Sebastian Agirretxe: “Donostia hiri eder eta atsegina da bizitzeko, bai eta hiltzeko ere”

Sebastian Agirretxe: “Donostia hiri eder eta atsegina da bizitzeko, bai eta hiltzeko ere”

Eider Goenaga Lizaso

Sebastian Agirretxek (Donostia, 1936) Artea Polloeko hilerrian hitzaldia eman zuen Tabakaleran, asteartean. Ingeniaria da Agirretxe, baina kulturari oso lotuta egon izan da beti. Ordu asko eman ditu hilerrian dauden arte adierazpenak aztertzen, eta 2.000 argazkitik gora atera ditu. Gipuzkoako Hitza-rekin hilerrian barrena ibili da, hitzaldian azaldutakoa bertatik bertara erakutsiz.

Heriotzaren inguruan herri baten historia eraiki daitekeela diozu.

Munduko zibilizazio guztietan, herri guztietan garrantzi handia eman zaie heriotzaren inguruko errituei, eta Euskal Herrian ere bai; hor daude cromlechak, trikuharriak eta abar. Baina halako batean, gure zibilizazioan, Eliza katolikoa jabetzen da heriotzaren erritu guztiez, baita jaiotza errituez ere. Bere egiten ditu guztiak. Eta hori hala izan da oraintsu arte, nahiz eta Polloen bertan ere antzematen den gero eta garrantzi txikiagoa ematen zaiola heriotzari.

Eta zergatik diozu hori?

Azken urteetan ia ez direlako eraikitzen hilobiak; alderantziz, agerikoa da hilobi asko ez direla zaintzen eta utzita daudela. Panteoi gehienak lehengo mendekoak dira. Orain, batik bat, horma hilobiak erabiltzen dira. Jendeak jada ez dio garrantzirik ematen heriotzari eta, are gutxiago, heriotzaren ondoren datorrenari.

Noiz hasi zen Polloeko hilerriaren historia?

XIV. mendetik aurrera, nobleak eta goi mailako elizgizonak eliza barruetan lurperatzen hasi ziren; eta XVI-XVII. mendetik aurrera, Trentoko Kontzilioaren ostean, bestelako herritarrak ere horrela lurperatzen zituzten; barruan tokirik ez bazegoen, elizari itsatsitako hilerrietan. Iparraldean, horrelako hainbat eta hainbat daude. Donostiako harresien barruan bi hilerri zeuden, Santa Maria eta San Bizente elizei itsatsita.

Eta zergatik erabaki zuten hilerria kanpora ateratzea?

Jendea kexatzen hasi zen hori ez zela osasuntsua, kiratsa zeriola… Karlos III.aren erabaki batek aldatu zuen hori Espainia osoan, Pasaian gertatutako epidemia baten ostean. 83 lagun hil ziren, eta hilerriaren gertutasunari egotzi zioten errua. Hala, 1787an, erregeak dekretuz agindu zuen hilerriak elizetatik eta herriguneetatik ateratzea, eta leku irekietan egitea.

Orduan erabaki zuten Polloe eraikitzea?

Ez, ia ehun urte geroago izan zen hori. Aurretik, beste bi hilerri egin zituzten Donostiako harresietatik kanpora: San Martinen eta San Bartolomen. 1813aren ostean, Donostia berreraikitzen ari zirela egin zuten lehena, San Martingoa. 1860ko hamarkada arte iraun zuen; Donostia zabaltzen ari zela-eta, San Bartolomera eraman zuten arte. Hura ere urte gutxian itxi zuten. 1878an inauguratu zen Polloeko hilerria. Urtebete lehenago, San Martinen eta San Bartolomen gelditzen ziren gorpuzkiak hona ekarri zituzten, eta monolito bat dago haiek lurperatutako tokian.

Zerk eragin zuen hilerria Polloera ekartzea?

Hala eskatzen zuen Donostia zabaltzeko proiektuak. 1873an Donostiako harresiak bota zituztenean, hiriak jada hilerria inguratu egiten zuen, eta kanpora ateratzea erabaki zuten.

Jose Goikoak eraiki zuen Polloe.

Bai, Jose Goikoa izan zen Donostiaren zabalgunea diseinatu eta eraiki zuen arkitekto handia, eta hilerria ere berak eraiki zuen. Donostiaren zabaltzea bezala, oso modu txukun eta ordenatuan eraiki zuen hilerria, hirigintza irizpideei erreparatuta. Donostia hiri ederra eta atsegina da bizitzeko, eta, Polloeri begiratzen badiogu, bai eta hiltzeko ere. Kale zabal eta ordenatuak dira Polloeren ezaugarrietako bat. Bi kale nagusi ditu: San Sebastian eta San Bizente, eta fatxada nagusiko bi ateetatik dator horietako bakoitza. Haien alde bietara eraiki zuen hilerria Goikoak. Fatxada nagusia ere harena da, nahiz eta hasieran txikiagoa zen eta gero handitu egin behar izan zuen.

Handitze horretan sartzen da, adibidez, bataiatu gabekoentzako hilerri zatia?

Oso bitxia da zati hori. Hilerriaren ezkerraldean dago; triangelu formako lur eremu bat da, eta han lurperatzen zituzten protestanteak eta bataiatu gabekoak. Alemaniar jatorriko abizen pila bat daude hilobietan; Donostian bizi ziren, baina protestanteak zirenez, ezin zituzten lurperatu gainerakoekin batera. Harresi batek banatzen zituen bi hilerriak.

Horma horrek orain gutxi arte iraun zuen zutik, ezta?

Bai, hala da. Errepublika garaian, zatiketa hori astakeria bat zela-eta, horma bota egin zuten. Baina, Franco iritsi zen, eta berriro altxatu zuten horma. 1970eko hamarkada arte iraun zuen zutik.

Zein dira Polloeko ezaugarri nagusiak, arte ikuspegitik?

50 panteoi-kapera daude Polloen, barruan meza egiteko aukera ematen dutenak. Familia hilobiak dira, eta estilo guztietakoak daude. Eraiki ziren garaiaren araberakoak izaten dira. Polloeko ezaugarri nagusietako bat dira, eta hasieran asko eraiki ziren. Noski, Donostiako familia handiek bakarrik zuten horretarako aukera. Heriotzako orduan ere botere erakustaldia egiten zuten familiek, eta nor baino nor gehiago ibiltzen ziren horretan ere.

Kaperak oso ezberdinak dira. Zeren arabera egiten dira estilo batekoak edo bestekoak?

Normalki, garaiak zehazten zuen estilo arkitektonikoa. Harearriz eginak dira, adibidez, hilerrira sartu eta berehala ikusten diren kapera gehienak, eta neo-erromaniko estilokoak. Baina, 1897an Manuel Etxabek Artzain Onaren katedrala eraiki zuenean, estiloa aldatu egin zen Polloeko hilobietan ere; katedralaren kumeak ematen dute kapera batzuek. Gerora, desagertu egin zen kaperak egiteko ohitura hori, eta panteoiak apaindu egiten ziren, aingeruekin eta abar. Eta bitxia da, adibidez, 1957tik aurrera, euskal kulturaren berpizkundearekin bat eginez, euskal hilarriak agertzen hasi zirela; horrelako laurogei inguru daude Polloen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.