‘Theatron’, museoan

‘Theatron’, museoan

Erik Gartzia Egaña

Egun batez bada ere, bihar Irungo Oiasso museoak alde batera utziko du bere izaera erromatarra. Izan ere, Jardunaldi Greziarra egingo dute, laugarren aldiz. Aurreko hiru ekitaldien arrakasta ikusita, aurten ere jardunaldiak antolatzea erabaki dute Irungo museoko arduradunek. Grezia klasikoko antzerkigintza izango da aurtengo gaia: Theatron, jatorrizko hizkuntzan.

Maria Jose Noain da museo erromatarreko jardueren arduraduna. Gogorarazi duenez, duela hiru urte Periplo elkarteko kideek haiengana jo zuten. Bizkaian dute egoitza, eta “filoheleniartzat” dute beren burua; Greziarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dituzte. “Jardunaldi bakarra egitea pentsatu genuen lehenengo urtean”, azaldu du Noainek. “Lehenengo urteko gaia dantza izan zen, eta bazkari greziarra antolatu genuen, museoko tabernako jabeekin hitz eginda. Oso-oso ongi atera zen dena”, gogoratu du. Gainera, zerbait berria ezagutzeko aukera izan zuten orduan: sirtaki dantza ez dela dantza tradizional bat, Zorba filmerako asmatu zutela, alegia. Beste gauza batez ere jabetu zirela nabarmendu du Noainek: “Aukera izan genuen ikusteko Periplo elkarteak zein ongi lantzen dituen horrelako gauzak”.

Esperientzia on hori kontuan hartuta, bigarren aldiz egitea erabaki zuten. Musika izan zen bigarren jardunaldi horien gaia. “Periplo elkarteko idazkari Vicky Rouskak kantatu egiten du”, zehaztu du Noainek. “Eta pare bat musikari etorri ziren Greziatik. Buzuki instrumentua jotzen zuten, eta kontzertu interesgarria eman zuten museoan”.

Hirugarrenean, berriz, gastronomia izan zen ardatza. Olibak, pistatxoak eta bestelako produktuak ekarri zituzten Greziatik, eta liburuetatik platerera eraman zituzten errezetak. “Iaz, gainera, ikusi genuen oso ondo funtzionatzen duela lehenengo hitzaldi txiki bat eskaintzeak eta gero gaia bera lantzeak”. Aurten ere teoria landuko dugu lehenengo, eta landutako hori praktikan jarriko dugu gero.

Aurten, Periplo elkarteko kideak Oiassorekin harremanetan jarri dira berriz ere, eta antzerki klasikoaren gaia proposatu dute. Irungo museoak urtero antolatzen duen Dies Oiassonis jaialdian, antzerki emanaldiak eskaintzen saiatzen dira, eta osatu egingo dute eskaintza hori.

Haurrentzako tailerra ere egingo dute aurten, lehen aldiz. 11:00etan hasiko da, eta 13:00etara arte landuko dute Greziako antzerkia. Helduen txanda izango da arratsaldean. 18:00etatik aurrera, Maria Eugenia Diaz Pascual grezierako irakasleak agertoki greko-erromatarrei buruzko hitzaldia emango du. “Ikerketa antzeztua egiten saiatuko da Diaz. Badakigu zein lotsatiak garen hemen, eta ea lortzen duen. Ez da antzerkia izango; gu ez gara aktoreak, baina ikerketa hori egiten saiatuko da, Greziako antzerkia nolakoa zen bertatik bertara ezagutzeko”.

Maite Minguezen aurkezpenaren ondoren, Bea Insak Hipolito lana antzeztuko du, 20:00etan, eta antzezlearekin berarekin solasean aritzeko aukera izango da gero. “Normalean, ez dugu izaten aktoreekin hitz egiteko tarterik, eta aukera polita izango da larunbatekoa. Greziako ardo kopa bat edaten badugu, gainera… Oso giro polita sortuko dela uste dut”, ondorioztatu du Noainek.

Greziaren eragina Erroman

Arkeologia erromatarra da Oiasso museoaren oinarria, baina arlo hori zabaltzen saiatzen dira. “Egiptoko erakusketak ere landu izan ditugu, adibidez. Greziaren aldean, Egipto ez dago Erromatarren mundutik hain hurbil. Hemen ez dugu lantzen arkeologia bakarrik: literatura hizketaldiak antolatzen ditugu, antzerkia, musika…”. Noainek berretsi du Grezia gabe ezingo litzatekeela ulertu Erroma, eta logikoa dela horrelako jardunaldiak antolatzea. Adibide batzuk zerrendatu ditu Greziak Erroman izan zuen eragina irudikatzeko: “Erromatarren artean, grezieraz hitz egin beharra zeukaten jantziak izateko, eta greziarrek erakusten zituzten beti pedagogia gaiak. Greziakoa imitatzen zuten; jainkoak berberak dira, nahiz eta erromatarrek jainko berriren bat asmatu zuten”.

Antzerkiak, gainera, Grezia zaharrean dauka sorburua. “Ziur Mesopotamian eta Egipton bazeudela antzezlanak, baina Greziakoak dira lehenengo testu idatziak, frogatuta daudenak. Greziarren ustez, antzerkia Dioniso jainkoaren asmakizun bat zen. Jaialdiak egiten zituzten, gainera”. Eta Euripides, Eskilo, Sofokles eta Aristofanesen gisako sortzaileek antzezlanak aurkezten zituzten jaialdi horietara; K.a. V. mendean bizi izan ziren lau egile horiek.

Gaur egungo antzerki lanak ez bezala, orduko obrarik gehienak erlijioari buruzkoak ziren. Eta ezberdintasun gehiago ere badaude: antzerki lehiaketak irabazten zituztenek ospe handia lortzen zuten.

Haurren tailerrerako bi euro ordaindu beharko dira, eta arratsaldeko bi ekintzetan parte hartzeko, lau euro. Noainek uste du “prezio sinbolikoa” dela. Ekinaldi horietan parte hartzeko, izena eman beharra dago, 943-63 93 53 telefono zenbakira deituta edo actividades.oiasso@irun.org helbidera idatzita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.