“Gure ondarea delako ateratzen dira gazteak prozesioan”

“Gure ondarea delako ateratzen dira gazteak prozesioan”

Kerman Garralda Zubimendi

Laureano Telleriak (Segura, 1935) bizi osoan parte hartu du Segurako prozesioan. Antolatzaileetako bat da gaur egun, eta “asko” maite duela aitortu du. Ostiral santua izanik, gaurkoa da egun nagusia Seguran; 18:15ean irtengo dira andak kalera.

Handia da Segurako prozesioa, ezta?

310 herritar inguruk hartzen dugu parte prozesioan; kopuru polita da 1.400 biztanleko herri baterako. Denera, 2.000 pieza baino gehiago ditu prozesioak: arropak direla, farolak, kandelak… Irudizko hamar anda ditugu, eta lau bizidun.

Lan handia eskatuko du hori guztia koordinatzeak, noski. Nola moldatzen zarete?

Lau lagun ibiltzen gara antolaketa lanetan, baina herritar askoren laguntza izaten dugu. Esaterako, arduradun bat izaten du anda bakoitzak, eta euren ardura izaten da anda mugiarazteko jendea topatzea. Ez da zaila izaten, Seguran tradizio handia daukalako prozesioak, eta gazteek eutsi egin nahi izaten diotelako aurretik aitak eta aitonak egindako bideari.

Noiz hasten zarete antolaketa lanetan?

Aurrekoa amaitu bezain laster; pieza bakoitza bere lekuan eta ongi jaso behar izaten da hurrengo urterako. Inbentario bat egiten dugu horretarako, zer dagoen eta zer egoeratan jakiteko. Eskuz egiten dira konponketa lanak, eta bere denbora behar izaten du horrek. Atseden txiki baten ostean, abenduan hasten gara, berriz ere, serioago lanean.

Pieza historikoak izanik, kontu handiz ibili beharko da, ezta?

Oso kontuz. Euriak, esaterako, kalte handia egiten die piezei. Hala ere, urte batzuetan, eguraldia kilikolo egon arren, atera egin izan gara, jendearen ilusioagatik, eta arkupean amaitu izan dugu askotan, babesean. Egun, arduradunek prozesiorik ez dela egingo esaten badute, ez da egiten, eta eliza barruan egiten ditugu ospakizunak. Gipuzkoako elizarik handienen artean laugarrena da Segurakoa, eta barruan badugu nahikoa toki.

Andak aldatuz joan izan dira eraberritze lanen aitzakian?

Baditugu 1892ko argazkiak, eta horietan oinarrituta egiten ditugu berrikuntza lan guztiak. Zuri-beltzeko argazkiak eta gaur egungoak ikusita, ia ez dago alderik. Materialak aldatu dira, baina berdin-berdina da itxura. Dirua dagoen bitartean, ahalik eta material onenarekin egiten ditugu konponketak.

Prozesioaren transmisioak badu konponketa beharrik?

Borondatez, posible da lan gehienak egitea, baina gauza baterako ez da nahikoa, indarra behar baita santuak eramateko. Badaude bizkar bakoitzean, ordubetez, 48 kilo eutsi behar izaten diren andak, eta horretarako beharbeharrezkoa da sasoia.

Gazteek izango dute sasoia, ala?

Aitonak, aitak… aurreko belaunaldiek santu hura eraman izan zutelako, gazteek oso barruan sentitzen dute prozesioa. Eskerrak horri!

Erreleboa ziurtatuta dago, hortaz?

Mezatara ez da etortzen gazte askorik, baina prozesioan ateratzen dira, bai.

Mezatara ez, baina prozesiora bai. Nola ulertzen da hori?

Segurarren ondarea delako. Segurar askok euren sentitzen dute prozesioa, arbasoak bertan ibili zirelako: 1730eko dokumentu batek esaten du antzinaantzinako garaietatik egiten dela prozesioa gure herrian; beraz, atera kontuak zenbat ahaidek hartuko zuten parte prozesioan. Seguran tradizio handia du prozesioak, eta gazteek ez dute utzi nahi galtzen; mezatara etortzen ez den jende askok ere dirua jarri izan du konponketa lanei aurre egiteko.

Prozesioa folkloriko bilakatu da fedearen kaltetan?

Hiru zatitan banatuta ikusten dut prozesioa: egunpasa etortzen den jendearena da zatirik handiena; beste multzo bat ere badago, txikiagoa, arteaz gozatzera etortzen dena; eta errezatzera etortzen direnek osatuko lukete hirugarrena. Gutxi dira azken horiek, baina oraindik ere badago prozesioa igarotzen denean errezoan hasten den baten bat.

Segurakoak bertakoak ez direnak ere inguratzen dira prozesioa ikustera?

Segura Aste Santuagatik da ezaguna; orain dela berrogei bat urtera arte, herri guztietan egiten ziren prozesioak, baina gutxituz joan dira. Hondarribiko eta Segurako prozesioek soilik eutsi diote etenik gabe, beste inon baino tradizio handiagoa dutelako. Horrek are handiago bihurtu du gure prozesioa, eta inguruko herrietatik ere etortzen da jendea. Baita urrunagotik ere: urtero etortzen dira Ipar Euskal Herriko bisitariak, adibidez.

Segura hain herri fededuna izan da sekula etenik ez izateko?

Segurarrek maite dute prozesioa, eta urte osoan herrian izaten den gertakaririk handiena da.

Zuk nola bizi izaten duzu ostiral santua?

Nik sekula ez dut ikusi prozesiorik balkoi batetik begira jarrita, eta ezta beste segurar askok ere; goizean goiz gurutze bidea izaten da Santa Engraziatik Sorkundetar komentura, eta elizan ere beti izaten da azken orduko zereginen bat.

Noiz irten zinen lehendabizikoz prozesioan?

Gehienak bezala, 3 urterekin, aingeruz. Nazaretarrez ateratzen dira gero, eta, koskortzean, 9 urte egitean, penitentez. Hamahiru laguneko talde bat, berriz, erromatarrez irteten da. Mailakatuta egoten da, adinaren arabera.

Prozesioak asko aldatu al dira lehen alditik?

Ia ez dago alderik: berbera da ibilbidea; jantziak eta andak berritu arren, diseinu berbera dute…

Tira, lehen ez zen hainbeste bisitari bilduko egun-pasa…

Lehen, denak izaten ziren fededunak, eta pisu handiagoa zuen apaizaren esanak.

Asko Segurara joaten diren bezala, segurarrak ez al dira joaten kanpora oporretara?

Lehen, Aste Santuan, inortxo ere ez zen joaten oporretara, baina, gaur egun, gero eta jende gehiagok aprobetxatzen du aukera kanpora joateko. Halere, Aste Santuko bigarren astean joaten dira gehienak, prozesioaren ostean; bitxikeria modura, esango nuke emakumea kanpokoa bada eta Segurara ezkonduta egonez gero oporretara joaten direla; baina emakumea bertakoa izanda nabarmen gehiago gelditzen direla herrian.

Aste Santua asko aldatu al da urteen poderioz?

Badago garizumari eta bijiliari eusten dion jendea, baina 70 urte baino gehiago dauzkate horiek. Gazteek doktrinarik ez dakitenez eta elizara etortzen ez direnez, ez dituzte ezagutzen halako kontuak.

Prozesioari eusten diote gazteek, beraz, baina penitentziei ez?

Jendeak fedeagatik eusten die garizumari eta bijiliari, eta tradizioagatik eutsi izan zaio prozesioari. Are gehiago, gazteei egun horietan haragirik ez jateko esango bagenie, burla gisa hartuko lukete gehienek.

Gustatuko litzaizuke penitentziei ere eustea?

Dudarik gabe. Inori ez dio egiten kalterik.

Zuretzat garai berezia al da Aste Santua?

Beste festa klase bat da Aste Santua, eta beste ikusmira batekin begiratzen diogu. Hurbileko sentitzen dut. Sanjuanak ere ospatzen dira Seguran, baina beste esanahi bat du Aste Santuak.

Elizarekin harreman estua duzu zuk.

Elizaren alboan jaio nintzen, eta hemen bizi naiz. 83 urte daramatzat elizaren aldamenean.

83 urte, azkar esaten da. Zer moduz zaude osasunez?

Baxoerdi batzuk edateko sasoia dugun bitartean, ondo.

Txikiteoa da zure beste zaletasuna?

Nire ustez, oso sanoa da txikiteoa. Eragiten duen lasaitasuna askoz mesedegarriagoa da alkoholak eragiten duen kaltea baino. Hala uste dut nik behintzat. Egunero elkartzen gara lagunak, eta hiru bat baxoerdi hartzen ditugu kontu kontari.

Eliza eta taberna, a zer-nolako bikotea!

Niretzat, kultur lekuak dira tabernak ere. 22 urte inguruko tabernari batek orain dela gutxi esan zidan urte erdian ikasketekin baino gehiago ikasi duela tabernako kontuak entzuten. Azken finean, elkarguneak dira tabernak, eta bertan kontu txiki asko transmititzen dira.

Nolakoa da Segurako bizimodua?

Oso herri bildua da. Taberna giro handia egoten da, eta elkarrekin ibiltzen dira adinekoak eta gazteak.

Prozesioak eta Aste Santuak izan dituen aldaketak aipatu dituzu lehen, baina Segura bera asko aldatu al da azken urteotan?

Sosetan, jatekoan eta janzteko moduan, batez ere. Gerra ondorengoak gara gu, eta miseria gorria besterik ez zegoen orduan: ogi zuria 10 urterekin jan nuen lehendabizikoz, eta otordu bakarra egiten genuen garai hartan. Garai batean familia osoak mantentzen ziren gaur egun sobratzen denarekin.

Gogorra zen bizimodua…

Beldurra nagusi zen orduan: jo egiten gintuzten elizan, etxean, eskolan… Nik, justujustu, irakurtzen eta idazten ikasi nuen eskolan, eta batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak egiten.

Baina beste jakinduria bat izango zenuten: kalekoa.

Inprobisatzen genekien guk. Gordeak ditut haurtzaroko 30 bat jolas, eta denak dira inprobisatuak. Gaur egun, berriz, dena da erosia. Erosi eta bota. Guk buztinarekin egiten genituen kanikak, eta trapu zaharrekin baloiak. Nire ilobek zakukada bat kanika dute egun, eta hogei bat baloi; guk harreman estuagoa geneukan naturarekin. Mokotxa, errezila… ziren guretzat, baina orain denak dira sagarrak, eta berdina gertatzen da landareekin, txoriekin…

Gaur egun nahi adina arropa dute gehienek, baina lehen…

Arropa berririk ez nuen izan nik. Bost anaietan gazteena naiz, eta zaharragoen arropak erabili izan nituen beti. Helduagoak izan arte, ez genuen izan barruko arroparik, eta ezta urik sartzen ez zen oinetakorik ere. Beroki bat zuen nire amaginarrebak; aste barruan alde batera erabiltzen zuen eta jaiegunetan beste aldera. Eta ez pentsa arropak erositakoak zirenik, etxean jositakoak baizik.

Argirik bazenuten?

Eguraldi ona egiten zuenean bakarrik. Haize apur bat egiten bazuen, ezer ere ez.

Eta urik?

Putzura joaten ginen edateko uraren bila, eta ibaira garbitzera. Duela 50 bat urte iritsiko ziren dutxak Segurara.

Ura baino errazago iritsiko zen ardoa etxera…

Marka da, baina halaxe zen!

Eta euskara? Garaiak asko aldatu arren, zuek euskaraz hitz egin izan duzue beti?

Guk beti egin izan dugu euskaraz, etxean zein elizan. Kalte handiak egingo zituzten apaizek, baina ikaragarrizko lana egin dute euskararen alde. Garai hartan galarazita zegoen euskara, baina apaizek bazuten botere nahikoa euskaraz hitz egiteko eta zigorrik ez jasotzeko. Konfesatu, errezatu, doktrina jaso… Dena euskaraz egiten zen orduan ere.

Eskolan, ordea, gaztelaniaz aritzen zineten.

Kanpotik etorritako frankistak ziren irakasleak, eta haiek ez ziguten uzten euskaraz hitz bakar bat ere esaten. Euskaraz entzuten bazintuzten, eraztun bat ematen zizuten, eta astearen amaieran jo egiten zuten eraztuna zuena. Trikimailu txikiak ere bagenituen: eskuak gantzez igurzten genituen erregelak irrist egin eta min gutxiago hartzeko. Orri handi batean 500 aldiz idatzi behar izaten genuen no hablaré más en vascuence, [ez dut hitz egingo gehiago euskaraz], baina gure hizkuntza zen, eta, oraindik ere, bada.

Euskara entzuten da Seguran?

Bai. Oso herri euskalduna da Segura, eta euskaraz bizi gara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.