Tito Marcelino “minduta” dago Txuri-Urdineko zuzendaritzaren moduekin

Tito Marcelino “minduta” dago Txuri-Urdineko zuzendaritzaren moduekin

Unai Zubeldia

Ezin du ulertu zergatia: “Erabat ezustean harrapatu nau”. Baina ezinegona ez dio sortu hurrengo denboraldian entrenatzaile karguan ez jarraitzeak, “erabakia jakinarazteko moduak baizik”. Donostiako Txuri-Urdin izotz-hockey klubak lehengo astean jakinarazi zuen albistea, ohar bidez: “Ekainaren 1etik aurrera, Tito Marcelinok ez du jarraituko entrenatzaile karguan”. Marcelino 2014-2015 denboraldian iritsi zen, azkenekoz, klubera, eta bi kopa eta hiru liga irabazi ditu azken bost sasoietan; azkena, joan den martxoaren 16an, finaleko bosgarren partida erabakigarrian, Puigcerda 3-2 mendean hartuta.

Proiektuak “ziklo aldaketa bat” behar duela adierazi du Rosa Zubeldia klubeko presidenteak, eta Marcelinok berak onartu du bost urteko ibiliak “nekea” sortzen duela bi aldeetan. “Baina atzeko atetik bidali naute, eta horrek mindu nau gehien”. Beste urtebetez jarraitzeko ilusioarekin zegoen entrenatzailea: “Jokalari gazte asko iritsi ziren joan den denboraldian, eta gogotik lan eginda talde horrekin emaitza onak lortzen jarraitzeko erronka neukan”.

Zubeldiak azaldu du Marcelino bera ari dela zabaltzen elkarren artean “harreman kaskarra” zeukatela. “Baina klub honetan zuzendaritzaren batzarretan hartzen dira erabaki guztiak, aho batez”. Marcelino presidentearengana joan zen otsailean, hurrengo denboraldirako zer asmo zeukaten galdezka. “Eta ez nuen jaso erantzunik”. Zubeldiak azaldu zion artean ezin ziotela ezer esan. “Baina berak izugarrizko presa zeukan erabakiaren berri jakiteko; guk ez, berak”.

Jokalariekin eurekin hitz egin dutela jakinarazi du Zubeldiak. “Eta haiek gustura daude hartutako erabakiarekin”. Marcelino kexu da jokalarietako asko Whatsapp bidez agurtu behar izan dituelako. “Eta ahal izan dudan neurrian, gainera; presidenteak berak atera egin baininduen Whatsapp taldetik. Ez dakit zeren beldur zen, baina, tira, ia denek deitu didate eskerrak emateko”.

Entrenatzaile bila ari da Txuri-Urdin, eta klubak hainbat aukera dauzka mahai gainean. “Ondo bidean, hurrengo astean jakinaraziko dugu erabakia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.