Elkartasun zikloia

Elkartasun zikloia

Unai Zubeldia

Hego hemisferioko inoizko hondamendirik handiena” eragin du Idai zikloiak Mozambiken. Hala aitortu du Nazio Batuen Erakundeak. 447 hildako, 1,85 milioi kaltetu, 70.000 etxebizitza baino gehiagotan triskantza —horietatik ia 37.000 erabat txikituta eta 2.000 baino gehiago urak hartuta—, 500.000 hektarea uzta hondatuta… Martxoaren 14an iritsi zen zikloia Beira hirira —kostaldean dago—, orduko 170 kilometroko haizeteekin, eta herrialdean txikizio handia eragin zuen hurrengo hiruzpalau egunetan; Sofala, Zambezia eta Inhambane probintzietan, bereziki. Afrika hego-ekialdean dago Mozambike, eta 21 milioi biztanle dauzka; nekazaritzatik bizi dira %90. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearearen arabera, eraikinen %10ek soilik eusten diote zutik.

Zikloiak sortutako ekaitz tropikala baretuta, ondorioak aztertzen eta egoera lehengoratzen saiatzen ari dira orain Mozambiken, eta munduko hainbat herrialdetatik ari da iristen laguntza. Baita Euskal Herritik ere. Besteak beste, gaur da abiatzekoa Zaporeak proiektua, Espainiako Gobernuaren Start programaren barruan; 43 mediku, hamabi laguntzaile eta hiru sukaldari bidaliko dituzte, ospitale bat eraikitzeko helburuarekin.

Haurralde Fundazioa, berriz, 2007an hasi zen Mozambikeko Matsatse elkartearekin elkarlanean —1997an sortu zen—. Chimoion dauka gune nagusia, Manica probintziaren hiriburuan, eta Nhamatsane, 25 de Junho eta Bloco Novo auzoetan garatzen ari da bere proiektua; 177.608 biztanle ditu Chimoiok, eta herrialdeko hiririk handienetan bosgarrena da. Patricia Ponce Haurraldeko zuzendariak azpimarratu duenez, “emakumeak eta haurrak ardatz hartuta”, herrialde txiroetan “justizia sozialaren alde lan egiteko” sortu zuten fundazioa. “Besteak beste, genero indarkeria ororen aurka borrokatzeko konpromisoa daukagu; aniztasuna errespetatzen eta diskriminazio oro gaitzesten dugu, emakumeen lidergoa defendatzen dugu…”.

Lau euskal boluntario

Elkarlanari esker, haurrentzat eskola bat eraiki zuen Haurralde Fundazioak eta jangela bat ere badago bertan; egunero 60 haur joaten dira gosaltzera. “Guztira, 120 haur eta neraberekin aritzen gara lanean, tokiko hezkuntza publikoa osatuz”, zehaztu du Poncek. Zuzendariaren hitzetan, “ia haur guztiak” daude batez besteko garaieratik eta pisutik behera. “Eta oso etxe prekarioetan bizi dira, gainera. Egoera zaurgarrian dauden familiako kide asko bizi dira etxe berean; ez daukate bizitzeko adina bitarteko. Gurasoak GIB birusaren, tuberkulosiaren, malariaren eta beste gaixotasun batzuen eraginez hilda, umezurtz daude neska-mutiko asko. Zikloiak are gehiago okertu du familia horien egoera”.

Fundazioak Donostian dauka egoitza, eta Bolivian, Nikaraguan eta Mozambiken ari da garatzen proiektuak. Mozambiken, egun, lau boluntario ari dira lanean, Matsatse erakundearekin elkarlanean: Iñigo Guembe (Errenteria, 1997), Maria Gago (Santurtzi, Bizkaia, 1992), Maialen Urra (Allotz, Nafarroa, 1997) eta Libe Solozabal (Ermua, Bizkaia, 1997).

Lau euskal herritar horiek ere bertatik bertara jasan dituzte Idai zikloiaren kalteak —ez dute izan kalte fisikorik—, eta, lauren izenean, Solozabalek atera dio argazkia herrialdearen gaur egungo egoerari: “Sofalan eta Beiran txarra da egoera, bai eta Manican ere. Hildako pila bat agertzen ari da, eta Chimoion ere oraintxe hasi gara nabaritzen ondoriorik txarrenak. Hasieran uste genuena baino okerragoa da egoera”.

Boluntarioak azaldu du Mozambiken “eskasak” direla baliabideak, instalazioak eta materialak. “Eta zikloiaren ondorioak horregatik izan dira hain larriak”. Solozabalen hitzetan, zikloiaren eraginez herrialdean gosete handia dagoela zabaldu da batean eta bestean. “Baina zikloia iritsi baino lehen zegoenaren antzekoa da hemengo errealitatea”. Alde horretatik, familiek “aurrera ateratzeko gaitasuna” erakutsi dutela azpimarratu du boluntarioak.

Laguntzeko bideak

Azken asteotan, komunikabideetako lerroburuetara iritsi da Mozambike. “Baina gabeziak eta gaixotasunak ohikoak dira hemen”. “Lotarako etxeak eta janaria”, horiek dira Haurralde Fundazioa lanean ari den inguruan dauzkaten behar nagusiak. Boluntarioak onartu du eskertzekoa dela herrialdea jasotzen ari den laguntza oro. “Baina albisteek indarra galtzean, modu prekarioan bizitzen jarraituko dute hemen. Zoritxarrez, hezkuntzak, osasunak eta bizi kalitateak berdin jarraituko du gerora ere”.

Haurraldek kontu korronte zenbaki bat jarri du ekarpena egin nahi duten herritarren eskura: ES49 3035 0060 40 0600100791. Ekarpena egitean, izen-abizenak jartzeko eskatu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.