Kantuz erdietsitakoa

Karmele Uribesalgo Alzola

Arreta jarriz gero, hegazti ugarirekin egin ohi da topo kalera ateratzean, eta are gehiago mendi buelta bat ematean. Hala ere, oro har, zaila izaten da espezieak identifikatzea. Aurten laugarren urtez antolatu dute Puntaik Punta Debagoieneko Bidezidorren Jaialdia, eta hegaztiak identifikatzen ikasteko ibilaldia egingo dute tartean, maiatzaren 1ean, Eskoriatzatik abiatuta. Besteak beste, mendi irteerak, tailerrak eta kontzertuak izango dira maiatzaren 5era arte, eta Eskoriatza izango da gune nagusia.

Hegaztiak identifikatzen ikasteko bost kilometro inguruko ibilbidea egiteko aukera izango da asteazkenean. 10:00etan Eskoriatzatik abiatu, eta Bolibar elizate aldera joango dira parte hartzaileak. Maite Laso Aranzadi zientzia elkarteko kideak gidatuko du ibilaldia, eta hark azaldu du “ingurumena ezagutzea” dela helburua. Hegaztien behaketak naturaren kontserbaziorako duen garrantzia eta erabilgarritasuna ere azalduko du Lasok. Nabarmendu duenez, hegaztiei behar bezala behatzeko ezinbestekoa da “animaliak errespetatzea eta isiltasuna mantentzea”.

Bi modu daude hegazti espezieak identifikatzeko: ikusita edo entzunda. Lasok dioenez, hasieran errazagoa da hegaztia ikusita jakitea zer espezietakoa den. Horretarako “trikimailuak” daudela azaldu du. Tamainak eta habitatak garrantzi handia dute, esaterako. Horrez gain, arreta jarri behar da lumajean, kolorean, mokoan eta hegaztiaren jokaeran.

Arrasto ugari ematen du hegaztien kantuak ere. Hala ere, Lasok adierazi du “hainbat erregistro” izaten duela espezie bakoitzak, eta horrek zaildu egiten duela identifikatzeko lana: “Esperientzia behar da; pixkanaka ikasten da”.

Maiatza izaki, kumeak izateko garaian egongo dira hegaztiak. Aranzadiko kideak azaldu duenez, enarak, kukuak eta sorbeltzak ikusteko aukera izango da irteeran. Gipuzkoan berrehun espezie inguru ikus daitezke, eta 30-40 ikusi ahal izango dituzte asteazkenean. Negua Afrikan igarotzetik iritsi berriak diren hegaztiez gain, urte osoan Gipuzkoan egoten direnak ere ikustea espero du Lasok, hala nola txantxangorriak, kaskabeltzak, amilotxak, miru gorriak eta zapelatzak.

Izena eman beharra dago

Edonork egin dezake ibilaldia. Familientzat dago pentsatuta, batez ere, eta aurretik ez da behar ezagutzarik. “Uste dugun baino espezie gehiago identifikatzeko gai gara”, adierazi du Lasok. Hegazti gidak banatuko dituzte antolatzaileek, eta panel informatiboak ere izango dituzte. Prismatikoak eramatea gomendatu du gidariak, eta Aranzadiko kideek teleskopioa ere eramango dute hegaztiak gertuagotik ikusteko. Oinarrizko kontzeptuak ikasiko dituzte parte hartzaileek: “Horrelako ibilbideetan, jendeak erraz ikasten du hamar bat espezie identifikatzen”.

Aldez aurretik izena eman beharra dago ibilaldian parte hartzeko. Bi bide daude: 943-79 64 63 edo 943-71 89 11 telefono zenbakiak eta puntaikpunta@debagoiena.eus helbidea.