Etxekoari maitasuna

Etxekoari maitasuna

Aitziber Arzallus

Adinez gaztea izanagatik, molde zaharreko sukaldaria da Joseba Odriozola (Zestoa, 1985). Edo, ziurrenik, egokiagoa da parrilaria dela esatea, sukaldean ere jarduten duen arren. Berria da ostalaritzan, hiru urte baitira Zestoan Araneta erretegia zabaldu zuela. Sukaldaritza eskolarik inoiz zapaldu gabea da, hitzaldiren bat emateko ez bada. Baina gutxik dute harena bezalako eskua parrila bat parean duenean. Zarautz Parrilan-ek antolatutako erreboilo txapelketa irabazi berri du Odriozolak. Euskal Herriko beste bederatzi parrilarirekin aritu zen lehian, eta erreboilorik onena zestoarrarena zela ebatzi zuen epaimahaiak.

“Niretzat sari bat da horrelako lehiaketa batean parte hartzeko gonbidapena jasotze hutsa, eta irabaztea, ikaragarria”. Momentua gogora ekartzean, hunkitu egiten da oraindik ere. “Sukaldaritzan izena duen jendea zegoen han, eta nire etxetik joandako tipo bat nintzen ni”. Odriozola ez da lehiaketetara joan zalea, giro horretan “arraro” sentitzen delako. “Gainera, ez zait gustatzen etxea hankaz gora uztea, han nagoenean erretegian falta izaten naizelako”. Hainbat lekutatik deitu izan diote, baina ezezkoa eman izan du, bitan izan ezik: Zarautz Parrilan-en eta 2017an Donostia Gastronomika kongresuaren barruan egin zuten parrilari txapelketan. “Bi horietan animatu egin nintzen, gertu zirelako eta lantaldearen babesa nuelako”. Bietan irabazlearen sariarekin itzuli da etxera: Zarautzen, erreboiloa erreta, eta Donostian, txuleta.

Sukaldari titulurik ez du izango, baina argi dago beste zerbait baduela Odriozolak. Arrakastaren gakoa “konfiantzazko hornitzaileak eta lehengairik onena” izatea dela dio berak. “Ezinbestekoa da hori; produktua txarra bada, ondo erreta ere txarra egongo da”. Tolosako harategi batean eta Zarauzko arrandegi batean erosten du jeneroa. Haien txuletak eta erreboiloak erreta irabazi ditu txapelketak, eta haien produktuak eskaintzen ditu Aranetan ere. Etxeko baratzeko produktuak eta oso gertuko hornitzaileenak erabiltzen ditu eguneko menua eta karta osatzeko. “Ordiziako azokara-eta joaten naiz, baina sekula ez saltoki edo denda handietara”.

Primerako lehengaiez eta berezko trebetasunaz gain, ordea, Odriozolak badu beste inork ez duen zerbait: iaz etxeko atarian egin zuen txondorretik ateratako ikatza, Aranetako ikatza. “Baratzeko letxugaren eta poltsakoaren artean aldea nabarmena bada, etxean ekoitzitako ikatzaren eta erositakoaren artean ere hala izango zela pentsatuta ekin nion proiektuari”. Mendaroko hamabi tona arte egur erabili zituen txondorra egiteko, eta hiru tona ikatz atera zituen. “Prozesu luzea eta neketsua izan zen, baina sekulako maisuak eta laguntzaileak izan nituen, eta ahaleginak merezi izan zuen”. Urrea balitz bezala gordeta dauka etxeko erregaia. “Okasio oso berezietan erabiltzen dut, eta malkoren bat ateratzen zait aldi bakoitzean, oroitzapenengatik”. Parrilan antzemango zela uste zuen, eta halaxe izan da. “Etxeko ikatza erabilita irabazi nuen Zarautzen, eta niretzat izugarria da hori”.

Urtebete, parrilan ikasten

Horrelako aitorpenek lanean gogotsu jarraitzeko indarra ematen diote Odriozolari. “Ondo ari garen seinale da saria. Duela hiru urte sartu ginen honetan, esperientziarik gabe, eta orain ikusten ari gara lan asko eginda proiektua aurrera ateratzen ari garela”. Ordura arte, fabrika bateko langilea zen Odriozola, ostalaritzan sekula jardun gabea. Eskola pixka bat behar zuela-eta, Getariako Kaia jatetxera jo zuen. “Etxean bezala hartu ninduten, eta urtebetez aritu nintzen laguntzen, parrilan ikastearen truke”. Bikotekidea eta biak hasi ziren Aranetan, Odriozolaren amaren laguntzarekin. Zortzi laguneko lantaldea dute gaur egun, “eta lanerako giro bikaina”.

Saiatzen da lankideak eta bezeroak ahalik eta ondoena zaintzen. “Gero eta jende gehiago etortzen ari da Donostialdetik, Frantziatik, Kataluniatik… Baina niri inguruko jendea jatera etortzeak ematen dit pozik handiena: lagunak, kuadrillakoak, Zestoakoak, Aizarnazabalgoak… Behin etorri eta berriz itzultzen direla ikusteak, horrek betetzen nau gehien. Niretzat haien iritziak askoz gehiago balio du lehiaketak irabazteak baino”.

Negu partean, asteazkenetan itxia izaten dute jatetxea; gainerakoan, eguerdiero zabaltzen dute, eta ostiraletan eta larunbatetan, iluntzean ere bai. Aste Santuan, uztailean, abuztuan eta irailean, berriz, egunero zabaltzen dute, bazkalorduan eta afalorduan. Parrila piztuta izaten dute beti, eta han jarduten du Odriozolak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.