orain egiteak: orain arte egindakoa ahaztu gabe, beste bide bat hasi nahi dut, eta horren emaitza da erakusketa”.

Besteak beste, collage teknika erabiltzen du azkoitiarrak, eta teknika horren inguruko ikastaro bat eman du Zuri Hartzen. “Zortzi bat eskola izan dira, oso interesgarriak”, azaldu du Urrestillak. Larrañagaren pieza batzuekin batera, ikastaroan sortu dituzten lan batzuk ere ikusgai daude orain galerian. “Ikasleak oso gustura ibili dira, eta Gorka bera ere bai. Sekulako eragina izan du denbora gutxian, eta oso emaitza politak lortu ditugu”.

Martxoaren 29an inauguratuko dute bigarren erakusketa, Aitor Etxeberriaren lanekin osatua. Ibilbide artistiko oparoa du Mendaroko margolari eta eskultore horrek. “Askotan erakutsi izan ditu lanak Donostiako Kur galerian, eta baita beste hainbat tokitan ere. Hona etortzera ere animatu da orain”. Haren lanak bi hilabetez egongo dira ikusgai Azpeitiko galerian, eta pintura ikastaroa ere emango du Etxeberriak erakusketak irauten duen bitartean, astearteetan, 18:30ean. “Thierry Biskari ere prest legoke kantu ikastaro bat emateko, taldea osatuko balitz. Beraz, inork interesa balu, jar dadila nirekin harremanetan”.

Urrestillak adierazi du ikastaroetan parte hartu nahi duten herritarrek edo euren lana Zuri Hartzen erakutsi nahiko luketen artistek ere zabalik dituztela galeriako ateak. “Ekar ditzatela euren lanak. Elkarrekin ikusiko genituzke, eta aztertuko genuke zer egiteko aukera dagoen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.