“Lur jota, neure burua hiltzekotan egon naiz”

Eider Goenaga Lizaso

Bere infernua 30 urte zituenean hasi zen, eta egun, 41 urterekin, infernutik atera ezinik jarraitzen du. 11 urteotan, suizidatzea ere pentsatu du Ainhoa Txokarrok. “Lur jota egon naiz, neure burua hiltzekotan bitan”. Xabier bikotekidearekin agertu da hitzordura —ez du abizenik eman nahi—. 2012an ezagutu zuten elkar, eta biak antzeko egoeran egoteak elkartu zituen.

“Lo egiteko lekurik gabe gelditzear nengoen Ainhoa ezagutu nuenean: suntsituta zegoen. Zonbi bat zen, antsiolitiko oso indartsuak eta lo egiteko pilulak hartzen zituen, edozein unetan negarrez hausten zen, apenas jaten zuen…”, kontatu du Xabierrek. “Autoan lo egiten hasi behar zuen Xabierrek, eta etxera etortzeko esan nion. ‘Oraingoz, etorri gurekin. Etxetik botatzen gaituztenean, hirurak biziko gara zure kotxean’. Eta oraingoz batera bizi gara hirurak”.

Kutxabanken etengabeko mehatxuarekin bizi dira, ordea; hiruren artean irabazten duten diruarekin ez baitie ematen Txokarrok bere garaian eskatutako mailegua ordaintzeko: 800 euro baino gehiago hilean. %46ko elbarritasuna du onartua Txokarrok, eta %36koa Xabierrek. Hernaniko Katea Legaia enpresan lan egiten dute. “Gureak moduko enpresa bat da. Zortzi orduko lanaldian 700 euro kobratzen ditugu gehienez, eta argi esan digute soldata ez digutela igoko. Enpresa arrunt batean lan egiten ere saiatu izan naiz, baina ez nago horretarako moduan”. Bizkarrezurrean ebakuntza egin zioten Txokarrori, baina, horrez gain, neke kronikoa du, eta psikologikoki ere “oso ukituta” dago. 11 urteotan bizitakoak areagotu egin ditu haren osasun arazoak. “Horrelako prozesu batek suntsitu egiten zaitu”.

Xabierrek, berriz, %36ko elbarritasuna du onartua, baina haren osasun egoera are larriagoa da: espondilitis ankilopoietikoa, fibromialgia, kardiopatia bat, kanaleko estenosia… Makulu batekin ibiltzen da, eta nekez esertzen eta altxatzen da. Amak, berriz, balbula bat du bihotzean. Arazo ekonomikoak hasi aurretik jarri zioten balbula, baina bigarren ebakuntza bat egin zioten etxe kaleratze prozesuaren ondorioz.

Diru laguntzarik ez du jasotzen hiruretako inork, eta garraioa, jatekoa —eltzekariak, pasta eta noizean behin oilaskoa jaten dutela diote— eta etxeko gastuak ordainduta apenas iristen dira hilabete amaierara. “Bankuari, gure egoera hobetu bitartean, 200-300 euroko alokairu bat ordaintzea proposatu nion, baina ezetz erantzun zidaten, ez direla etxe agentzia bat”. Bost aldiz eskatu du bankuan etxea hipotekaren ordainetan ematea, bera zorrik gabe eta berankorren zerrendatik at gelditzearen truke; baina ez diote erantzunik ere eman.

Krisialdiak harrapatuta

Errenteriako Kaputxinos auzoan du etxea Txokarrok. Amarekin erdibana erosi zuen, 2002an. “54.000 euroko mailegu bat eskatu genuen; mailegu txikia zen, eta ondo moldatzen ginen”. 2008an, berriz, beste 110.000 euro eskatu zizkion banketxeari, negozio bat irekitzeko. “Arropa denda bat ireki nuen, eta eskatzen nuen guztia emateko prest zeuden banketxean, etxearen hipoteka handituz gero. Horretarako, etxea tasatu zuten berriro. Orain badakit sekulako gaintasazioa egin zutela; 2002an 108.000 euro balio zuen etxea 229.000 eurotan tasatu zuten sei urte geroago. Aprobetxatzeko esan zidaten; nahi banuen dirua emango zidatela auto bat erosteko edo bidaia bat egiteko”. Negoziorako behar zuena bakarrik eskatu zuen, azkenean. “Eta eskerrak”, dio.

Baina, krisialdi ekonomikoaren hasiera zen, eta negozioak ez zuen iraun. “Hipotekari eta gastuei aurre egiteko hilean 1.500 euro behar nituen, eta beste 500 ama eta ni bizitzeko”. Dendak hamar hilabete iraun zuen irekita, eta orain arte jarraitu dute buruhausteek. Hasiera hartan, ordaintzeari zuzenean utzi beharrean, banketxearekin negoziatzen saiatu zen, eta lau urteko gabealdia bat lortu zuen. “Banketxeak onartu zuen gabealdi horretan interesik ez ordaintzea, soilik amortizazioa ordaintzea, eta lortu nuen eustea”. Gabealdia amaitzean etorri zitzaion kolpea. Iruzur egin ziotela sentitzen du. “Esaten zidaten irtenbide onena zela, egoera ekonomikoa hobetuko zela, eta zuk, desesperazio horretan, dena sinisten duzu”. Baina, gabealdia amaitzean, lau urtean ordaindu ez zituen interes guztiak pilatu, berandutze interesak gehitu eta ordaindu beharreko kapitala handitu zioten. “Kontua da haiek proposatu zidatela gabealdia; lehenengo onartzen dizute interesak ez ordaintzea, eta gero berandutze interesak eta guzti kobratu nahi dizkizute. Tranpa egitea da hori”.

Banketxetik egindako azken deian 130.000 euro zor zituztela esan zioten Txokarroren amari. “Oso ondo erabiltzen dute beldurraren psikologia”, dio Xabierrek. “Askotan deitzen dute etxera, zorretan zaudela eta etxetik bidaliko zaituztela gogorarazteko. Ama kirioak dantzan jartzen da telefonoak jotzen duen bakoitzean. Edo atea jotzen dutenean, ezen etorri baitira jakinarazpena ematera, armairu baten tamaina duten bi ertzainek lagunduta. Eta izua eragiten dizu horrek”.

Txokarrok hasierako hipoteka hari dagokion kopurua ordaintzen du orain, baina badaki zorra pilatuz joatea esan nahi duela horrek. “Orain, lasaiago dabiltza banketxekoak; ez dute deitzen hainbestetan; ez dute hainbeste estutzen. Uste dut Europako epai bat dagoela tartean, baina edonoiz etor daitezke berriro, eta etxe gabe utzi. Horrela ezin da bizi”, amaitu du Txokarrok.

Txokarrok eta Xabierrek esker oneko hitzak baino ez dituzte Kaleratzeak Stop plataformarentzat. Haien laguntza gabe aurrera egiterik ez zutela izango adierazi dute. “Informazioa ematen dizute, eta eman beharreko pausoekin lagundu ere bai. Bestalde, oso lagungarria da bileretara joan eta zu bezala jende asko dagoela ikustea, haiekin hitz egitea. Izan ere, uste baino jende gehiagok sufritzen du arazo hau”.

Banketxearen “engainua”

Horietako bat da Txema Sanchez. Haren kontakizuna eta Txokarrorena oso antzekoak dira hasieran. Etxebizitza ia ordaindua zuenean, Donostian negozioa irekitzeko mailegua eskatu zion banketxeari. “2008a zen, krisialdiaren hasiera zen, baina, bueno, lehenengo urteetan eutsi genion, 2015era arte”. Ezinean hasi ziren orduan, baina dendari eustea erabaki zuen Sanchezek. “Hori zen nire modu bakarra gutxienez zor nuen diruaren zati bat ordaintzeko, eta banketxearekin negoziatzen ahalegindu nintzen”.

Bi urteko gabealdi bat proposatu zion Santander banketxeak orduan; bi urtez, amortizazioa ordaindu gabe, soilik interesak ordaindu zituen. Epe hori igarota, eta aurretik bizpahiru kuota ordaindu gabe zituenez, hipoteka kontratu berri bat sinarazi zion banketxeak. Kontratu berri hori dagoeneko epaitegietan atzera botatzen ari ziren hainbat abusuzko klausula kentzeko baliatu zuen bankuak, kapitala handitu eta interes tipoa ere aldatu zioten, eta etxearen tasazio berri bat egin zuten, aurreko mailegua eman ziotenean baino 200.000 euro baxuagoa. “Eta hipoteka aldaketa, noski, nire kontu: 7.000-8.000 euro”. Gabealdia proposatzen dutenean aukera onena dela esan zion bankuak, eta ordaindu ahalko zuen kuota bat jarri zioten. “Eta zuk ordaindu nahi duzunez, eta zer proposatzen dizuten ulertzen ez duzunez, edozer gauza sinatzen duzu”.

Bi urtez 700 euro inguru ordaindu zituen Sanchezek, baina 2017an berriro 1.500 eurora igo zitzaion kuota. “Horri ezin nion aurre egin, eta ordaindu gabeko kuotak pilatuz joan ziren”. Seigarrena iritsi zenean, mailegua bertan behera utzi eta hipoteka exekutatzeko prozedura jarri zuten martxan auzitegietan. “Kontua da —eta hori Etxe Kaleratzeak Stop taldekoen bidez jakin dut— exekuzioa martxan jarri aurretik banketxea behartuta zegoela beste eskaintza bat egitera. “Praktika Onen Kodearen araberako gabealdia eskaini behar zidaten, auzitara joan baino lehen. Eta ez bigarren aldi honetan bakarrik, baizik eta 2015ean ere bai, nire mailegua negoziatzera joan nintzenean”.

Kode hori sinatu zuten bankuak —tartean dago Santander bankua— behartuta daude bost urteko gabealdi hori eskaintzera, eta, horren arabera, maileguan benetako etenaldi bat egiten da. “Amortizazioa eta interesak eten egiten dira, eta diru kopuru sinboliko bat ordaintzen duzu, 100-200 euro ingurukoa. Baina, bankuak, hori jakinda, isildu egin zuen, eta beste gabealdi mota bat proposatu zidan”.

Kaleratzeak Stop-eko kideen bitartez lortu zuen Sanchezek gabealdi mota horretarako dokumentu guztiak aurkeztea. “Horrelako gabealdi batek aukera emango lidake bost urtean nire egoera ekonomikoari buelta emateko, eta itxaropen handiz aurkeztu nituen paperak iazko abuztuan”. Baina beste ukaldi batekin erantzun zioten bankutik. “Gabealdia sinatzera joan nintzenean, kapitalaren zabalpena sinarazi nahi zidaten berriro, eta bertan sartzen zituzten hipotekaren exekuzio prozesua martxan jarri ostean ordaindu gabeko kuota guztiak, 2017tik gaur artekoak. Baina, nola da posible? Beraiek utzi zuten-eta bertan behera mailegua. Tarte horretan, mailegua ordaintzeko kontuan sartzen nuen dirua ere ez zidaten kentzen”.

Hori salatzeko, duela bi ostiral kontzentrazioa egin zuten Santander bankuaren aurrean. Oraingoz, gabealdia ez sinatzea erabaki du Sanchezek, eta kexa bat aurkeztu du bankuan. “Argudiatu dugu kuota horiek ez zirela pilatuko bere garaian Praktika Onen Kodean jasotako gabealdia eskaini izan balidate”.

Oraindik itxaropenari eusten dio Sanchezek, baina lotsagarria irizten dio ordaindu nahi duen zordunari ordaintzeko jartzen dizkioten oztopoak eta egiten dizkioten tranpak. “Guk ordaindu egin nahi dugu”, esan dute bai Txokarrok eta bai Sanchezek, bakoitzak bere aldetik.