“Nortasun eta aberastasun handia dauka tokiko euskarak”

“Nortasun eta aberastasun handia dauka tokiko euskarak”

Asier Perez-Karkamo

Argazkia ateratzeko non geratu nahi zuen galdetu, eta “arraun elkartean” erantzun du azkar. Ez da harritzekoa, arraun mundua “barru-barruan” sartu baitzitzaion 13 urterekin hasi zenetik. Bi domina lortuta dauzka 23 urtez azpikoen aulki mugikorreko Europako Txapelketan, traineruan hamar urtez ibilitakoa da, eta “astean behin edo bitan” ateratzen da, oraindik, lagun batekin.

Jolasean, Hondarribiko hitzak biltzen hasi zen Ketxus Ponce (Hondarribia, 1968). Jolasa pasio bilakatu zen gero, eta mila hitz inguru jasoak ditu jada. Facebooken partekatzen ditu tarteka, baina denak argitaratzea da helburua; herritar guztien eskura jarri nahi ditu Hondarribiko hitzak.

Noiz hasi zinen Hondarribiko hitzak biltzen?

2008an. Baina lehenagotik ere banuen jakin-mina. Horri buruzko zer edo zer azaldu zen Hondarribia aldizkariaren lehen zenbakietan, eta etxean apuntatuak nituen hitzak, baina ahaztuta. Astean behin edo bitan arraunean ibiltzen naiz lagun batekin, eta gai honi buruz hizketan hasi ginen biok. Hitzak aipatzen hasi ginen, eta apuntatu egiten nituen nik. Nahiko bilduma zabala bihurtu da jolas moduan hasi zena.

Zer metodologia erabiltzen duzu?

[Barrez] Metodologia? Niri bururatzen zaidana! Koadernotxo batekin ibiltzen naiz beti, hor apuntatzen ditut hitzak, eta ordenagailura pasatzen ditut gero. Jolasa da niretzat, ez daukat heziketa linguistikorik, euskaldun zaharra naiz, eta eskolan euskaraz ikasi nuen; hortik aurrera, beste ezer ez.

Jendeak laguntzen al dizu? Hurbiltzen al zaizkizu hitzen berri ematera?

Asko laguntzen didate, bai. Jende askori gustatzen zaio gaia, eta kalean gelditu egiten naute batzuek, whatsapp-ak ere idazten dizkidate… Hasieran, batzuek hitz asko bidali zizkidaten posta elektroniko bidez, Jexux Mari Mendizabal Bixargorri olerkariak, besteak beste. Bada gai horrekin sentsibilitate berezia duen jendea, eta asko lagundu didate.

Facebooken zabaltzen dituzu biltzen dituzun hitzetako batzuk, Hondarbiko Hitzak orrialdean. Zer helbururekin?

Bi helburu nituen Facebook orria sortu nuenean. Batetik, hitzak argitaratzea, jendeak hitz horiek ezagutzea. Eta, bestetik, jendearengandik feedback-a lortzea, jendeak iritzia ematea, edo nik esandako hori beraiek etxean nola esaten duten edo nola entzun izan duten adieraztea. Oso hartu-eman polita sortu da Facebooken, nik jasota ditudan hitzetan zuzenketak edo ekarpenak izaten direlako. Batzuetan, beste modu batera esaten da nik aipatua, baina ondo dago nirea ere. Herrira hurbiltzeko modua izan da.

Facebookerako ere ez dut metodologiarik. Gertaera deigarriren bat egokituz gero, edo data bereziren bat, eta horrekin lotura daukan hitzen bat baldin badago… Kasu horietan jartzen dut. Askotan, ez dugu jakiten non sortutakoak diren hitzak, eta hori azaltzen saiatzen naiz batzuetan.

Adibide bat jarrita, Hondarribian lau hitz erabiltzen dira Tortolosak jokoa adierazteko: malixkurra, malixurra, manixurra eta korkolixa.

Herri guztietan gertatuko da hori. Garai batean hitz pila bat zeuden jokoak, lanabesak eta orduan arruntak ziren gauzak adierazteko; baserriko kontuak, itsasokoak… Lanabes edo egoera horiek bizitzeari uzten zaion heinean, hitzak galdu egiten dira. Duela hogei urte, esaterako, ez zen existitzen Facebook hitza, eta asko erabiltzen da orain. Orduko entretenimendua zen manixurra jokoa, baina jada ez da jolasten. Izen desberdin bat edukiko zuen Euskal Herriko edozein txokotan. Alde horretatik, noski, oso aberatsa da euskara.

Bildu dituzun hitzen artean ba al da bereziki gustuko duzunen bat?

Ze zaila! Begira, lamaxatu asko gustatzen zait; ferekatu edo laztandu esan nahi du.

Eta gustuko ez duzuna?

Errazagoa da hori: Honyarbi edo Onyarbi, i grekoarekin. Inauterietako desfilean ikusi nuen azkenekoz, Sardinas de Honyarbi, mozorro batean. Ikusten dudan bakoitzean…

Transmisioa badela uste al duzu? Belaunaldi berriak ari al dira jasotzen herriko hizkera?

Ez. Umeek, eta ez hain umeek, 30 urtetik beherakoek, horiek jada ez dute erabiltzen Hondarribiko hizkera. Konturatzen naiz beste leku batzuetan herri horretako hizkera erabiltzen dutela umeek, herri horretako berezko berezitasuna daukatela hizketan, baina hemen galduta dago hori.

Eskolako hizkera erabiltzen dutelako?

Eskolako hizkera, hedabideetakoa… Kanpotik edo inguruetako herrietatik jende asko etorri da hona, eta eragina izan du horrek.

Modu batera edo bestera, eskoletan herriko hizkera landu beharko litzatekeela uste duzu?

Eztabaida sakona litzateke hori. Niri pena handia ematen dit herriko bertako euskara galtzeak, baina batua gora eta batua behera ibiltzen dira batzuk. Ez dakit zein modu litzatekeen egokiena; tailer bat, bakoitzaren borondatea… Dena den, nahiko ezkor nago Hondarribiaren kasuan; euskararen erabilera ez dut uste txol [oso] altua denik; jende gaztearen kasuan, batez ere. Kalean ez da sumatzen erabilpen handirik.

Tokiko euskara eta euskara bera, biak sustatu beharko lirateke biak ari direlako galtzen?

Lotsa galdu beharko genukeela uste dut. Euskara zaharrean hitz eginez gero, ez dakit zer garela iruditzen zaigu. Argi dago euskara batua beharko dela Euskal Herrian denon artean komunikatzeko, baina nortasun eta aberastasun handia dauka tokian tokiko euskarak. Egitura indartsua dauka euskara batuak, erabiltzen da, eta hedabideetan presente dago. Baina bidea batuari soilik emanez gero, galdu egingo dira hainbat hitz eta esamolde; Hondarribian bezala, herri guztietan.

Zure bilduma lanaren arabera, ehunka hitz eta esamolde gal daitezke Hondarribian. Zenbat bildu dituzu?

Ez dakit zehatz, baina 800-1.000 inguru. 800-1.000 inguru diot, mila izanda ere, galbahea pasatuz gero, erori egingo liratekeelako batzuk. Tokiko bertako hitzak biltzen ari naiz, hemen bakarrik erabiltzen zirenak, eta, akaso, inguruan ere erabiliko ziren hitz horietako asko. Kontuan eduki behar da Lapurdirekin mugan dagoela Hondarribia, eta Nafarroarekin ere bai, ia-ia; Gipuzkoan ere, hainbat herri dauzka inguruan.

Facebook bidez egiten ari zaren lanaz gain, beste formaturik al duzu buruan egiten ari zaren lana gal ez dadin?

Bai. Baina hau edozeinek irakurri ahal izatea gustatuko litzaidake niri, baita 70-80 urteko pertsona batek ere. Ez dadila izan lan tekniko bat. Teknikan galtzen gara batzuetan; dela etimologia, dela egitura, erroa… Hitzaren azterketa tekniko edo zientifikoan. Hori ere beharko du lanak, arlo teknikoa izango du, baina herrira ere iritsi behar da. Baditut ideia batzuk buruan, baina ez daukat ezer zehaztuta. Oraintxe ez nago lan honi azken bultzada emateko tenorean, baina hurrengo astean, agian, baietz erabakiko dut, eta bultzada emango diot.

Bitartean, adi-adi ibiliko zara beti, ezta?

Bai, bai. Ez naiz ibiltzen aparteko arretarekin, ez naiz joaten liburutegira edo jendeari elkarrizketak egitera, eta ez dut bilatzen bibliografiarik ere. Hasieran, izan nuen hitz jario handiko garai bat, iraunkorra eta emankorra. Baina orain, agian, lagunen batek tarteka esaten dit hitzen bat, arraun elkartean edo kalean bat-batean entzuten dut hitz bereziren bat, eta galdezka hasten naiz, Hondarribia aldizkarian edo beste euskarriren batean gordeta ez dudan hitz bat aurkitzen dut akaso… Horrela funtzionatzen dut. Ez naiz ari ikerketa egiten, jaso besterik ez dut egiten.

Zure pasio bakarra ez da hitzak biltzea. Hondarribiko hitzen edo Hondarribiko traineruaren zalea, eta beste zer zara?

[Barrez] Traineruaren zalea ere banaiz. Arraunean ibili nintzen 13 urte nituenetik 28 bete arte, eta barru-barruan sartu zitzaidan arrauna. Nire paseotxoak ematen ditut gaur egun ere, eta ahal dudan heinean laguntzen dut arraun elkartean, antolakuntzan edo behar den edozein gauzatan. Hainbat datu historiko ere bildu ditut, eginak ez zeuden zerrendak, esaterako, eta elkartearen esku utzi dut lan hori guztia.

Nolako arraunlaria zinen?

Gaur egun zer-nolako garaipenak lortzen ari diren ikusita, lotsa pixka bat ere ematen dit. Baina nahiko maila polita lortu nuen. Gazte Mailako Munduko Txapelketan parte hartu nuen 1986an, eta 23 urtez azpikoen Espainiako selekzioan ibili nintzen hiru urtez. Nahiko emaitza politak lortu nituen Europako Txapelketetan; bigarren postu bat, hirugarren bat…

Eta traineruan?

Hamar urte egin nituen traineruan. Garai zaila tokatu zitzaigun; eraikitzen ari zen kluba, eta urte batzuetan ez ginen ondo ibili. Gogoan dut jendeak kalean galdetzen zigula ea trainerua uretan izango zen; gaur egun normala iruditzen zaigu bi traineru uretan izatea. 1987an egin nuen debuta, eta 1986an, adibidez, ez zen uretaratu trainerurik.

Trikitilaria ere izan zara.

Bai. Hainbeste urtez traineruan ibili eta gero, zerbait egin behar nuela sentitu nuen, eta trikiti bat utzi zidaten. Ikasi eta bost urtez jo nuen, Irungo Ola sagardotegian batez ere, sagardo garaiko asteburu askotan, afariak girotzeko. Baina soinua gordeta daukat jada, eta lagun giroan bakarrik ateratzen dut.

Debuta arraunlari zinela egin zenuela kontatzen dute batzuek.

Debuta… trikitiarekin? [Barrez] Bai, bai, anekdota polita dut hor. Arraun denboraldi baten amaierako afarian izan zen. Sei edo zazpi nota jotzen bakarrik nekien, Egun da Santimamiña-ren hasierako sei edo zazpi notak, besterik ez. Gau osoan aritu ginen kantu horrekin, tabernaz taberna, behin eta berriz sei edo zazpi nota horiek jotzen. Oso dibertigarria izan zen.

Olinpiar Jokoak ere dibertigarriak izan ziren, 90eko hamarkadan herrian egiten ziren Olinpiar Jokoak. Antolatzaile gisa jardun zenuen zuk, gogotsu.

Bost edo sei urtez murgildu nintzen proiektu horretan, eta garai hartan sekulako mugimendua sortu zen herrian. Oso oroitzapen onak ditut.

Orain dela gutxi ibili zara antolatzaile lanetan ere, estropada berezi bat antolatu baitzenuen orain dela bizpahiru urte.

Bai. Iruñeko sanferminetako Irrintzi eta Algara peñak ekarri genituen Hondarribira, San Fermin Txikiton izan zuten eztabaida bat uretan konpon zezaten. Carmen kaleko peñak dira biak, eta Carmen kaleko Bandera antolatu nuen nik. 180 lagun etorri ziren Iruñetik, lau autobus, eta Joseba Asironek eta Txomin Sagarzazuk, bi herrietako alkateek, eman zuten bandera.

Saltsan ibiltzen zaren fama duzu, baina baita antolatzaile ona izatearena ere. Ados al zaude?

Egia da hori. Gauzak ondo antolatzea gustatzen zait, eta gustuko lanetan aritzea gustatzen zait, suelto sentitzen naizen gauzetan, disfrutatzen dudan gauzetan.

Ola sagardotegiko txotx garaia ireki zenuen iaz, eta urte askoan egindako herrigintza lana eskertu nahi izan zizuten.

Bai. Laguntasun handia egin dut hango familiarekin, eta egindako lana eskertu nahi izan zidaten. Trikitia jotzea, urtero txotx irekieran eta bertso afarietan laguntzea, herriko hitzak biltzea, arraun elkartean laguntzea… Oso polita izan zen ekitaldia.

Polita litzateke Hondarbiko Hitzak paperean argitaratuta ikustea ere, ezta?

Bai, bai. Izan liteke, noski. Oraintxe nahikoa utzita daukat kontu hori, ez daukat buruan, baina iritsiko da lana bukatzeko momentua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.