Ahalduntzea, adin guztietan

Ahalduntzea, adin guztietan

Aitziber Arzallus

Urteak dira Azpeitiko Emakumeen Txokoan Jabetze Eskolak antolatzen dituztela. Emakumeei euren buruaren eta bizitzaren jabe izateko erremintak eta baliabideak eskaintzea da eskola horien helburua. Hainbat ikastaro eta tailer egiten dituzte horretarako, eta parte hartzaileei prestakuntzarako eta hausnarketarako aukera ematen diete gune horietan. Halaxe egin dute ikasturte honetan ere, baina bada berrikuntza bat: 65 urtetik gorako emakumeei soilik zuzendutako hainbat formakuntza saio antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak. Maiatzaren 9an, 13an eta 23an egingo dituzte doako saio horiek, eta elikadura, sexualitatea eta pentsioak izango dituzte hizketagai. Doluari buruzko beste saio bat ere eginda daude aurretik.

Miriam Herbon hezkuntza emozionalean adituak hasiko ditu maiatzeko saioak. Hilaren 9an izango da, eta elikadura kontzienteari buruz ariko da, 15:00etatik 17:00etara, Emakumeen Txokoan. Maiatzaren 13an, sexualitateaz jardungo du Edurne Mendizabal Arremanitz kooperatibako kideak, 15:30etik 17:00etara egingo duten saioan. Eta maiatzaren 23an amaituko dute egitasmoa, emakumeen pentsioei buruzko saioarekin. Isabel Otxoa EHUko irakasle eta ekintzaileak gidatuko du azken saio hori, 17:00etatik 18:30era.

Soilik 65 urtetik gorako emakumeentzako ikastaroak antolatzeko erabakia hainbat arrazoigatik hartu dutela azaldu du Ione de la Cruz Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Batetik, saio horiek baliagarriak izango direlako adin tarte horretako emakumeak Txokora hurbiltzeko; eta, bestetik, Azpeitiko 65 urtetik gorako emakumeen behar espezifikoei erantzuten dietelako. “Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak ardura hartu du emakume askotarikoen beharrei erantzuteko. Horregatik, ikuspegi intersekzional batetik, emakume eta adineko izateagatik jasaten duten zapalkuntza bikoitzari aurre egiteko prozesuak abiatu ditu egitasmo honekin”. Horrekin ez du esan nahi gizonekin lanketak egitea beharrezkoa ez denik. “Baina beste nolakotasun bat izango dute haiei zuzendutakoek”.

Formakuntza saioetan landuko dituzten gaiak aukeratzeko, kontuan izan dituzte 65 urtetik gorako herriko emakumeen beharrak. Adibidez, doluari eta elikadurari buruzko saioak antolatu dituzte adin tarte horretako herriko emakumeei egindako inkesta batean gai horiek lantzeko beharra nabarmendu zutelako. “Feminismoak emandako ezagutzak ere erabakigarriak izan dira”, De la Cruzen esanetan.

Interes handia

Azpeitiko Emakumeen Txokoan lehen aldiz antolatu dituzte 65 urtetik gorako emakumeen ahalduntzea helburu duten ikastaro espezifikoak. Aurretik ere bazuten aukera Jabetze Eskolako saioetan parte hartzeko, baina beste adin batzuetako emakumeekin nahasian aritzen ziren han. Oraindik goiz da saio horien arrakasta neurtzeko, bakarra baino ez baitute egin; baina, Emakumeen Txokoko dinamizatzailearen arabera, ikastaroek “interes handia” piztu dute balizko parte hartzaileen artean. “65 urtetik gorako emakumeak dauden herriko taldeetan izan gara proiektua aurrez aurre aurkezten, eta interes handia piztu du egitasmoak”.

Badira, ordea, haien parte hartzea oztopatzen duten hainbat arrazoi. “Batek baino gehiagok esan digu parte hartzeko zailtasunak dituela zaintza betebeharrengatik; bilobak zaintzeko ardura dutelako, adibidez”. Hori dela eta, ikastaroen ordutegia moldatu behar izan dute. “Goizez egiteko asmoa genuen hasiera batean, baina arratsaldez egitea erabaki dugu azkenean, gehienentzat hobeto izango zelako”. Egokitze horrek erraztu egin du emakumeen parte hartzea, eta doluari buruzko saioan jende ugarik parte hartzea izan zen ondorioetako bat. Elikadura kontzientearen inguruko saioan ere dagoeneko emakume askok eman dute izena, De la Cruzek adierazi duenez.

Doluaren inguruko saioaz “oso balioespen ona” egin dute parte hartzaileek, eta, ondorioz, baita Emakumeen Txokoko kideek ere. “Parte hartzaileek adierazi digute, oro har, euren aurreikuspenak bete dituela saioak, baliagarria iruditu zaiela eta aurrerantzean gaian gehiago sakontzeko gogoa dutela”. De la Cruzek gaineratu duenez, 65 urtetik gorako emakumeentzako eskaintza zabaltzea gustatuko litzaiekeela ere jakinarazi diete ikastaroan parte hartu duten emakumeek.

Ikusteko dago zer-nolako erantzuna izango duten maiatzerako antolatu dituzten hiru saioek. Ordutegiei dagokienez, Emakumeen Txokoan beste hainbat ikastaro eta ekintza ere egiten dituztenez eta hezitzaileek ere bestelako betebeharrak badituztenez, De la Cruzek onartu du ez dela erraza denak bat etortzea. “Arazo horiengatik, ikastaroren bat egin gabe gelditu gara”. Autonomiari eta bakardadeari buruzko saioa izan zen bertan behera utzi behar izan zutena. “Dena dela, kasu batzuetan, behintzat, posible izan da ikastaroak emakumeek eskatutako ordutegietan jartzea”. 65 urtetik gorako emakumeak hiru saio horietan parte hartzera animatu ditu Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak, eta aurrerantzean ere haientzako saioak antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.