Hamar urte geroago, etxean bezala

Hamar urte geroago, etxean bezala

Josu Artutxa Dorronsoro

Euskal Herriaren antzekoa” da Eslovenia, Aitor Imaz Larreta KUP abesbatzako presidentearen arabera. Europa erdialdeko herrialde menditsu bat da, Italia, Kroazia, Hungaria eta Austriaren mugan. Esloveniako Errepublika Jugoslaviako Erresumaren parte izan zen 1945era arte. Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako errepublika federatu bat bihurtu zen ondoren, 1991n independentzia lortu zuen arte. Ia bi milioi biztanle bizi dira han; erdiak, Ljubljana hiriburuan eta beste hirietan, eta beste erdiak, herri txikietan eta mendi garaietan.

Herrialde aurreratua da ekonomikoki, ekoizpenerako botere eta ahalmen handienetakoa duena. Langabeziari dagokionez, historiako daturik onenak lortu zituen joan den otsailean: %4,4 —2013ko otsailean %11koa zen datua—. Hango kulturak, berriz, parekotasun handiak ditu Alemania, Austria eta Italiakoekin. Europako herrialde askoren eragina izan du urte luzez, eta sona handiko artistak izan dituzte musika, arte eta zinema munduan. Hangoa da Slavoj Zizek filosofoa ere.

Maribor da herrialdeko bigarren hiri nagusia, eta 115.000 biztanle inguru ditu; Europako kultur hiriburu izendatu zuten 2012an. Bitxikeria gisa, han dago munduko mahatsondorik zaharrena, 440 urte baino gehiagokoa. Mariborrek, ordea, badu ospakizun berezi bat: International Choral Competition Gallus Maribor 2019 Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa. Europako zirkuituaren barruan dago lehiaketa hori, eta munduko garrantzitsuenetakoa da. Hain justu, Jacobus Gallus musikagile entzutetsuaren omenez jarri zioten izen hori. Joan den asteburuan egin zuten 15. ekitaldia, eta bertan parte hartu zuen Tolosako KUP abesbatzak.

Izena 22 herrialdetako 35 taldek eman bazuten ere, hamahiru talde aritu ziren lehian azkenean. Ostiral iluntzean ekin zioten lehiaketari; talde bakoitzak bere herrialdeko folklorearen aurkezpen moduko bat egin behar izan zuen lehenik. “Orduan izan genuen lehen kontaktua aretoarekin, eta sonoritate ederra zuela konturatu ginen; kantatzeko leku bikaina da”, hasi du azalpena Aitor Imaz Larretak, KUPeko presidenteak. “Bi euskal doinu kantatu genituen guk, euskaraz, eta baserritar jantziekin. Inork ez zuen ulertzen ezer, baina transmititzea lortu genuen”. Abuztuan, esperimentu bera egin zuten Taiwanen, eta hangoak hunkitu ere egin zituztela aitortu du Imazek.

Sentsazio “deskribaezina”

Lehiaketa larunbatean hasi zen ofizialki. “Lehen saioan, behartuta geunden Gallusen obra bat, garai erromantikoko doinu bat eta abesti zehatz bat kantatzera. Erronka handia izan zen guretzat, koreografiak ere egin behar izan baikenituen”. Lehiaketako hiru obratan aritu ziren dantzan. Arratsaldean izan zuten bigarren saioa, programa librekoa, gehienez hamabost minutukoa. “Deskribaezina izan zen une hori. Ondo prestatuta eraman genuen dena, eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin. Gozatzekoa izan zen, eta bakarren batek negar ere egin zuen”.

Gauean jakinarazi zuten zein bost talde igaro ziren finalera: APZ Maribor (Eslovenia), Jazepa Vitola (Letonia), Chamber Choir (Alemania) eta Mt. San Antonio (AEB) sailkatu ziren KUPekin batera. Esloveniara joan aurretik lehiaketa hartan parte hartzea bera jada nahikoa sari bazela aitortuta, “dena ematera eta gozatzera” joan ziren taldeko kideak. “Finalean sartzea zen helburua”, zehaztu du Imazek, eta igandean izan zen lehia nagusi hori. “Oso zaila da aldi berean tonu berean kantatzea, koreografiak egitea eta partiturari jarraitzea. Prestaketa lan handia egin genuen, dena behar bezala ateratzeko”.

Behin lehiaketa amaituta iritsi ziren urduritasun handieneko uneak. “Atzekoz aurrera jakinarazi zuten sailkapena, eta tentsio pixka batekin bizi izan genuen. Bosgarren, laugarren eta hirugarren sailkatuen izenak esan zituztenean, elkarri begiratu, eta lehenak edo bigarrenak ginela ohartu ginen”. Lehiaketa irabaz zezaketela pentsatuta, “zapore gazi-gozoarekin” gelditu zirela aitortu du Imazek. “Baina sekulakoa izan da”. “Azken urteotako lehiaketarik estuena” izan zela adierazi zuten antolatzaileek. “Eta gero jabetu ginen lehen sailkatuek oso puntuazio altuak lortu genituela. Orduan, gehiago baloratu genuen lortutakoa. Ikusleek, gainera, lehen postua merezi genuela esaten ziguten”.

Jazepa Vitola taldeak lortu zuen garaipena, 95,3 punturekin, eta 93,9 puntu lortu zituzten tolosarrek. APZ Maribor eta Chamber Choir Mannheim, berriz, berdinduta gelditu ziren hirugarren postuan, 93,3 punturekin, eta Mt. San Antonio sailkatu zen bosgarren, 92,5 punturekin. Duela hamar urte, lehiaketa irabazita, KUP abesbatzak eskuratu zuen Europako Sari Nagusia jokatzeko aukera. “Oso altu jarri genuen langa, eta zaila zen hura gainditzea”.

Gabriel Baltes zuzendari lanetan zela, 35 lagunek osatu dute KUP abesbatza Eslovenian. “Etxean bezala” sentitu direla azaldu du Imazek. Kide batzuek, gainera, opor egunak aprobetxatu dituzte ingurua ezagutzeko. Bitartean, hilabetean behin entseatzen jarraituko du taldeak, sari gehiago lortu eta 2020an Debrecenen (Hungaria) egingo duten Europako Sari Nagusian parte hartu ahal izateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.