Egun batez bada ere

Egun batez bada ere

Unai Zubeldia

Herritarrak liburutegietara joaten ez badira, atera ditzagun liburuak herritarrak dabiltzan tokira”. Unescok 1996an erabaki zuen apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Egun izendatzea, eta ordutik irakurketa, liburugintza eta jabetza intelektuala egile eskubideen bidez bultzatzea da egun horretako helburu nagusia. Urtero-urtero, munduko hainbat txokotan antolatzen dituzte ekitaldiak, eta, noski, baita Gipuzkoan ere. Donostian, esaterako, apirilaren 23an bertan egingo dute urteroko azoka, Gipuzkoa plazan. Baina, bihar hasi eta hilaren 25era arte, beste hainbat udalerritan ere izango da zer ikusi eta zerekin gozatu: Getarian, Zarautzen, Irunen, Astigarragan, Eibarren, Legazpin… Literatur hilabeteak udalerri askotan izango du isla.

Arantza Urkia Donostiako Udal Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria da, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Liburu saltzaileek eurek ere argi esaten dute liburua kalera ateratzea izaten dela apirilaren 23ko helburu nagusia. Badakigu aukera asko dagoela gaur egun, baina Liburuaren Egunak ikusgarritasuna ematen dio liburuari”. Urkiak gogoratu du Katalunian, esaterako, sona handia daukala Sant Jordi egunak. “Eta esku artean liburuak edukitzeko ohitura horri eustea da gure erronka: liburuak erostea, oparitzea, begiratzea…”. Donostiari dagokionez, irakurraldiak, haurrentzako ipuin kontaketak eta literatur ibilaldiak ez ezik, hainbat zozketa eta sari banaketa ere izango dira egun guztian Gipuzkoa plazan.

Donostiako Udal Liburutegi Zerbitzuko zuzendariaren hitzetan, garai batean “garrantzi handia” zeukaten liburuek. “Baita maila sozialean gora egiteko ere; gurasoek beti gogoratu izan digute hori”. Bestelakoa da, ordea, gaur egungo errealitatea. “Kontuan hartu behar dugu eskura dauzkagula sakelakoak, smart-ak… Horregatik, galdera bat egin beharko genuke lehenik eta behin: etxe bakoitzean zenbateko garrantzia daukate liburuek? Pixkanaka galdu egin da liburuen garrantzia; dagoeneko ez dira hain objektu desiragarriak”.

Teknologia berrien eragina

Urkiak azaldu du askok teknologia berriekin lehian jarri nahi izan zutela liburua bera edo papera. “Urte asko daramatzate papera desagertu egingo dela esanez, baina ez da desagertu, eta ez da desagertuko. Indartsu dago papera, baina, agian, pertzepzio hori ez dago hain indartsu; ez daukagu barneratuta liburuek daukaten garrantzia. Irakurketa oso garrantzitsua da gizarte kritiko bat eraikitzeko”.

Hori bai, Donostiako Udal Liburutegi Zerbitzuko zuzendariak onartu du liburuek “gauza interesgarri askorekin, tentazio askorekin” lehiatu behar izaten dutela. “Lehen ez zegoen halakorik, baina oso garrantzitsua da liburuak irakurtzen jarraitzea. Oso erraza da film bati begira jartzea, edozein tokitan egon daitekeelako burua. Irakurtzeak, berriz, ahalegina eskatzen du”. Gaur egungo gazteak “oso alfabetatuta” daudela onartu du Urkiak. “Baina ez dute irakurtzen, eta euren burmuinak ez daude ohituta irakurtzera. Neurozientzian adituak direnak ere hasi dira esaten arazoak sortzen ari direla horri dagokionez”.

Ohiturei helduta, Urkiak azpimarratu du “berebiziko garrantzia” daukala txiki-txikitatik umeak liburuen munduan murgiltzeak. “Aditu batzuen arabera, umetan egunero bost minutu hartuz gero irakurtzeko, ohitura horiek barneratu egiten dira pixkanaka, eta heldu garaian ahalegin handirik egin gabe irakurriko dute herritar horiek”.

Hori guztia kontuan hartuta, hurrengo asteartean Gipuzkoa plazara inguratzeko gonbita egin du Urkiak. Hamasei erakusmahai egongo dira, 09:30etik 20:00etara. Urtero bezala, Txistularien Udal Bandarekin hasiko da azoka, eta Amaia Lainonen Poesia kaxa izango da azken emanaldia, 19:00etan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.