Krimenik handiena, etsitzea

Unai Zubeldia

Bi urte neuzkaneko bideoren bat ere badaukat etxean baloiari ostikoka ageri naizena; nik betidanik argi eduki izan dut futbolari izan nahi dudala”. Ez suhiltzaile, ez irakasle, ez zientzialari eta ezta astronauta ere. “Lehenago ezin nuenez, 8 urterekin eman nuen izena Antiguokon, eta ordurako oso argi neuzkan gauzak; berdin zitzaidan hemen, Norvegian, AEBetan edo munduko zein txokotan, baina futboletik bizi nahi nuen nik”. 18 urte dauzka Aimar Samaniego Apezetxea donostiarrak, eta Antiguoko, Kostkas eta Vasconia igarota, AEBetarako bidea hartuko du uztailean. Lincoln Memorian Universityra joango da donostiarra, kirol eta ikasketa beka bati esker, Harrogate hirira, Tennessee estatura.

Duela pare bat urte hasi zen Samaniego hausnarrean. “Argi neukan Realean, Athleticen, Eibarren edo horrelako talderen batean egon beharra neukala Espainiako Lehen Mailara iristeko. Oso gustura nengoen gazte mailaraino helduta, baina pausotxo bat falta zitzaidala nabari nuen”. Zer egin zezakeen pentsatzen hasi zen orduan. “Hemen geldituz gero, unibertsitateko ikasketei ekin eta ziurrenik futbola utzi beharko nuelako”.

Bi urte zaharragoa den lagun bat AEBetara joan zela jakin zuen orduan, ikasketak egitera eta futbolean jokatzera. “‘AEBetara? Nola joango naiz ni AEBetara?’, pentsatu nuen. Baina ingelesa asko gustatzen zait, hango kultura ere bai…”. 2018ko otsailean egin zion galdera serioa bere buruari: “Zergatik ez naiz saiatuko?”. Etxekoen babesarekin, beka hori jasotzeko bere esku zegoen guztia egiten saiatuko zela hitzeman zion bere buruari.

Hegaldi bat hartzea baino dezente lan nekezagoa dago, ordea, pauso horren atzean. “AGM enpresarekin harremanetan jarri nintzen 2018ko otsailean”. Kirolari gazteak AEBetako unibertsitateetako aholkulari edo entrenatzaileekin harremanetan jartzen dituen enpresa da AGM. “Mundu osoan edozein kiroletan ari diren gazteak hartzen dituzte, eta kirol eta ikasketa bekak lortzen saiatzen dira”.

Prozesua “oso luzea” dela azaldu du Samaniegok. Kirol eta ikasketa baldintza jakin batzuk behar dira pausoak ematen hasteko. “Bi azterketa egin behar izaten dira arlo akademikoari dagokionez. TOEFL da horietako bat, hemen dauzkagun First, Advanced eta Proficiencyren parekoa; AEBetara ikastera doazen guztiek igaro behar izaten dute, ingeles maila neurtzeko”. SAT proba da bestea. “Hemengo selektibitatearen parekoa”. Hautaproba hori prestatzen igaro zituen otsaila eta martxoa. “Nahiko ondo egin nuen proba, baina nahi adina aldiz egin daiteke, eta nota hobetzen saiatu nintzen”.

Urrian egin zuen SAT proba hori bigarrenez. “Eta, bitartean, ekainean egin nuen TOEFLa. Hiru hilabetez, klase partikularrak jaso nituen arratsaldero, Australiako eta Oklahomako [AEB] bi irakaslerekin, eta oso ondo egin nuen ekaineko TOEFL proba”. Donostiako Santo Tomas Lizeoan Batxilergoko 1. mailan zegoen iaz, eta 2. mailan ikasturte honetan. “Horregatik, eromena izan zen otsailetik urrira artekoa, baina lortu nuen SATeko nota hobetzea”.

Bi azterketa horiek gaindituta, kirol arloan jokaldi onenekin osatutako bideo bat eskatu zioten Samaniegori. “Eta bideoak grabatzen aritu ginen abuztutik aurrera. 12-15 partida grabatu zituen aitak, eta horko irudiekin osatu genuen bideoa, edizio lana eginda”. AGMri bideoa bidali, eta zain gelditzea izan zen hurrengo lana. “Urrian jaso zuen lehen eskaintza, nahiko ona, baina itxarotea erabaki genuen, artean denbora bazegoelako”.

Zain zegoen tarte horretan Madrilera ere joan zen Samaniego, AGMk antolatutako ekitaldi batera. “Zerrendako jokalari batzuk aukeratu zituzten, eta bi partida jokatu genituen Las Rozasen. AEBetako hogei bat behatzaile zeuden begira, eta beste bi eskaintza jaso nituen”. Bederatzi jaso ditu guztira, eta azkenari heltzea erabaki du. “Urtarriletik otsailera arteko tartea izan zen gogorrena, epe horretan ez nuelako jaso deirik”. Ia etsita zegoela, otsailean iritsi zen Lincoln Memorial Universityren deia. “Robert Spain entrenatzailearekin ere hitz egin nuen; oso ona da, eta ez nuen izan zalantzarik”.

Batxilergoa amaitzea falta zaio oraindik, baina AEBetara begira jarrita dabil jada. “Buruari buelta asko eman ondoren, selektibitatea ez egitea erabaki dut azkenean, eta arazorik ez izatea espero dut”. Amarekin eta anaiarekin joatekoa da uztailean. “Eta nirekin egongo dira lehen astean”. Dagoeneko erabakita dauka Kriminologia ikasketak egingo dituela. “Inoiz ez dut izan argi zer ikasi nahi nuen, eta CSI, Hawaii 5.0… horrelako gauzak ikusten ditut telebistan, AEBetan oso garatuta daude krimen kontuak, eta bide hori hartzea erabaki dut”. Apustu argi bat egin du donostiarrak, eta, beka urtero berritu behar den arren, ez du baztertu bizimodua AEBetan egitea.

Atzelari postutik euskarrira

Erdiko atzelari postuan hasi zen jokatzen Samaniego. “Baina pixka bat aurrerago jokatzea proposatu zidaten Vasconiara iritsi nintzenean, eta euskarri postuan ari naiz ordutik, jokoa sortzen, baloia mugitzen”. Sergio Busquets Bartzelonako jokalaria, Asier Illarramendi Realekoa… Horiek dauzka eredu gisa. Hori bai, madrildarra du aita —goizuetarra da ama, Aimar Olaizola pilotariaren lehengusua—, eta betidanik Real Madrilekoa izan dela azaldu du. “Baina harreman polita daukat Realarekin”.