Film laburrak, aste luzea

Film laburrak, aste luzea

Karmele Uribesalgo Alzola

Euskal film laburrez gozatzeko parada izango da datorren astean Aretxabaletan, Huhezinema jaialdian. Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko 4. mailako ikasleek hamabigarren urtez antolatu dute jaialdia, eta, hiru egun izan beharrean, lau izango ditu aurten; apirilaren 2tik 5era, asteartetik ostiralera.

Guztira, 89 film labur jaso dituzte. Azken urteotako kopuruarekin alderatuta, antzekoa dela azaldu dute antolatzaileek. Nabarmendu dute euskaraz sekula ez dituztela hainbeste lan jaso; sail ofizialeko hamar finalistetatik sei, hain zuzen. Ane Zuazubiskar antolatzaileak aitortu du polita litzatekeela euskaraz egindako lan gehiago jasotzea: “Batez ere, gazteek bidalitako lan guztiak ez direlako euskarazkoak”. Gora egin dute emakumeek egindako lanek ere: hamar film laburretik bost zuzendu dituzte. Alde horretatik, Unai Portilla antolatzaileak azpimarratu du emakumezkoenak direla euskarazko lan gehienak.

“Ikus-entzunezkoetan, pixka bat gora egin du emakume egileen kopuruak, eta horrekin uste izaten dugu asko aldatu dela egoera”, azaldu du Zuazubiskarrek. Baina oraindik ere “egiteko dezente” dagoela gogorarazi du. Portillak, berriz, nabarmendu du arlo teknikoan emakumeen eta gizonen kopuruan handiagoa dela aldea: “Rol garrantzitsua dauka argazki zuzendariak, eta hutsunea dago hor”. Generoari eta estiloari dagokionez, lanak “askotarikoak” direla azaldu dute biek. “Animaziozko film bat daukagu, bai eta lan esperimentalak eta tradizionalak ere”, zehaztu du Portillak. Dena den, drama gailentzen da beti.

Bi helburu nagusi ditu jaialdiak: batetik, ikasleei jaialdi bat antolatzeko behar dituzten tresnak eta esperientzia eskaintzea, horiek arduratu baitira Huhezinemaren programazioaz, produkzioaz eta komunikazioaz. Bestalde, euskal film laburren erakusleiho ere izan nahiko luke. Gisa horretako lanen zirkuitua “txukun samarra” dela azaldu du Zuazubiskarrek: “Hasiberrien lanak ikusteko aukera izaten da, baina profesionalek egindako filmak ere izaten dira”. Oso harrera ona izaten dutela gaineratu du, baina aitortu du sektore horretako jendeak izaten duela, normalean, horrelakoetara joateko zaletasuna.

Hala ere, antolatzaileek ahalegin berezia egiten dute jaialdia herritarrei gerturatzeko. “Plazara atera nahi izaten dugu aretora mugatu beharrean”, adierazi du Zuazubiskarrek. Horretarako, hainbat ekintza egingo dituzte kalean: besteak beste, karakterizazio efektu bereziak lantzen dituen Bacon FX taldea izango da Aretxabaletan.

Aurten berrikuntzak gehitu dizkiote programari: Martxan! izeneko atal berri bat txertatu dute. Sektoreko aditu eta profesionalak gonbidatu dituzte hitzaldiak emateko eta bilera pertsonalizatuak egiteko. “Ikasleek aukera izango dute proiektuak eta ideiak adituei aurkezteko eta buruan darabilten hori bideratzen saiatzeko”, azpimarratu du Zuazubiskarrek.

Datorren ostiralean, apirilaren 5ean egingo dute sari banaketa, Aretxabaletako Arkupe aretoan. Hiru sailetan banatu dituzte jasotako lanak: ofiziala, Mondragon Unibertsitateko ikasleena, eta Kutixi.

Epaimahai profesional bat dago sail ofizialeko irabazleak aukeratzeko; Izaskun Arandia Izar Filmseko zuzendariak, eta Iratxe Fresneda eta Natxo Rodriguez EHUko irakasleek izango dute ardura hori. Ikasleek aukeratuko dituzte, berriz, Mondragon Unibertsitateko ikasleen saileko irabazleak. Eta gastronomia da Kutixi saileko gaia. Publikoaren saria ere izango da sail guztietan; emanaldian bertan bozkatuko dute.

Kartela, lehiaketa bidez

Bestalde, Vertigo saria emango diote diru laguntza publikorik gabe ekoitzitako eta banatutako sail ofizialeko film onenari, eta Mundukide saria hiru sailetan aurkeztutako lanen artean giza eskubideak eta justizia sozialaren gaiak egokien txertatu dituenari.

Lehiaketa bidez hautatu zuten Huhezinema jaialdiko kartela ere. Zinemak 12 leloa aukeratu zuten antolatzaileek. “Hamabi hamarkada bete ditu zinemak, eta Huhezinemaren hamabigarren edizioa da”, zehaztu du Zuazubiskarrek. 33 kartel jaso zituzten, eta Aitzol Zubizarretak irabazi du lehiaketa; zinemaren historiako hamabi pertsonaia irudikatu ditu lanean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.