Xabier Artola: “Norbanakoek egin behar dute ‘klika’, baina instituzioek ere bai”

Xabier Artola: “Norbanakoek egin behar dute ‘klika’, baina instituzioek ere bai”

Eider Goenaga Lizaso

Xabier Artolari (Donostia, 1976) 2013ko Korrikaren atarian egin zion lehen aldiz elkarrizketa Gipuzkoako Hitza-k, eta, ordutik, bi urtez behin errepikatu da, Korrika bezala. Euskararen aldeko lasterketa hurrengo ostegunean abiatuko da, Garestik (Nafarroa), eta lau egunetan ibiliko da Gipuzkoan: apirilaren 8an, 12-13an eta 14an. Gipuzkoako kilometroak erraz saltzen direla, eta gipuzkoar asko “kilometro zailagoak” egitera joaten direla argitu du Artolak.

Noiz hasten zarete Korrika prestatzen?

Korrika bat bukatu eta hurrengo ikasturtearen hasieran, hasierako Korriketan ibilitako jendea elkartzen da batzuk gaur egun AEKn ere ez daudenak—, bazkari bat egiten dute, eta mahaiaren bueltan hasten dira pentsatzen bi urteren buruan zein izango den euskararen egoera, nondik jo dezakeen bi urte geroagoko Korrikak… Irizpide batzuk zehazten dira hor. Irudiaz arduratzen den enpresari ematen zaizkio irizpide horiek, eta proposamen bat egiten du hark: irudia, leloa… Batzuetan, ideia erdi itxita joan izan da; besteetan, berriz, ez.

Nola erabakitzen duzue ibilbidea?

Pertsona bat arduratzen da horretaz. Collage moduko bat egiten du. Eskualde bakoitzak bere ibilbidea markatzen du. Hasieran, Euskal Herriko mapa zeharkatzen duen marra bat egiten da, eta, gero, marra hori eskualde bakoitzera eraman behar da. Eskualde bakoitzak badaki zenbat kilometro izango dituen, zein egunetan eta ordu ingurutan pasatuko den, eta haiek zehazten dute bidea. Gero, proposamen horiek guztiak elkarrekin itsatsi behar izaten dira.

Aurten, hiru aldiz sartuko da Gipuzkoan…

Bai, eta Gipuzkoan aurten dugun kezka nagusia da Mutrikutik Debarako errepidea, eta Mendarorako bidea. Obratan daude, eta ziurtatu digute irekita izango dugula errail bat, baina badugu kezka. Beti izaten dira azken orduko sorpresak; udal batek justu Korrika igarotzen den kalean obrak egitea erabaki duela, eta ibilbidea zertxobait aldatu behar izatea; baina aldaketa txikiak dira horiek.

Gipuzkoan ez da izaten kilometroak osatzeko zailtasunik, ezta?

Ez. Zorionez, Gipuzkoan erraz osatzen dira kilometroak. Eta jendea beste toki batzuetara ere joaten da Korrikan parte hartzera. Nafarroako Erriberan eta Arabako Errioxako zenbait gunetan izaten dira Kilometrorik zailenak, eta Iparraldean ere, gauez igarotzen bada, kosta egiten zaigu batzuetan. Beraz, Gipuzkoatik eta Bizkaitik jende dezente joaten da kilometro horiek betetzera.

Euskararen egoerari buruzko gogoetarekin hasten duzue hurrengo Korrikaren antolaketa. Bi urteotan, nola aldatu da egoera?

Bueno, urratsak egin dira; ez guk nahi genituzkeenak, baina aurrerapausoak izan dira. Euskaraldia ere hor dago. Eta, aurten, ikasturte berean izan dira Euskaraldia eta Korrika, baina bien artean erabaki da aurrerantzean ez dutela ikasturte berean bat egingo, batak bestea ez zapaltzeko. Hemendik aurrera, Korrika ez den urteetan egingo da Euskaraldia, eta alderantziz. Hala, urtero, 11 egunez, lehen lerrora ekarriko dugu euskara.

Duela bi urteko Korrikan euskalgintzako eragileek eta administrazioek bat egin zuten, Santiago zubian. Horrek eman du fruiturik?

Euskararen aldeko klika egitera deitu du aurten Korrikak, eta klika norbanakoek egin behar dute, baina instituzioek ere bai. Eta duela bi urteko argazkia, eragileek eta administrazioek eskutik egindakoa, oso sinbolikoa izan zen. Aurten, jarraipena emango diogu duela bi urtekoari, orduko eragileei gehiago gehituta.

Euskararen egoera aipatu duzu, baina zein da AEKren egoera?

Euskal Herri osoan hiru administrazioren menpe lan egitean, gure lana ez da erraza. Gaizki-gaizki ez gaude, baina hobeto egon beharko genuke, eta administrazioen beharra daukagu horretarako. Bestalde, gure lanari dagokionez, euskara ikasteko motibazioa eta modua aldatu dela esango nuke. Lehen, oso ohikoa zen egunero bi orduz etortzea; orain, oso arraroa da halako talde bat sortzea. Horrek asko zailtzen du irakasleon lana, eta ia ezinezkoa da ordutegi normal samar bat osatzea.

AEK-k desagertzeko bokazioa duela esan izan duzu beste elkarrizketa batzuetan.

Beti esan izan dugu AEK eta Korrika desagertzeko sortutako zerbait direla; AEKren helburua da Euskal Herria euskalduntzea eta alfabetatzea, eta, hori lortzean, desagertu egingo da, eta Korrika ere bai. Baina, orain, esaten dugu ezetz, Korrika ez dela desagertuko; baina festa bat izango da, ospakizun bat, dirurik eskatu gabe, beste kezkarik gabe, administrazioei kritika egiteko beharrik gabe… Ea egunen batean jai hori ospatzea lortzen dugun.

Leave a Reply

Your email address will not be published.