Artisau garagardoaren biltoki

Artisau garagardoaren biltoki

Eneritz Maiz Etxarri

Artisau garagardoaren azoka da Beertoki. Bihar, laugarren urtez, Euskal Herriko hamazazpi artisau garagardoren aterpe izango da Villabona-Amasako pilotalekua. Azoka soila baino gehiago da, ordea, Beertoki garagardo azoka. Igor Fernandez, Jon Ander Artola eta Eneko Calvo billabonatarrak eta Aitor Otegi alkizarra daude egitasmoaren atzean. Kultura eta gastronomia gustuko dituztela onartu dute laurek, eta artisau garagardoaren zaletzat dute euren burua.

2014ko azokan zeudela, artikulu baten harira atera zuten mahai gainera artisau garagardoaren gaia. Euskal Herrian zeuden artisau garagardoak zerrendatzen hasi ziren lau lagunak, eta ia oharkabean hasi zen gorpuzten gaur egungo azoka. “Artisau garagardoaren azoka dezente daude gaur egun, baina 2014an ez zegoen bakar bat ere”, ekarri du gogora Artolak.

Euskal Herriko dozena bat garagardo zenbatzera iritsi ziren duela bost urte, eta sektoreak “bilakaera izugarria” izan duela nabarmendu dute, “laurogei bat” direlako gaur egun. Hamazazpi garagardogile elkartuko dituzte Beertokin, eta bi, hiru edo lau garagardo mota eskainiko ditu bakoitzak: “Hamazazpi etxe dira, baina 60-70 bat garagardo mota izaten dira azokan”, azaldu du Calvok. Lau urteko ibilbideak erakutsi die eurentzat ezinezkoa dela azokara hamazazpi egile baino gehiago gonbidatzea: “Saltzera etortzen dira garagardogileak, noski, eta gehiago gonbidatuz gero, handiegia litzateke euren arteko lehia”.

Atzera begira jarrita, lehen urte hartako azoka “sinplea” izan zela aitortu dute laurek: “Hamazazpi postu eta pintxoak zeuden orduan, besterik ez”, laburbildu du Artolak. Lehen ekitaldiaren arrakasta ikusita, hainbat gauza gehituz joan dira urtez urte. “Gero eta babesle gehiago ditugu, eta, beraz, gero eta gauza gehiago egiteko aukera daukagu”. Argi utzi dute babeslerik gabe ezingo luketela aurrera egin.

Garagardo azokak 11:00etan zabalduko ditu ateak, eta jan-edanerako nahikoa aukera izango da 23:00ak bitartean. Tolosako Ama taberna arduratuko da pintxoak eskaintzeaz, eta antolatzaile, laguntzaile eta garagardogile guztiei bazkaria emateaz. 12:30ean, berriz, herriarteko harri-jasotze desafioa izango da azokan bertan, eta Villabona-Amasako artisten azoka ere jarriko dute, bost posturekin.

Edalontzia erosi beharko du azokara agertzen denak, eta postuz postu nahi adina garagardoz gozatzeko aukera izango da jarraian: “Garagardogile bakoitzak bere prezioak ditu. Oso garagardo ezberdinak dira; arruntak dira batzuk, eta oso bereziak beste batzuk. Horregatik dauzkate hain prezio desberdinak”, azaldu du Calvok.

Baina garagardoa bakarrik ez, euskal kultura ere maite dute gazteek. “Euskal Herriko artisau garagardoaren azoka da gurea, baina euskal kulturaren maitale ere bagara, eta ondare hori mantendu egin behar dela uste dugu”, azaldu du Artolak. Horregatik antolatu dute herriarteko harri-jasotze txapelketa. Alkizako bikote bat, Villabona-Amasako bikote bat, Andoaingo bikote bat eta Ibarra-Tolosako beste bikote bat arituko dira lehian, 60 eta 80 kiloko harri bolarekin, pilotalekuan bertan. Ane Maiza eta Goretti Amonarriz kirolariak ariko dira epaile lanetan, eta Iñigo Otaegi esatari gisa. Gazteek Iñaki Otaegi Gibitegi-ren laguntza izan dute desafioa gauzatzeko, eta Iñaki Gorostidik utzi dizkie harriak.

Herriko artisten bost postu

Artisau garagardoari eta herri kirolei bakarrik ez, artisau munduari ere keinu egingo diete antolatzaileek; herriko artisten bost postu jarriko dituzte pilotalekuaren kanpoaldean. Zatzaizkit Atelier postua jarriko du Beñat Iraolak, eta momentuan bertan egingo ditu kamisetak eta biserak. Postu bana jarriko dute Amets Zalakainek eta Selene Martinek ere. Arte ederren munduan murgilduta dabiltza aspaldian, eta euren produktuak ezagutaraziko dituzte. Hiru artista horiez gain, Kaori dendak ere kalera aterako ditu bere produktuak, eta egurrez eginiko jostailuen postua jarriko du Sualmak. Haurrek jolasteko txokoa ere prestatuko du heziketarako jostailuen dendak.

Antolatzaileek, urtero, garrantzi berezia ematen diote musikari, euskal musika egongo da, baina pub estiloko giroa sortzea izaten da erronka, blues edo soul musika eskainita.

Urteotan garagardo azoka aldatu den modu berean, eurek ere, antolatzaile gisa, bilakaera izan dutela aitortu dute gazteek: “Garagardo azoka soil bat baino gehiago da gurea. Orain, hainbat gauza antolatzen ditugu hilero: katak, bisitak, kontzertuak…”. Eragile aktibo bihurtu dira; herriari “bizia” eman nahi diotela azpimarratu du Artolak. Iazko irailean hasi ziren aurtengo azoka antolatzen, eta ostegunero biltzen dira. Lauren artean egiten dute antolakuntza lana, baina “laguntzaile sare zabal bat” dute ondoan.

Laukoteak garagardogileekin harremana egin du urteotan, eta Zappa artisau garagardoa egitera iritsi dira, besteak beste. Aho batez onartu dute “oso esperientzia ona” izan dela artisau garagardoa egitearena. “Eta oso gustura gelditu ginen emaitzarekin”. Mila litro egin zituzten: “Irungo garagardogile batek sailkapen bat egiten du urtero, eta lehen postua eman zigun”.

Euskal Herrian garagardoa ahaztutako edaritzat dute askok, baina antolatzaileek argi utzi nahi izan dute “askotariko garagardoak” daudela Euskal Herrian ere, “eta oso kalitate onekoak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.