Teresa Castro: “Lesbianen presentzia kulturan oso eskasa eta estereotipatua da”

Teresa Castro: “Lesbianen presentzia kulturan oso eskasa eta estereotipatua da”

Eider Goenaga Lizaso

Lesbianen Ikusgaitasunaren Eguna beharrezko jotzen du Teresa Castrok (Donostia, 1968), kolektibo horretan oraindik erreferentziak falta direla iritzita. Hain zuzen ere, komikietan “emakume lesbiana errealak” falta zirela iritzita sortu zuen 2013an L.S.B. Ana pertsonaia. Bost urteotan argitaratutako istorio guztien bilduma argitaratu berri du Castrok, eta apirilaren hasieratik salgai dago liburutegietan. Castrok lau urte egin ditu Gehituko lehendakari gisa, eta martxoaren 1ean utzi zuen kargua.

Lesbianen Ikusgaitasunaren Eguna da gaur; zer ekarpen egin dio Anak ikusgaitasun horri?

Gure herriko emakume lesbianen irudi erreala ematen du komikiak. Eta ikusgaitasunaz ari garenean, hori da xedea, gure errealitatea ikusaraztea. Neska normal bat da Ana; bere eguneroko bizipen, arazo eta kezkak azaltzen ditu komikiak, betiere umore handiz zipriztinduta.

Nola sortu zenuen pertsonaia?

Hasieran, nire behar pertsonal bati erantzuteko sortu nuen Ana, nik bizi izandakoa kontatzeko beharretik: armairutik irtetearena, lesbiana nintzela konturatu nintzenekoa… Ondoren, Gehituk aukera eman zidan komikia Gehitu Magazine-n argitaratzeko. Aukera paregabea zen, lesbianen presentzia, kulturan oro har, oso eskasa eta estereotipatua baita. Eta estereotipo horiek apurtu nahi nituen nik, gure eguneroko arazoak azaldu. Izan ere, izugarria da, lesbianak beti dira edo hiltzaileak, edo eroak… Eta nik ez dut arazorik emakume lesbiana hiltzaile gisa agertzearekin, baina beti izan behar dugu hiltzaileak?

Beharrezko deritzozu, beraz, Lesbianen Ikusgaitasunaren egun bat izateari?

2008an izendatu zuen Estatuko LGTBI federazioak egun hau; hain zuzen ere, emakume hauen guztien errealitatea kalera ateratzeko. Eta honen atzean dagoena da emakumeak —bai lesbianak eta bai heterosexualak— heziak izan garela etxe barrurantz bizi izateko: familia zaindu, zarata gutxi atera, ez kexatu, sexuarekin zerikusia duen oro ezkutatu… Hala, aspaldian ezagutzen ditugu erreferentziazko gizon homosexualen izenak; zineman, literaturan, telebistan, politikagintzan… Emakume izenak, aldiz, askoz gutxiago dira, nahiz eta egia den hori aldatzen ari dela. Garrantzitsua da belaunaldi berriek erreferentziazko emakumeak edukitzea, eta emakume horiek arlo guztietan daudela ikustea. Horregatik da beharrezkoa egun hau.

Zuk erronka gisa hartu duzu ikusgai egitearena?

Armairutik atera garenok bidea erakutsi behar diegu oraindik atera ez direnei edo ateratzeko zailtasunak dituztenei; tamalez, asko baitira oraindik. Nik lehen pertsonan hitz egiten dut honi buruz, eta Anarekin ekarpen bat egin nahi dut norabide berean.

Esan duzunez, Anak asko du zuretik, ezta?

Bai, hala da, nire bizipenekin osatu ditut istorio gehienak. Are gehiago, Anak lagundu dit gaur naizen emakumea izaten, asko irakatsi dit. Niri gertatutako hainbat gauza desdramatizatzen lagundu dit bizitzari umorez begiratzeko gaitasun horrek. Bestalde, bost urteotan Ana nigandik aldentzen joan da, bere bidea egiten ari da jada.

Nola eskuratu daiteke komikia?

Gehitu Magazine-n argitaratzen da 2013tik. 2017tik, berriz, ikastetxeetan banatzen dugu komikia, sexu eta genero aniztasun tailerren barruan. Beti pentsatu izan dut gazteengana hurbiltzeko modu paregabea dela komikia, eta oso arraroa litzateke komikia esku artean hartu eta begiratu bat eman gabe uztea. Bestalde, duela hamabost egunetik komikiaren bilduma salgai dago Bilboko eta Donostiako liburutegietan: argitaratutako guztia jasotzen du, baita argitaratu gabeko istorioak eta sorpresaren bat ere.

Istorio bakoitzak mezu bat du?

Ikasbide bat dago eguneroko bizipen bakoitzaren atzean, bai. Batzuk kolektiboarekin lotuagoak, eta beste batzuk, ez. Gehitu Magazine-n zenbaki bakoitza monografikoa denez, aurrez zehaztua izaten nuen gaia: transexualitatea, bisexualitatea, GIB birusa, nerabezaroa, eskola jazarpena, kirola… Mezu bat bidaltzeko baliatzen dut gai bakoitza.

Martxoan utzi zenion Gehituko lehendakari izateari, batzorde eragilean jarraitu arren. Zein da egindako lanaren balantzea?

Sekulako irakaspena izan da, baina sekulako lana ere bai. Jarduera pila bat antolatzen du Gehituk, leku askotatik deitzen gaituzte, eta ezin diogu muzin egin horietan egoteari. Lan itzela izan da. Egindakoaz harro, baina atseden beharrean nago; Gehitun lanean segituko dut, baina beste era batean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.