Julen Agirreburualde: “Ez da egia gutxien frenatzen duenak irabazten duenik”

Julen Agirreburualde: “Ez da egia gutxien frenatzen duenak irabazten duenik”

Eider Goenaga Lizaso

Aldapan behera jaistearena txikitako zaletasuna du Julen Agirreburualdek (Legazpi, 1988), baina inoiz ez zuen pentsatuko zaletasun horrek halako segida izango zuenik. 2012an hasi zen serio horretan: Euskal Liga irabazi zuen arinen kategorian, eta Maldan Behera taldea sortu zuen, beste bi lagunekin batera. Amets bat beteko du aurten, Legazpin jokatuko baitute Europako Kopako probetako bat. Bera ez da lehiatuko, lasterketa zuzendari gisa aritu beharko baitu. Horrek, baina, ez dio ilusiorik kendu.

Speeddown-eko Europako Kopako proba bat jokatuko da asteburuan Legazpin. Nolatan?

36 urte ditu Europako Kopak, baina duela bost-sei urte hasi zen jendea Espainiatik pixka bat Europara begira. Ordu arte, Europa erdialdean bakarrik jokatzen zuten, eta, bitartean, gu hemen, goitibeherak gure zerbait bakarrik zirelakoan. Europako Txapelketara ateratzen hasi ginen. Baina, duela bi urte, txapelketa oso ondo prestatu ostean, gaixotu egin nintzen, eta ez nintzen joan. Amorru horrekin, abuztuan, Suitzara joan nintzen kopako proba bat jokatzera. Han ezagutu nuen kopa.

Zein da txapelketaren eta koparen arteko ezberdintasuna?

Leku bakarrean jokatzen da txapelketa [Frantzian jokatuko da aurtengoa]. Tokiz aldatzen da urtero, Olinpiar Jokoak edo futboleko txapelketak bezala. Kopak, berriz, bost edo sei proba izaten ditu toki ezberdinetan. Kopa ezagutu arte, oso goi mailako proba gisa ikusten nuen txapelketa; baina kopa ez, antolatzeko modukoa iruditu zitzaidan, eskuragarriagoa. Hortxe sortu zen kopako proba bat hemen egiteko ideia.

Eta pentsatu eta egin?

Duela bi urte hasi ginen ideiari bueltaka, eta pixkanaka joan da gauzatzen. Europako Federazioan pozik zeuden gure proposamenarekin, aspaldi ari baitziren Espainian proba bat antolatzeko eskatzen. Azkenean, Legazpin egin dugu, eta beraiek pozik, Euskal Herria Europatik gertuago dagoelako. Asko lagundu digute hasiera-hasieratik.

Goitibehera bat ez al da egiten taula bati errodamendu batzuk itsatsita?

Bai, eta niretzat ere hala zen hasieran. Dena den, Europako probetan ja ez da erabiltzen goitibehera hitza, speeddown edo inertzia kirolak baizik. Gure taldea, adibidez, Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkartea da.

Goitibehera baino zerbait konplexuagoa da, beraz.

Ibilgailuak askoz ere sofistikatuagoak dira, eta ingeniaritza maila altukoak. Hemen, Euskal Herri mailan, edo Espainia mailan, kotxe zaharren piezak-eta erabiltzen dira; baina Europan ez, berez sortutako piezak erabiltzen dituzte Europan, tornuarekin berariaz eginikoak, ingeniaritza maila handikoak. Materialak ere gero eta gehiago sartzen ari dira: magnesioa, karbono zuntza….

Enkarguz egiten dira?

Bueno, jende askok, oraindik, etxean egiten ditu, betiko goitibeheraren filosofiari jarraituz, baina badaude autogile batzuk ere.

Zerorrek egindakoak dira zuk erabiltzen dituzunak?

Kategoria ezberdinak probatzen ari naiz azken urteetan, eta kanpotik ekarri ditut bi goitibehera. Txekiar Errepublikatik ekarri nuen bat, bala forma duena, eta Italiatik beste bat, kart itxura duena. Europatik ekarritakoa da orain daukadana ere, baina artisaua da, egurrezkoa eta eskuz egina. Kategoriaren arabera, goitibehera ezberdina erabiltzen da.

Inertzia kirola bada, ibilgailua aldapan behera jarri, eta bakarrik joan behar du, ezta?

Bai. Hemengo lasterketetan ohituta gaude irteterakoan laguntzera, edo bihurgune batean, goitibehera gelditzen bada, berriro ere bultzaka martxan jartzera; baina Europa mailako txapelketetan guztiz debekatuta dago hori; inertziaz joan behar du irteeran frenoa askatzen denetik helmugaraino, inork ukitu gabe.

Ibilbideak garrantzia izango du horretan, ezta?

Bai, baina goitibeherak du garrantzi handiena; materiala, aerodinamika, errodamendu onak, arintasuna gurpiletan… Horregatik esaten dut ingeniaritza maila handiko ibilgailuak direla.

Gidariak frenoa ahalik eta gutxiena zapaltzea ere garrantzitsua izango da, ezta?

Hori topiko bat dela uste dut nik; ez da egia gutxien frenatzen duenak irabazten duenik. Frenatu behar den tokian frenatzea da gakoa, eta inportanteena ez da bihurgune batean azkar sartzea, azkar ateratzea baizik. Azkar sartuz gero, derrapatzen atera zaitezke, eta abiadura galdu.

Nolako lasterketa izango da?

Lehengo astean itxi genuen izen ematea, eta 88 gidarik eman dute izena. Erlojuaren kontra egiten dira jaitsierak, eta egiten diren hiru jaitsiera ofizialetatik bi azkarrenen batuketak puntuatzen du koparako. Legazpikoa da aurtengo Europako Kopako lehenengo proba, eta beste bostak jokatzen direnean jakingo da nor den txapelduna.

Zer duzu kontatzeko ibilbideari buruz?

Legazpiko goitibehera lasterketan normalean egiten den ibilbidea baino luzexeagoa prestatu dugu. Baina, goitibeherarekin entrenamendurik egin ezin denez, errepideak ezin direlako itxi, ez dakigu oso ondo nola joango den. Dena den, ilusioa dugu ikusteko. Berriak dira jaitsieraren amaierako bihurguneak, eta uste dut horietatik abiadura oso bizian igaroko direla goitibeherak.

Beraz, bihurgune horietan jartzeko aholkatuko zenioke Legazpira joaten denari?

Jendea animatu nahiko nuke etortzera, ikuskizun polita delako, eta etortzen direnek, ziur, bihurgune horietan ikuskizun ederraz gozatuko dutela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.