Gauez lanean jarraitzen dute

Gauez lanean jarraitzen dute

Eider Goenaga Lizaso

Apirilaren 8an, Eneko Goia Donostiako alkateak Teledonostiren bidez erantzun zien metroko obrek kaltetutako Amara Zaharreko bizilagunen eskaerei: aurrerantzean obrak ez ziren gehiago gauez egingo. Ez zuen zehaztu, ordea, gaua zeri deitzen zion; hurrengo egunetan, metroaren igarobidea zulatzeko makinek 23:00k pasatxo arte jarraitzen zuten lanean, eta 07:00etan hasten ziren berriro zarata egiten. Apirilaren 17an, berriz, Donostiako Udaleko alderdiek mozio bat onartu zuten, non obren geldialdia zehazten zuten 22:00etatik 08:00ak arte.

“Atzo [herenegun] beranduago ere ibili ziren lanean; baina, tira, egia da jada ez direla gau osoan aritzen, eta hori nahikoa ez, baina asko da guretzat”, azaldu du Elena Herradorrek, Amaragaina kaleko bizilagunak. “Gure kalean, ordea, gau osoan aritzen dira oraindik”, erantzun du, berehala, Naiara Puertasek. Antiguan bizi da, Mikelete pasealekuan, eta apirilaren 3an entzun zuen lehendabizikoz makinen zarata.

Puertasek beldurrez begiratzen die ondoan dituen Amara Zaharreko bi bizilagunei. “Zuek kontatzen ari zareten horren hasieran nago ni, eta beldur naiz ez ote dudan prozesu osoa bizi beharko”. Puertasi aste honetan egin diote zarataren neurketa etxean, baina duela hiru aste eskatu zuen. “Sonometrorik ez zutela erantzun zidaten udaltzainek. Hiru aste egon dira sonometro gabe”. Puertas berandu iristen da lanetik etxera, 00:30 inguruan. “Eta lo hartzeko edozer egiteko prest nago; oraingoz, obran eta fabriketan erabiltzen dituzten belarrietako babesekin ari naiz lo egiten. Ez dira batere erosoak, gora begira bakarrik egin daiteke lo, baina zaratatik babesten dute”.

Zarata eta dardara

Marisa Urra Osasun kaleko bizilagunak oso gogoan du noiz hasi zen dena. “Otsailaren 22a zen. Gauerdia iristear zela, sekulako zarata entzun nuen bat-batean. Etxetik atera nintzen eskaileretara, izututa, ez nekien zer izan zitekeen halako soinua ateratzen zuena”. Gau haren ostean, baina, etenik ez zuen izan zaratak. “Eta ez da zarata soilik, etxeak dardara egiten du etxepean zulatzen ari zaizkizunean, eta belarrietan tapoiak jarrita ere ez da nahikoa”, azaldu du Urrak. Gainera, tapoiak erabiltzearen ondorioz, bertigoarekin hasi zen Urra, eta erabiltzeari utzi behar izan zion. Herradorrek kontatu duenez, bere etxean pitzadurak agertu dira lurpean zulatzearen ondorioz. “Oraindik zain nago kalte horiek peritu batek neurtzeko. Baina pentsa nolakoa den dardara, etxea bera ere pitzatzen bada”.

Zaratak metroaren obrekin lotuta zeudela ikusita, Urra eta Herrador ate joka hasi ziren, nor bere aldetik: 010 udaletxeko arreta telefonora, Obra eta Proiektuen zuzendaritzara, Udaltzaingora, Topogunea bulegora, Eusko Jaurlaritzara… “Epaitegian ere aurkeztu nuen salaketa”, dio Herradorrek.

Auzoan soinu neurketa ugari egin dituzte udaltzainek, baita ETS Euskal Trenbide Sarea enpresak berak ere. Martxoaren 6an lortu zuen Urrak udaltzainek bere etxean lehen neurketa egitea: “00:30 inguru etorri ziren, eta neurketak 52,62 eman zuen. Izugarrikeria da, ia baimendutakoaren bikoitza”. Udal ordenantzaren arabera, 27 dezibelekoa da gehienezko soinua, eta Jaurlaritzaren arabera, 30ekoa. “Harria txikitzeko makina buru barruan edukitzea bezala da. Batzuetan, gelditzen denean, lo hartuko duzula sinisten hasten zara, baina berriro jartzen dira martxan, eta hori okerragoa da”, dio Urrak.

Osasun arazoak

Hiru gau eta hiru egun lo egin gabe igaro zituen Herradorrek. “Jasanezina zen”, dio. Ordutik, astean behin edo bitan gurasoenera edo lagunen baten etxera joan izan da lotara. “Okerrena da, azkenean, zure etxea bortxatu egin dutela. Etxe barruraino sartu balira bezala sentitzen zara; loa, atsedena eta bizimodua bera lapurtu dizkizute, eta, gainera, etxetik bota zaituztela sentitzen duzu”. Zefaleak eta antsietatea izan zituen Herradorrek tunela egiteko makinak bere etxepetik igaro zirenean. “Eta oraindik ez dut gainditu. Nahiz eta gauez ez diren ari, edozein momentutan hasiko direla sentitzen dut, eta makinaren zarata entzuten hasten naizenean korapiloa egiten zait tripan, larritasuna eta beldurra sentitzen dut”.

Bakarka jotako ate guztien errepasoa egin dute Urrak eta Herradorrek, eta adi-adi begiratzen die Puertasek, berak bide bera urratu beharko duela sinetsita. “Baina, bakarka, alferrik da”, dio Herradorrek: “Neurketak egiten dizkizute, udaltzainak etortzen dira etxera, ETSko ordezkariarekin hitz egiten duzu, epaitegietara jotzen duzu… Baina gero eta babesgabeago sentitzen zara; ETSko ordezkariak jada ez dit telefonoa hartzen, eta udaltzainek ere esan izan didate ez deitzeko gehiago, nire kexa jasoa dutela dagoeneko…”.

Auzotarrak elkartu zirenean hasi ziren lorpen txikiak ikusten. 180 sinadura lortu eta udalean aurkeztu zituzten, kontzentrazioa egin zuten Giza Eskubideen Zinemaldian, Teledonostitik deitu zieten euren kexa azaltzeko… Eta zuzenean ez bada ere, telebista bidez erantzun egin zien alkateak. Joan den astean, berriz, Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziarekin bildu ziren. Hark erantzun zien ez zutela aurreikusi metroko lanek halako kaltea egingo zienik bizilagunei. “Baina, nola ez zuten, bada, aurreikusiko, gure auzoan gertatutakoa aurrez gutxienez beste bi tokitan gertatu bada?”, galdetu du, haserre, Herradorrek. Morlansen eta Zarautz hiribidean antzeko prozesua egin behar izan zuten bizilagunek, obrak gauez egiteari utzi arte.

“Denbora irabazteko estrategia argia” ikusten dute hirurek jokabide horren atzean. “Auzotarrak antolatu eta protesta publikoak hasi arte ez dute ezer egiten, nahiz eta ondo baino hobeto dakiten zer gertatzen den. Bitartean, makinek zulatzen jarraitzen dute, eta obrak gauez gelditzen dituztenerako, zulatu beharreko ia guztia zulatuta dago”, salatu du Herradorrek. Urra ez da batere fio. “Nik uste dut oraingoz gelditu direla, baina ez dutela bukatu… Ikusiko dugu zer gertatzen den udal hauteskundeen ostean”.

Joan den astean, legealdiko azken udalbatzarrean, alderdiek onartu zuten mozioa aipatu du Puertasek. “Udalean mozio bat onartu bazen, obrak gauez gelditu behar zirela esanez, eta PPk ez beste guztiek babestu bazuten, zergatik ez dute aplikatzen Donostia osoan? Antiguan ere bai… Kontua da, nire ustez, mozio hori hitz politak baino ez direla, non alderdiek eskaera egiten dioten udalari; baina erabakia udal gobernuarena da”, azpimarratu du Puertasek. “Udalarena eta Eusko Jaurlaritzarena”, gehitu du Herradorrek: “ETSk badaki zertan ari den, badaki nolako kaltea eragiten digun bizilagunei, baina, hala ere, jarraitu egiten du gauez zulatzen, eta Udalak baimena ematen dio horretarako, lehen momentutik jaso baitituzte Udaltzaingoan kexak eta neurketak. Nik biak egiten ditut tortura honen erantzule”.

Urraren esanetan, ia zaratarena baino okerragoa da “engainatua sentitzea. Eta hori da egiten ari direna, engainatu egiten gaituzte, oso ondo dakitelako zer ari den gertatzen. Baina ez dute neurririk hartzen, bizilagunen kexa ozenegia den arte. Sekulako babes falta sentitzen duzu, eta hori da okerrena”.

Prozesu honetan, Satorralaia plataformaren laguntza jaso dute Amara Zaharreko bizilagunek, eta haiekin oso eskertuta agertu da Herrador. “Lanketa bat egiten ari gara orain, metroaren obrak sufritzen dituzten bizilagunek nola jardun jakin dezaten. Protokolo bat da, gu bezala itsu-itsuan ate joka ibili beharrean, jendeak jakin dezan nora jo behar duen. Izan ere, luze joko dute obra hauek, eta, orain artekoa ikusita, donostiar gehiago ere egongo dira beharrean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.