Argi izpi bat bakardadean

Argi izpi bat bakardadean

Eider Goenaga Lizaso

Maria Lakunza, ikasgelan, Rosa Parks autobusean bezala irudikatzen du Luis Garbaio idazle eta kazetariak (Lizarra, Nafarroa, 1956): bakar-bakarrik. Izan ere, ikasketa prozesu osoan emakume bakarra izan zen gelan; bakarra batxilergoan, bakarra zuzenbide ikasketetan… Ibilbide profesionalean ere Lakunzak (Iruñea, 1900-1984) “genero bakardade izugarria” pairatu zuela dio Garbaiok.

Gipuzkoako abokatuen elkargoko —garai hartan Donostiako elkargoa zen— lehen emakumea izan zen Lakunza. 1927ko otsailean kolegiatu zen, eta 1931n Clara Campoamor hasi zen arte ez zen beste emakume abokaturik izan lurraldean. Nafarroan, berriz, 1927tik 1933ra emakumezko abokatu bakarra izan zen.

Garbaiok Nafarroako abokatuen elkargoaren 200. urteurrenerako lan bat egiten ari zela jakin zuen Lakunzaren berri. Aitzindaria izan zen arren, ohartu zen haren izena ez zuela inoiz entzun. “Garai hartako beste emakume abokatuen izenak ezagutzen nituen, ibilbide politikoa egin zutelako, erbestera joan zirelako… baina Mariari buruz ez zegoen ezer. ‘Hemen istorio bat dago’, pentsatu nuen, eta ikertzen hasi nintzen”. Horrela konturatu zen Gipuzkoan ere lehen emakumea izan zela abokatuen elkargoan.

Zerbait egitea erabaki zuen Garbaiok, eta liburu hau da emaitza: Un momentu en la luz (Momentu bat argitan). Gipuzkoako eta Nafarroako abokatuen elkargoaren laguntzaz argitaratu du.

Garbaiok ez du erraza izan Lakunzaren biografia idaztea. “Haren eskutik idatzitako ia ezer ez dago, eta ondorengoei ez zien inoiz hitz egin gerra aurreko bizimoduaz. Hil ostean semea amaren gauzetan begiratzen hasi zenean aurkitu zuten, adibidez, Mariaren toga”. Testigantza zuzenik ezean, artxiboetan miatuz eta testuinguruari erreparatuz osatu du Lakunzaren biografia.

II. Errepublikaren aurretik, Espainiako Estatuan soilik sei emakume aritu ziren abokatu: Clara Campoamor, Victoria Kent, Matilde Huizi, Concha Peña, Ascension Chirivella eta Lakunza bera. “Euren militantzia politikoagatik, besteek proiekzio publikoa izan zuten gerora ere. Mariaren kasuan, badirudi abokatu jardutea zuela asmo bakarra, baina nik jakin nahi nuen zer gertatu zen harekin”.

Ohiz kanpokoa

Emakume batek ikastea “ohiz kanpokoa eta salbuespenezkoa” zen garaian ikasi zuen Lakunzak. “Batxilergoko urteetan, Maria izan zen institutuan gelako neska bakarra. Zuzenbideko lehen ikasturtean, Zaragozan (Espainia), fakultateko emakume bakarra izan zen, eta Madrilen, hurrengo lau ikasturteetan, berdin”. Ikasketak bere kasa egiten ari zen beste emakume nafar bat ere bazen Madrilen, Matilde Huizi, baina hura ez zen joaten eskoletara.

Garbaioren ustez, “genero bakardade” horri aurre egin izanak erakusten du Lakunzarentzat Zuzenbidea ikasteak zuen garrantzia. Ikasketek, ordea, ez zuten bidea guztiz irekitzen: gizonak epaile, fiskal eta abar izan zitezkeen; emakumeak, soilik abokatu. Donostiako bulego batean eta Iruñeko beste batean aritu zen Lakunza 1927tik 1931ra, eta ofiziozko kasu bakan batzuk baino ez zituen eraman. “Abokatu izan zitezkeen arren, inork ez zituen kontratatzen”.

1927ko uztailaren 29an egin zuen debuta, Aurizperriko (Nafarroa) gizon bat defendatzen; beste gizon bat suzko arma batekin zauritu izana egozten zioten. Nafarroan gertatutako hilketa bikoitz bat izan zen Lakunzaren kasurik entzutetsuena. Baina apenas egiten zuen lanik, ez Gipuzkoan eta ez Nafarroan. 1927tik 1933ra, kasu bakarra eraman zuen Gipuzkoan, eta lau bakarrik Nafarroan.

Garbaioren arabera, irteera profesional bila joan zen Lakunza Madrilera, bide pribatutik zereginik ez zuela ohartu ostean. “Orduko emakume abokatuetako bakar bat ere ez zen bizi abokatu izatetik: beste lanen bat zuten denek. Errepublikarekin, aukera gehiago ireki zitzaizkien emakume abokatuei, baina ordurako erabakia hartua zuen Lakunzak”. Ekainaren 25ean iritsi zen Madrilera, Errepublikak bi hilabete baino ez zituela, eta, 1932ko apirilaren 30ean, Nekazaritza Ministerioan hasi zen lanean.

Funtzionario izateko oposizioak egin zituen uztailean. “Aurkeztu zen oposizio guztietan lehen emakumea izan zen Maria”. Bigarren postua lortu zuen, eta hori izan zen goranzko bidearen hasiera. Urtean 2.500 pezeta (15 euro) kobratzetik 1937an 7.500 kobratzera iritsi zen (45 euro). 1933tik Nekazaritza Erreformarako Institutuan aritu zen lanean, eta Europako nekazaritza erreforma ikuskatzera ere bidali zuten, idazkari gisa, pasaporte diplomatikoarekin.

1936ko abenduan, Madrildik Valentziara (Herrialde Katalanak) deitu zuten lanera, gerraren ondorioz han baitzuen egoitza Errepublikako Gobernuak. 1939an funtzionario publikoen depurazioa sufritu behar izan zuen, eta prozesuan bere burua defendatu zuen. “Harena ez zen kargu politiko bat, baina Errepublikako Gobernuaren aldekoa izatea egotzi zioten depurazio espedientean. Eta auzibidean berak ukatu egin zuen arren, garai hartan haren ideiak ezkerraren gertukoak zirela uste dut”. Zigor gisa, hainbat kargu betetzeko inhabilitazioa ezarri zioten, eta Sevillara (Espainia) bidali zuten. “Uko egin zion Sevillara joateari eta ibilbide profesionala osatzeko egindako ahalegin guztiari”.

Valentzian bizi izan zen Lakunza, 1984an hil zen arte: “Pena da nola egin zion uko aurretik egindako guztiari. Hain gogorra izan zen harentzat, nahiago izan zuen erabat ahaztea, eta senitartekoei ere ez zien ezer kontatu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.