Herrien borroka irudi bihurtuta

Herrien borroka irudi bihurtuta

Unai Zubeldia

El Salvadorreko metal meatzaritza gelditzeko borroka; Aralarko parke naturalaren ezagutza eta sentsibilizazioa; Indonesiako Seko komunitatean eraiki nahi duten energia hidroelektrikoko plantaren aurkako borroka; Kukama Kukamiria herri indigenan petrolio ustiapenak sortu duen kutsadura… Herriak eta borrokak. Horixe da Ekologistak Martxan eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza taldeek film eta dokumental bidez islatu nahi duten errealitatea.

Duela hamahiru urte, “zor ekologikoaren jiran” hasi zen gorpuzten Ekozinemaldia jaialdia. “Gure eredu ekonomikoaren eraginez gainerako herrialdeetan daukagun karga ekologikoa dago ideiaren oinarrian”, zehaztu du Martin Mantxo Ekologistak Martxan taldeko kideak. “Beste herrialde batzuetako talde ekologistekin harremanetan jarri ginen, eta pentsatu genuen horrelako jaialdi bat egokia izan zitekeela batean eta bestean izaten diren triskantzak salatzeko”. Ordurako, talde ekologista asko hasita zeuden aldarrikapen bideoak sortzen. “Eta tresna indartsu hori baliatu beharra geneukala ikusi genuen”.

Ekozinemaldia ez da zine jaialdi komertzial bat. “Elkartasuna eta erresistentzia” ikur gisa hartuta, mundu guztiko hainbat film aukeratzen dituzte urtero, eta Euskal Herrian barrena proiektatzen dituzte gero. Gipuzkoari dagokionez, Ataunen, Donostian, Errenterian eta Tolosan ikusi ahal izango dira filmak; Basauri, Bilbo, Zalla (Bizkaia), Gasteiz (Araba), Iruñea eta Lekunberrira (Nafarroa) ere iritsiko da jaialdia. Astelehenean izango dira lehen emanaldiak, Donostian, EHUko Ingeniaritza Eskolan eta Koldo Mitxelena Kulturunean, eta martxoaren 29an izango da azkena, Errenterian, Mikelazulo kultur elkartean. Aralar, mundua leku den lurra dokumentala emango dute egun horretan. Ekitaldi batean ere ez da ordaindu beharko sarrerarik.

Antolatzaileek aurkezpen txiki bat egingo dute saio bakoitzaren hasieran, eta filmak amaitutakoan solasaldirako tartea izango da. Aurten bereziak izango dira bi ekitaldi, Euskal Herrian izango baita Vidalina Morales El Salvadorreko ekintzailea: astelehenean Donostian, EHUren Ingeniaritza Eskolan, 11:00etatik 13:00etara, eta martxoaren 27an Tolosan, 19:30ean. Moralesek No tenemos miedo filma aurkeztuko du; metal meatzaritzaren aurkako borrokari esker, mugimenduak El Salvadorren industria jarduera hori debekatzea lortu zuen.

Mundutik Euskal Herrira

Ekozinemaldiari ekin ziotenetik hamahiru urte igarota, Mantxok uste du gaur egungo ustiapen eredua “are bortitzagoa” dela. “Gutxitzen ari dira baliabide naturalak, eta gero eta behar handiagoa dago triskantza horiek gizarteratzeko”.

“Labur antzekoak” dira Ekozinemaldiko film gehienak. “Hogei minutu eta ordu erdi ingurukoak. Izan ere, iraupen horretako filmekin film luzeagoekin baino errazagoa izaten da jendearen arreta erakartzea”.

Mantxoren hitzetan, nazioarterako begiradak “Euskal Herrian zer gertatzen ari den jakiteko zubia” izan nahiko luke. “Esaterako, oso jende gutxik daki Ipar Euskal Herrian ere gelditu zutela meatzaritza proiektu erraldoi bat, Kanbon, El Salvadorren gertatu den moduan. Errealitate hori guztia azaleratu nahi dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.