Salba ditzagun karbohidratoak

Danel Agirre

Garaiko sukarrek kutsaturik, jarduera subertsiboei eskaini nien gaztaroa. Boterearen bidegabekeriak ezin nituen eraman, eta oraintsu bezala, erantzun bakarra akzio zuzena dena sinetsita nengoen. Sistema mila buruko munstroa da, eta lepoetako bakoitza moztu behar zaio labankadaka. Burkideek Poliziari aurre egiteko kontainerrekin errepideetan barrikadak ipintzen zituzten bitartean, oso bestelako fronte batean nenbilen ni, ez garrantzi gutxiagokoan: oliotan kontserbatutako gazta, hirugiharra eta maionesa lehertu arte jaten nituen, matxino.

Gantzaren aurkako sarekaden urteak ziren. Supermerkatuan gurina eroste hutsa susmagarritzat jotzen zen orduan; jakiak frijitzea, egintza kriminaltzat. Erresistentzian genbiltzanon aurka salaketa lazgarriak zabaldu zituzten batzuek. Loditasun epidemia baten erantzuleak ginen, infartuaren apologistak. Eskerrak gurasoek nire aktibismoa babestu zuten hartan. “Iberikoa bada, ez du gizentzen” da amaren lelo kutuna. Tatuatzekotan ibili nintzen, benetan da iraultzailea.

Nazioarteko terrorismoaren rankingean Estatu Islamikoak Al-Qaeda goititu zuenean bezala, etsai berri bati esleitu diote orain jazarritako elikagaien zerrendaren lehen postu zoritxarrekoa: karbohidratoak dira momentuko arerio publikoa. Ubelduz lepo eta lur jota, trans koipeak ziegatik atera dituzte, eta azukrea ari dira torturatzen orain, krudeltasun ankerrez, gainera, ohitura zuzenen zaindariak.

Susmagarri bilakatu dituzte beste hainbat elikagai ere, akusazio bihozgabe batekin: haien kaloriak hutsak omen dira, erabat antzuak. Marka da gero, ahotik sartzen dugun oro ere produktibitate ditxosozkoaren arabera neurtu beharra. Ez gara (o, sorpresa!) mokadu eta edabe txepelenez ari. Pasta, arroza, patatak, garagardoa, gin-tonika. Guztien kontsumoa areagotzea tokatu zait, jazarpena konpentsatzeko: karbohidratoen aldeko gerrillaria naiz egun, kausa justuen defentsan ez dut oraindik etsi.

Aginpidea mendi maratoilariak (o, sorpresa hau ere!) baliatzen ari da, besteak beste, keto eta paleo moduko izen itsusiak dituzten dietak jendartean barreiatzen saiatzeko.

Ez litzateke horren kezkagarria, boterearen operazio honetan buru-belarri sartuta askoz itzal handiagoko agenteak ere ez baleude. Urrutira joan gabe, Iñaki Segurolari ogi zuriaren aurkako manifestu bat argitaratu diote aspaldi ez dela Urola Kostako Hitza-n. Mortadelarekin meriendatzeko eta arrautzaren gorringoa bustitzeko betidanik erabili izan dugun barra xumeak tontotu egiten gaituela idatzi zuen. Pareko bandoak Segurola bezain errekruta jantziak baditu, zalantza gutxi geratzen zait niri. Gerra luzea eta odoltsua izango da. Txokolatezko lau donut berdindu berri ditut, bataila infernukoan. Trans koipez eta azukrez gainezka ziren opilok, konbinazio suizida. Etsaiarentzat, Adolf Bin Laden izena dut.

Plazerraren aurkako konspiratzaileen estrategia sinplea da: gizabanakoaren nartzisismo mugarik gabekoa zirikatzea. Heriotza urruntzearen ilusioa, inor baino gazteago eta argalago mantentzearen fartsa. Badakit zu ez zarela tranpa horretan erori, baina esnatu beharra duzu. Tripakien eta roquefortaren bila etorri ziren lehenbizi, eta ez zenuen ezer esan. Pizza eta bizkotxoa jazarri zituzten gero, eta isilik geratu zinen. Brokolia, txikoria eta te berdearen diktadura ezartzen digutenean, ez etorri niri kexaka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.