Bidasoa berde eta garbi baten alde, auzolana

Bidasoa berde eta garbi baten alde, auzolana

Imanol Saiz

Auzolanean hiria eta ingurua garbitzea: hori izan da Irungo herritar talde baten asmoa. Joan den martxoaren 24an, 25 bat laguneko talde hori Arbes auzo ingurua garbitzen aritu zen, bidean aurkitu zituzten hondakin guztiak jasotzen. Antolatzaileek Garbi Eguna izena jarri diote “ekintza berdeari”. Talde ekologistako kideek argi dute ibilbide luzeko egitasmoa izango dela, eta hilaren 28an egingo dute hurrengo irteera berdea. Lehenengoan egin bezala, Arbes ingurua garbituko dute apirileko azken igandean ere. Mendialdean hasi, eta hirian amaituko dute ibilbidea. Taldeko kideek “irundar guztiei” dei egin diete garbiketa lanetan laguntzeko.

Euskal Herrian biztanle gehien duten udalerrietan zazpigarrena izanik, zabor kopuru handia sortzen dute irundarrek. Taldeko kideek lehen irteeraren ondoren baieztatu zuten hiriko zenbait txokok “benetako garbiketa” behar dutela; Arbes inguruak, San Martzialerako igoerak, Bidasoa ibaiak… Natura eremu ugaritan nonahi aurki daitezke plastikoa eta bestelako hondakinak.

Hiria, “zikin eta utzita”

Behar horrek bultzatuta ekin diote bizilagunen artean hiria garbitzeari. Rafa Rodriguez taldeko kide eta sortzaileak salatu du udalak baliabideak eskaini arren ez direla nahikoa: “Zikin dago hiria, leku asko daude utziak. Asteburuetan, esaterako, lotsagarri geratzen da Hendaia eta Irun lotzen dituen bidegorria”. Udalari oraindik eskaera zuzenik bidali ez badiote ere, argi dute udal gobernuak ez duela behar bezala erantzuten horrelako kasuetan. “Ez dute ezer egiten”, azaldu du Rodriguezek.

Hori ikusita, bere kabuz lan egitea erabaki du herritar talde batek. “Herritarrak sentsibilizatzea, hori da gure erronka. Mundu hobe bat eraiki nahi dugu gure seme-alabentzat”. Ideia horri segika, adinekoak zein umeak aritu ziren lantaldeetan, zakar poltsak hartu eta Arbes ingurua garbitzen.

Lehen irteeran “denetik” aurkitu zutela kontatu du Rodriguezek: “Koltxoi bat, kamioi baten gurpil bat lehertua, plastiko mordoa errekan eta sasi artean…”. Dozenaka kilo hondakin bildu zuten ordu gutxian, “50 kilotik gora”. Egun guztian gogotik lan egin zuten, baina zoritxarrez “hondakin mordoa” dago oraindik Arbesen. Horregatik erabaki dute apirilaren 28an ere inguru hori bera garbitzea. Bistan dauden hondakinen aldean, bizilagunen txakurrek eragindakoak biltzeko aukera askorik ez daukatela salatu dute taldeko kideek, “Arbes inguru horretan, bereziki. Nazkatuta gaude txakurren kakekin”.

Alde onik ere izan zuen lehen garbiketa saioak. Antolatzaileak oso pozik daude bizilagunen erantzunarekin. “Jendea prest dagoela ikusi dugu, eta umeak ere primeran aritu ziren. Oso garrantzitsua da haiek halakoetan parte hartzea; haiengandik hasi behar du, euren esku baitago etorkizuna, eurak baitira etorkizuna”. Rodriguezek azaldu du etxera bueltatu bezain laster argi eduki zutela “errepikatu beharreko esperientzia bat” izan zela egun horretakoa. Hilabetero auzo edo txokoren bat garbitzeko erronka daukate taldeko kideek.

Garbiketa lanetan euren kabuz aritu ziren, baina erakundeek dagoeneko badute lehen irteera hartan gertatu zenaren berri. “Taldeko kide batek mezu bat bidali du jada Txinzerrera [Txingudiko Zerbitzuak], eta ikusitako guztia kontatu die”. Auzo guztietan eragitea izango da taldearen hurrengo pausoa, baina ez azkena, are erronka handiagoa baitaukate etorkizunerako: Garbi Eguna Bidasoa osora zabaltzea. Esperientzia berbera errepikatu nahi dute Hondarribian eta Hendaian.

Plataforma osatzera

Lehen pausoak soilik eman dituzten arren, antolatzaileek badauzkate etorkizunerako helburu zehatzagoak ere. “Taldea handituz doan heinean, eta gertuko herritarrek erantzuten badute, plataforma bat sortzea pentsatu dugu; Txingudi Berde plataforma, edo horrelako zerbait”, azaldu du Rodriguezek.

Gero eta herritar gehiago ari dira egiten birziklatzearen aldeko apustu sendoa. Pixkanaka-pixkanaka, hondakinak gaika biltzeko joera jarraitzaileak batzen ari da, ezinbestean. Txinzer erakunde publikoaren azken datuen arabera, eskualdean, 2018an, %20,21 egin zuen gora gai organikoen bilketak. Gora egin zuten beste hiru birziklatze tasak ere —paperak, beirak eta ontziek—; %6,12 igo ziren horiek. Hala, Bidasoko birziklatze tasa %51,26ra heldu zen 2018an.

Sortu berri duten taldean argi daukate oraindik ere “egiteko asko” daukatela Bidasoa berde eta garbi bat lortzeko bide horretan. Helburua “zaila” eta bidea “luzea” da, eta Garbi Egunaren sortzaileek eguneroko keinuetan jarri dute indarra; dutxatzean, birziklatzean nahiz kontsumitzeko orduan, esaterako. Lana badute, eta prestasuna ere bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.